Osasun Sistema Hedatuan, eta hori aktibatzen lan egiten du Innobasquek, pertsonak eta horien inguruneak faktore erabakigarriak dira gizabanakoen osasunerako, osasun-sistema bera baino ere gehiago.

  • Deustuko Unibertsitateak, Gasteizko Udalak UPV/EHUrekin batera eta ULMA taldeak Innobasquek sustaturiko Gosasun mugimenduaren zigiluak jaso dituzte, bizi-ohitura osasungarriak, jarduera fisikoa eta osasun emozionala sustatzeko proiektuengatik.
  • Jaioberriak monitorizatzeko kit bat; errehabilitazio fisiko eta emozionala paddle board, yoga eta naturaren bidez; mendekotasuna dutenentzako laguntza, txakurrak erabiliz; ongizate-oinetakoak 3D-n inprimatuta; eta ablazioaren aurkako kanpaina: horiek dira Crowdsasuna 2014ko 5 proiektu finalistak; eta Crowdsasuna Innobasqueren kanpaina da osasun-arloko proiektu berritzaileentzat finantzaketa kolektiboa aurkitzeko.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb) Argazki 1

Donostia, 2014ko maiatzaren 13a. “Osasunean berrikuntza egitea, guztion zeregina” jardunaldian Osasun Sistema Hedatua ezagutarazi da, eta horrek pertsonen eta horien (hezkuntza-, lan- eta komunitate-) inguruneek guztion osasunean duten eragina eta erantzukizuna azpimarratu ditu. Innobasqueren Efiosasun dinamika lanean ari da hori aktibatzeko, eta osasuna Euskadirako lehiakortasun- eta osasun-iturri bihurtzea da helburua. Baita ere aztertu da Eusko Jaurlaritzaren “2013-2020 Osasun Plana”, eta Osasuna gizarte osoak partekaturiko erantzukizuna dela jasotzen da bertan. Gainera, Deustuko Unibertsitateak, Gasteizko Udalak UPV/EHUrekin batera eta ULMA Taldeak Gosasun mugimenduaren hiru zigiluak jaso dituzte, eta horrela hiru ardatz hauen -elikaduraren, jarduera fisikoaren eta osasun emozionalaren- inguruan bizi-ohitura osasungarriak hartzea sustatzen duten proiektuak martxan jarri izana aitortu zaie. Gero Crowdsasuna 2014ko bost proiektu finalistak ezagutarazi dira, osasun-arloko proiektu berritzaileentzako finantzaketa kolektiborako kanpaina, alegia. 

Innobasqueren Astearte honetan parte-hartzaileak hauek izan dira: Jon Zuazagoitia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendariordea; Francisco Gomez, Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren unitateburua; Iñaki Igarzabal, ULMA Taldean lan-segurtasun eta osasunaren koordinatzailea; Susana Gorbeña, Deustuko Unibertsitatearen “Deustu Osasungarri” Osasun Gida-Planaren koordinatzailea; Begoña Pecharromán, Cuidadano ataria; Jesús García, Munduko Medikuak-Euskadi elkartekoa; Fabián Morales, Social Sound-ekoa; Mikel Rotatetxe, GoazenUpekoak; Saioa Arrizabalaga, Aurrera Aterakoa; Javier Bustamante, The Open Shoesekoa; Carolina Rubio, Lola Elejalde eta Txema Villate, Innobasqueko programa-zuzendaria, dinamika-zuzendaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

Orain arte, osasunarekiko erantzukizuna osasun-sistemarena zen, baina Innobasquek pertsonengan eta horien inguruneetan jartzen du arreta. Paradigma berri hau osasunaren sustapen, prebentzio eta zaintzan oinarritzen da eta ez sendaketan bakarrik, eta hemen gizabanakoa gai da osasun-politiken diseinuan parte hartzeko, baita bere osasunari buruzko erabakiak hartzeko ere. Honela, orain arte osasunari buruzko inguruneak osasun-etxe eta ospitaletara mugatzen baziren, Innobasquek etxe, ikastetxe, lantoki eta abarretara hedatzen ditu. Horren haritik, normalean ez-sanitariotzat jo izan ditugun eragileek berrikuntza-gaitasun handia dute Euskadi lurralde lehiakor bihurtzeko bizi-kalitate egokiarekin.

Gosasun: bizi-ohitura osasungarriagoak

Gosasunek helburu hau lortzen laguntzen du. Elikaduran, jarduera fisikoan eta emozioen kudeaketan bizi-ohitura osasungarriagoen aldeko mugimendua da, eta 80 erakunde baino gehiago daude mugimenduari atxikita. Gizarte-aldaketa lortu nahi du gizabanako bakoitzaren konpromiso pertsonalen eta bere inguruneen bidez. Deustuko Unibertsitateak, Gasteizko Udalak UPV/EHU-rekin batera eta ULMA Taldeak Gosasun mugimenduaren zigiluak jaso dituzte, eta horrela elikaduraren, jarduera fisikoaren eta osasun emozionalaren inguruan bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dituzten proiektuak martxan jarri izana aitortu zaie.

Deustuko Unibertsitateari bere Osasun Gida-Plana aitortu zaio, horrekin Unibertsitate Osasungarrien Espainiako Sarean sartu baita; “osasun biopsikosozial ezin hobea bilatzen du, bizi-kalitate gero eta handiagoa eta ongizaterako orientabidea”, 20 ekintzatan gauzatzen diren zeharkako 9 lerro garatuz. Bestalde, Gasteizko Udalak eta UPV/EHUko Farmazia Fakultateak Gosasun zigilua jaso dute haurren artean fruta eta barazkien kontsumoa sustatzeko programa integrala garatu dutelako. ULMA Taldeak ere jaso du zigilua lan-ingurunean Osasuna sustatzeko “Izan osasuntsu” programarengatik. 

Crowdsasuna 2014ko 5 proiektu finalista

Bestalde, finantzaketa kolektiborako ekinbidea den Crowdsasunaren bidez, osasun-arloko proiektu berritzaileak bultzatzen dira “la Caixa” Gizarte Ekintzaren laguntzari esker. Gaur goizean eman dira ezagutzera bost proiektu finalistak, eta horietarako ekarpenak maiatzaren 20tik aurrera egin daitezke, Goteo Euskadi plataformaren bidez. Proiektuak hauek dira: jaioberriak monitorizatzeko kit bat (Babyduino); errehabilitazio fisiko eta emozionala paddle board, yoga eta natura uztartuz (GoazenUp); mendekotasuna dutenentzako laguntza, txakurrak erabiliz (Tantaka Lagunduz); ongizate-oinetakoak 3D-n inprimatuta (The Open Shoes); eta Euskadin bizi diren afrikar neskatilen ablazioaren aurkako kanpaina (Munduko Medikuak-Euskadi).

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki honetara, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau