Kafea aitzakia izan da, eta oinarrian eztabaida sakona. Bilbo eta Donostian abiatu da goizean Woka Euskadi, eta arratsaldean itxi Gasteizen, Innobasque-k sustatu duen gizarte-mobilizazioko egun honetan. Ekimenaren antolatzaileak oso pozik agertu dira, “jasotako erantzuna oso ona izan delako, batetik, eta lanerako formula honek kooperazio-bide oso interesgarria abiarazi duelako, bestetik”, Pedro Luis Uriarte Berrikuntzaren Euskal Agentziako Presidentearen esanetan.


Uriarte Woka Euskadiren
lehen ekitaldian izan da, Bilboko Alkatea Iñaki Azkuna eta Bizkaiko Foru
Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomia Sustapenerako Zuzendaria Antonio
Gallarretarekin batera. Ordu berean hasi da, halaber, Donostiako elkarrizketa,
eta horretan Innobasque-ko Zuzendari Nagusia Txema Villate eta Berrikuntza eta
Ezagutzaren Gizarteko Foru Diputatua den Jose Ramon Guridi izan dira
hizketaldiari ekin diotenak, atari zabalean, Gipuzkoa Plazako aterpeetan.
Arratsaldeko Woka Euskadi zentrala Gasteizen egin da, Arrantxa Zenarruzabeita
Berrikuntzako Foru Diputatua bertan izan dela.

Pedro Luis Uriartek lehen
eta azken saioan hartu du parte, eta Gasteiztik eman du balorazioa: “1.000
mahaitik gora elkartu dira, eta handik datorkigun ikuspegia aniztasunaren isla
da, gizarte anitzaren zalantzak, ziurgabetasunak eta itxaropenak. Zaila da ordu
honetan entzundako guztia laburbiltzea, baina etengabe entzun duguna oso garbi
dago: gutariko bakoitzaren, enpresaren eta gizartearen beraren baloreak errotik
aldatu behar ditugu”.

“Batera pentsatu eta egin”

Egunak aurrera egin
ahala, ezarritako helburuak gaindituz joan dira eta azkenean, 5.000 lagunetik
gora izan dira Innobasque-k sustatu duen eztabaida honetan, “Berrikuntza eta
Sormenaren Urte Europarra” ekimenaren barruan antolatua. 125 erakundek (enpresa
handi, ertain eta txiki, gizarte-erakunde, sektoreko elkarteak, eta abar) hartu
dute parte deialdi honetan.

Innobasque-k
mobilizazio-ekimen honen irismena azpimarratu egin du, bere iritziz, herritar
guztiei beren iritziak eta proposamenak helarazteko bozgorailua eskaintzen
duelako, edozein delarik pertsona horrek bere enpresa edo erakundearen barruan
duen tokia edo erantzukizuna. “Ez da adituen arteko eztabaida teknikoa antolatu
nahi izan duguna; gutariko edonork parte hartzeko moduko elkarrizketa sortu da
Wokan, guztiok ere, konpromisotik abiatuta, Euskadiko Bigarren Eraldaketan
parte hartu ahal izateko”, Pedro Luis Uriarteren esanetan.

Egunean zehar,
elkarrizketa hauek, Woka hauek, bata bestearen atzetik egin dira hainbat
tokitan. Guztien isla interneten ere izan da, atzo Interneteko Eguna zela eta,
ordu batzuetan aurreratu zelarik Woka Birtuala. Horrez gainera, egunean zehar
gertatutakoaren berri zuzenean jarraitu ahal izan dute sareko erabiltzaileek,
ekimenean kolaboratu duten bloglariei esker.

Ekainaren 18an, laburpena eta ondorioak

Gaurko hitzordua Innobasquek bi hilabete hauetan garatu duen sareko hausnarketa-prozesuaren “indar-gunea”
izan da. Denbora horretan, lan-talde espezifikoek eztabaidatu dute, hasierako
gogoeta batetik abiatuta, nolakoa izan behar duen gure ekarpenak, pertsonal eta
kolektiboak, Euskal Ekonomia eta Gizartearen Bigarren Eraldaketa Handirantz
aurrera egiteko.

Jasotako proposamen guztiak jendaurrean aurkeztuko dira Innobasque-k ekainaren 18an Bilbon egingo duen
Batzar Nagusian.

Partekatu albiste hau