Innobasque-ko Presidentea Pedro Luis Uriartek Elkarteko Presidentzian jokatu duen etapa amaitutzat emateko bere erabakia jakinarazi dio Zuzendaritza-Batzordearen Koordinazio-Taldeari. Talde honen bilera joan den uztailean deitu zuen Presideneak, eta bertan parte hartzen dute Batzordeko kargu esanguratsuenek eta arloetako Zuzendaritza-Batzordeetako Presidenteek. Gaurko bileran taldea osatzen duten kide guztiek hartu dute parte.



Pedro Luis Uriartek bere erabakia azaldu du, “gogoeta sakon baten ondorioz
hartutakoa”, bere esanetan. Erabakiaren oinarrian, pisuzko arrazoi pertsonal
eta familiarrak daude, alde batetik, eta bestetik, bere iritziz, aldaketa
ekonomiko eta instituzional sakonak gertatzen ari diren egoera honetan, egokia
da Proiektuaren lehen etapa erabat burutu eta gero, egitasmoaren lehen lerroan
beste pertsona bat jartzea, goi-mailako kualifikazioduna, beti ere.

Horrez gain esan du Innobasque-ren buru jarraituko duela “interes eta
dedikazio berberaz, ni ordezkatuko nauen pertsona Zuzendaritza-Batzordeak
azaroaren 19rako aurreikusita dagoen bere bileran Presidentetzat izendatu
arte”.

Bilera honetan Pedro Luis Uriartek esan duenez, Innobasque, bi urteko
ibilbidea eta gero, “errealitate sendo eta kontsolidatua da, abian jartzerakoan
definitu zen programan ezarri ziren mobilizazio-, difusio, sentsibilizazio eta
eraketa-helburuak aise gainditu dituena. Hori horrela izanik, duela zazpi hartu
nuen konpromisoa betetzat eta amaitutzat eman dezaket. Orduan onartu nuen
konpromisoa bete egin dut, hau da, Proiektua abian jartzea, garatzea eta Euskadiren
etorkizuna berrikuntzarekin estu-estu lotuta dagoela gizartean zabaltzea eta
sentsibilizatzea, eraldaketa sakoneko prozesu baten ondoren, arlo horretan
Europako erreferentea bihurtzeko”.

Gaur egun, Berrikuntzaren Euskal Agentzia – Innobasque 1.053 bazkidek
osatzen dute
, Gobernu-Organoetan 1.121 liderrek parte hartzen dute eta 43
lan-talde (i-Talde)
jarri dira abian. Horrez gain, 106 hitzarmen izenpetu dira,
askotariko erakunde eta talderekin, berrikuntza sustatu eta Euskadin martxan
jarritako ekimen guztien arteko sintonia bermatzeari begira. Bestetik,
Innobasque-k aparteko oihartzuna lortu du mundu osoan (390 aurkezpenetik gora
egin dira eta 83.588 erreferentzia lortu ditu Google bilatzailean). 2009ko
azken hiruhileko honetan euskal esperientzia honen difusioarekin jarraituko da
goi-mailako hainbat forotan, estatuan eta nazioartean.

Koordinazio-Taldeko 15 kiderekin egindako bilera eta  gero, Presidentziaren aldaketaren berri eman
zaie Innobasque-ko bazkideei, Gobernu-Organoetako kideei, bertan parte hartzen
duten erakundeetako goi-ordezkariei eta lan-talde profesionaleko kideei. Horiei
guztiei Innobasque-k aurrez aurre duen etapa berrian proiektuarekiko inplikazio
berritu eta sendoa eskatu die, eta berak ere Zuzendaritza-Batzordeko kide gisa
aktiboki parte hartzen jarraituko duela agindu du, “zinez uste baitut, lehen
bezainbeste, berrikuntza sustatzeko proiektu hau, lortu den mailarekin,
erabakigarria dela Euskadiren etorkizunarentzat”

Hurrengo Zuzendaritza-Batzordearen bilerara arte, azaroaren 19an, Pedro
Luis Uriartek bete egingo ditu hartutako konpromiso guztiak, eta erabateko
normaltasunez jarraituko du bere zereginetan. Horien artean aipatu behar dira,
batetik Presidentziako erreleboa prestatzea, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta
eraldaketa-proiektuaren hurrengo fasea definitzea, hori guztia Innobasque-ko
Gobernu-Organoetako kideekin batera, bertan parte hartzen dutelarik euskal
erakunde publiko guztiek.

Partekatu albiste hau