Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Innobasqueko ohorezko presidenteak, eman dio hasiera Berrikuntzako Euskal Agentziaren Batzar Nagusiari eta adierazi du Euskadin ekonomia berpizten ari dela.

  • Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, nabarmendu du 2014an “800 erakunde baino gehiagorekin lan egin dugula berrikuntza-proiektuetan, gure ekosistema elikatu dutelarik Euskadi berritzaileago bihurtzeko”.
  • Batzarra Global Innovation Day euskal berrikuntzaren hitzordu handiaren esparruan egin da; hau 108 erakundek antolatu dute, 2.500 pertsona bildu dituzte, eta mukuru bete dira Euskalduna jauregiaren 8.000 metro koadroak, 27 hitzaldirekin, 39 tailerrekin (1.270 postu) eta 40 txokorekin.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)Argazkia

Bilbo, 2015eko ekainaren 3a. Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Innobasqueko ohorezko presidenteak, gaur arratsaldean, Bilboko Euskalduna jauregian, Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideen VIII. Batzar Nagusiari eman dio hasiera. Bere hitzaldian Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Euskadin ekonomia berpizten ari dela.  Lehendakariak industriari so egin dio esanez apirilean Industria Produkzioak %5,4 gora egin duela. Zifra honek eta maiatzean ia 6.000 langabetu gutxiago izateak Euskadin ekonomiaren tendentzia aldaketa dagoela berresten duela aipatu du. “Batera jarraitu behar dugu lanean ekonomiaren suspertzearen alde, enplegu aukerak  eta berrikuntza bultzatuz”, ziurtatu du lehendakariak. 

Aurrez Global Innovation Day-ko txokoak eta tailerrak ikusten izan da, esparru horretan egin delarik gero Batzarra. 108 erakunderen ekarpenari esker antolaturiko Euskal berrikuntzaren hitzordu handian 2.500 pertsona izan dira, eta horietako 1.270ek 39 tailerretan hartu dute parte. Baita ere egon dira 40 txoko, 27 hitzaldi eta 10 proiektu joerak erakusteko showcase batean. Lehendakariak lagun izan ditu Alberto García Erauzkin, Innobasqueko presidentea, eta Innobasqueko presidente-ordeak: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta lehiakortasuneko sailburua; Javier Sotil, Mondragon Korporazioko lehendakaria; Javier Ormazabal, Tecnalia eta Velatia-ko lehendakaria; Jesús María Iriondo, IK4 Research Alliance-ko lehendakaria; eta Fernando Cossío, Ikerbasqueko lehendakaria.

Bestalde, euskal berrikuntzaren egungo egoera ezagutzeko batzorde betearazleko beste kide batzuk ere bertaratu dira, besteak beste, Ángel Toña, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua; Jon Darpón, Osasun sailburua; Asís Canales, Iberdrolako Erosketa-zuzendaria; Azucena Castro, Owl Genomics-eko zuzendari nagusia; Matilde Elexpuru, Bizkaiko Emakume Enpresaburuen Elkarteko lehendakaria, edo Jose Ignacio Zudaire,  Petronor-eko Pertsona eta Erakunde Harremanetarako zuzendaria.

Batzarrean Innobasqueko bazkideak izan dira, eta Alberto García Erauzkinek, Innobasqueko presidenteak, nabarmendu du 2014an “800 erakunde baino gehiagorekin lan egin dugula berrikuntza-proiektuetan, gure ekosistema elikatu dutelarik Euskadi berritzaileago bihurtzeko”. Gainera, 2016-2020 denboraldirako hirugarren zikloa markatuko duen planaren diseinua prestatzen ari da Agentzia, “2020. urteari begira egungoaz oso bestelako eszenatoki batean kokatzen laguntzea” duelarik helburu.

Innobasque guztiok gara. Uste dut sare ahaltsua, askotarikoa eta motibatua dugula”, erantsi du, eta hau esanez amaitu du hitzaldia: “indarrak batu behar dira, eta berrikuntza etorkizunaren motor bihurtzen duen joera global batean murgildu”.

Partekatu albiste hau