John Kao munduan eragin handieneko ahotsetako bat da berrikuntza eta sormenari buruzkoetan, eta ongi merezita du “Mr Creativity” ezizena, The Economist aldizkari ospetsuak Kaori eskaini zion azalean proposatua. Bera arduratuko da Zientzia, Teknologia, Berrikuntza, Kalitatea eta Bikaintasunaren Astearen zortzigarren edizioa hasteaz, eta hori azaroaren 9an izango da, astelehena, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.


Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, eta Innobasquek eta Euskalit-ek
koordinaturik, datorren azaroaren 9 eta 22 artean Euskadi osoan egingo den zabalkunde-programa
zabal baten abiapuntua izango da. Ohi den bezala, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari
jauna, Patxi Lopez izango da sarrera-ekitaldiko burua.

John Kao psikiatra da
heziketaz, jazz-musikari profesionala, idazlea, film-ekoizlea eta
unibertsitateko irakaslea. Bere burua “gauza berrien ikertzaile”tzat jotzen du,
eta enpresek eta gobernuek berrikuntza maila guztietan berenganatzea eskatzen
du, berak bere bizitzan eta lanean egin duen bezalaxe. John Kao eremu
guztietako (zientzia, berrikuntza, teknologia berri, aisialdi eta
entretenimendu, eta abarretako) enpresa multzo zabal baten sortzailea da. Bere
enpresa-jarduerari osagai artistikoa ere gehitu behar zaio, “Sex, Lies and Videotape”, “Mr. Baseball” eta “The Golden Child” filmak ekoitzi baitzituen. Jazz-zale handia,
diziplina honek bere lan guztia inspiratu duela aitortzen du, zeren eta “inspirazioaren
eta diziplinaren arteko orekan ikusten baitu erakundeetan instituzionalizatu
beharrekoa”.  Baita ere John Kao irakasle
da Harvard Business School (HSB), MIT-en Media Lab, Yale College eta US Naval
Postgraduate School delakoetan. Bere argitalpenik esanguratsuenen artean
azpimarratzekoak dira “Jamming: The Art and Discipline of Business Creativity” (Jamming:
Negozio-sormenaren artea eta diziplina), 12 hizkuntzetara
itzulia, eta “Innovation Nation”
ospetsua, 2007an negozio-libururik onena bezala hartua, ekonomia eta teknologia
mailan estatubatuarren nagusitasuna eta lidergoa mehatxatzen dituzten aldaketa
globalei buruz eskaintzen duen ikuspegiagatik.

Halaber, enpresa eta
gobernuen aholkulari da (H. Clinton-en berrikuntza-aholkulari USAn, Finlandian,
eta abarretan).  Duela gutxi The Institute for Large Scale Innovation
(ILSI)
sortu du, mundu mailan berrikuntzaren katalizatzaile gisa aritzeko
helburuarekin sortu den think tank bat.
Kaok berak azaldu duenez, bizi ditugun aldaketen erritmoa eta sakontasuna ikusita,
gaur egun nazio edo eskualdeek ez dute gaitasunik banaka testuingurura
egokitzeko, eta garapen eta lankidetzarako ildo komunak ezarri behar dira.
Ingurune horretan, dio Kaok, nahitaezkoa da hurbiltzen ari diren erronka
globalei aurre egiteko berrikuntza-ereduak garatzea, ondorioz berrikuntzak
munduko ongizatean eragin dezan.

Astea

Astea zientzia, teknologia
eta berrikuntzaren gizarte-komunikaziorako Euskadin egiten den ekitaldirik
handiena da, irudimena, sormena eta zientzia-bokazioak sustatzen laguntzen duen
urteroko hitzordua. 2009an Astearen zortzigarren edizioa izango da, eta 200 ekitaldi baino gehiago daude
programatuta publiko guztientzat
. Astean erakunde publiko eta pribatu
nagusiek parte hartzen dute, aipaturiko gai horiekin zerikusia dutenak.
Astearen helburu nagusia gizartearen eta I+G+b artean elkarrizketa hobetzea da,
zientzia, teknologia, berrikuntza, kalitate eta bikaintasunaren garapenarekin
zerikusia duten gaietan herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Aurten Sormenaren eta Berrikuntzaren Europar Urtearen programaren barruan sartzen da Astea, eta hortik hartu du bere goiburua ere: “Imagine.
Create.  Innovate”.

Jarduera hauek egiteko
datak Europako egutegiak ezartzen ditu, eta aurtengo edizioan beste ekitaldi
handi batekin batera suertatu dira gurean: Kalitatearen
eta Bikaintasunaren Astea
, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak
antolatua. Bat etortze hori ikusita eta bi ekitaldien helburuen artean
erabateko sintonia dagoenez, Eusko
Jaurlaritzak,
Innobasquek eta
Euskalitek beren programak bateratzea erabaki dute,
eraginkortasun eta
gizarte-adierazgarritasun handiagoa izateko.

Esan bezala, hasierako
hitzaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da, azaroaren 9an,
17:30etik aurrera. Ekintza honekin Astean parte hartzen duten erakundeek beren
laguntza eman nahi diote Donostia egiten ari den ahaleginari Kulturaren Europako Hiriburu izan dadin
2016an
, honek hiria bera, Gipuzkoa eta Euskadi osoa proiektatzeko helburua
duelarik.

Partekatu albiste hau