Irungo Udalak (Gipuzkoa) lankidetza-akordioa egin du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin, elkarrekin lan egiteko Euskadiko bigarren eraldaketa ekonomiko handiaren sustapenean.

José Antonio Santano y Pedro Luis Uriarte, en el acto de la firma del acuerdo

José Antonio Santano eta Pedro Luis Uriarte, hitzarmena sinatzeko ekitaldian

Hitzarmena Pedro Luis Uriartek –Innobasqueko lehendakariak- eta José Antonio Santanok –Irungo alkateak- izenpetu dute. Alkateak honela definitu du bere udalerria: “hiri dinamikoa da, bizia, europar bokazioa duena; bere eskualdean ia 100.000 biztanle daude, Baiona-Donostia korridorearen bihotzean dago, multzo honetan milioi-erdi pertsona daudelarik”.

Gaur izenpeturiko hitzarmenaren bidez, bai Irungo Udalak eta bai Innobasquek aktiboki lan egiteko konpromisoa hartu dute bigarren eraldaketa ekonomiko handia bultzatu eta garatzeko: Innobasquek Euskadin berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko tresna gisa, eta Irungo Udalak bere udalerrian aliatu estrategiko gisa.

Irungo Udalak eta Irun 2020 Bulego Estrategikoak eztabaida-prozesua hasi dute 2007an, herritar guztientzat irekia, ahalik eta adostasunik handienaz hiria garatzeko proposamen zehatzen zerrenda egin eta gero Irun 2020 Plan Estrategikoan sartzeko.

Akordioaren helburua bi erakundeen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparrua ezartzea da ondorengo eremu hauetan:

  • Berrikuntza: termino hau -zeharka- hiriaren bizitzan sartzea, garrantzi berezia emanez etorkizunean abian jartzen diren garapenetan (enpresa, erakunde, hezkuntza, gizarte eta gainerako arloetan).
  • Lurraldea eta Natura: gizakiok bizi eta mugitzen gareneko ingurunea. Lurraldearen ikuspegitik, baina baita gure ingurune naturala balioztatzearen ikuspegitik ere.
  • Barne Kohesioa: Hiria osatzen dugun pertsona guztiona. Gure hausnarketan sartu beharreko funtsezko bi gai hauek dira: etxebizitza eta solidaritatea, “Irun hiri globalean”.
  • Kultura eta aisialdia: Hiritar bizitza, kultur giroa garatzea hirian. Arte-adierazpenerako eta aisialdirako guneak.

Akordio honek, indarraldi mugagabea izango duelarik, elkarren arteko jardunerako oinarriak ezartzen ditu; horiek zehaztu eta lankidetza-ildoak ezarriko dira, eta gero Jarduera Programa espezifikoak sortuko dira.

Innobasque elkarte pribatua da, irabazi asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza koordinatu eta bultzatzeko sortua, espiritu ekintzailea eta sormena sustatuz. Agentziaren helburua Euskadiko ekonomia eta gizartearen bigarren eraldaketa-prozesuan lider izatea da, eta Euskadi Europan erreferente bihurtzea berrikuntza-gaietan. Gaur egun 500 bazkide baino gehiago ditu Innobasquek.

Partekatu albiste hau