- Seihileko honetarako aurreikusitako dohainik diren ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bloke bakoitza profil jakinen beharrizanetara egokiturik dago: ETEak, I+G+ b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresak eta erakundeak eta Agentziako bazkideak
- Jakintzaren esparru bakoitzeko adituek eta profesionalek emango dituzte ikastaroak, xede eta asmo praktiko nabarmenarekin: parte hartzen duten enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzailea hobetzea
- Prestakuntza-eskaintza horren plangintza horren bidez, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren helburua da enpresei eta erakundeei berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko bidea erraztea
- Aurreko urtean 433 euskal erakundeek hartu zuten parte formakuntza-programan, eta, batez beste, 10etik 8,5eko balorazioa eman zioten ebaluazioetan
Innobasque, 2025ko urtarrilaren 28a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 2025ko lehen seihilekorako doako formakuntza-eskaintza aurkeztu du, helburu garbi batekin: Euskadiko enpresa eta antolakundeen gaitasun berritzaileak hobetzea.
Urteko lehen seihilekoan, otsailean hasi eta ekainean amaitu, 24 ikastaro izango dira “Formakuntza Berrikuntzan” programaren baitan. Hiru bloketan egituratuta daude ikastaroak, eta bloke bakoitza profil jakin bati zuzenduta dago: batetik, ETEak; bigarrenik, kanpoko merkatuan interesa duten enpresak edo antolakundeak; eta, azkenik, erakunde bazkideak. Nolanahi ere, bloke eta ikastaro guztietan berrikuntza praktikoa izango da ardatz eta oinarri.
Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez, jarraibideak eta tresnak ematen dizkie praktikan jartzeko, eta, orobat, sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera. Katalogo osoa, ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunekin, eskuragarri dago jada Agentziaren webgunean.
Euskadiko hiru lurralde historikoetan egingo dira “Formakuntza Berrikuntzan” programako ikastaroak, Innobasquek konpromiso irmoa baitu berrikuntza lurralde osoko enpresa eta antolakunde guztietan ezartzeko, eta haiei kalitatezko prestakuntza-eskaintza bideratzeko.
Aurreko urtean, 433 euskal antolakundek hartu zuten parte formakuntza-programan. Partaideek, gainera, ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,5 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.
ETE-entzako berariazko ikastaroak
Lehen blokean, hamar langile edo gehiagoko ETE-entzat diseinatutakoan, seihileko honetako programak intereseko zazpi esparru hauek ditu ardatz: pertsonak, teknologia, merkatua, produktua, negozio-ereduak, berrikuntzaren kudeaketa eta finantzaketa.
“ETE-entzako formakuntza berrikuntzan” eskaintza osatzen duten hamabi ikastaroak otsailaren 27an hasiko dira, eta aurrez aurreko formatuan egingo dira hiru lurralde historikoetako hainbat lekutan.
Gipuzkoan, Donostiako hainbat kokagunetan egingo dira ikastaroak, eta gai hauek landuko dira: markaren estrategia, produktu propioa sortzea, merkatuaren monitorizazioa eta industriako marketin digitala.
Bizkaiko ikastaroak Bilboko BAT Dorrean eta Innobasqueren egoitzan izango dira (Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derio Campusa). Bizkaian, gai hauek jorratuko dira: talentuaren kudeaketa, enpresen eraldaketa adimen artifizialaren bidez, bezeroak erakartzeko baliozko proposamenak zehaztea, salmenta osteko zerbitzuetan estrategia berritzaileak ezartzea eta berrikuntzaren kudeaketa ETE-etan.
Araban, Euskadiko Teknologia Parkeko Gasteizko campusean zehazki, bi ikastaro izango dira: bat, pertsonen konpromisoaren kudeaketari eta horrek laneko absentismoarekin duen loturari buruzkoa, eta bestea, taktika komertzial eraginkorra garatzeko jakintza eta tresnei loturikoa.
Europako laguntzei buruzko ikastaroak
Bigarren blokea I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuei zuzendurik dago.
Kasu honetan, martxoaren 18tik aurrera, hiru formakuntza izango dira Innobasque, Euskal Berrikuntza Agentziaren Zamudioko egoitzan. I+G+b arloaren nazioartekotzea xede duten Europako programen alderdi oinarrizkoenetatik hasi eta aurreratuenetara aztertuko dira ikastaro horietan.
Lehen ikastaroa martxoaren 18an izango da, eta Europako programen oinarrizko ezaguerei buruzkoa izango da. Horren ondoren, Horizon Europe programak eskaintzen duen Lump Sum finantzaketa ereduari buruzko formakuntza bat izango da, apirilaren 8tik aurrera.
Nazioartekotzea ardatz duten formakuntza amaitzeko, Horizon Europe programarako proiektuak prestatzeko ikastaro aurreratua izango da, apirilaren 29an hasita. Formakuntza horretako saioetan, hainbat gako eta argibide emango dira Europako programa horretan arrakastarako aukera gehiago izateko, eta, era horretara, finantzaketarako aurrekontu handiagoa lortzeko.
Bazkideentzako ikastaroak
Azkenik, Innobasqueren seihileko honetako prestakuntza-eskaintza osatzen duten hiru blokeetan azkena Agentziako bazkideentzat diseinatuta dago berariaz.
Gaur egun 900 bazkide baino gehiago ditu Innobasquek, eta haientzat berariaz prestatutako kapitulua otsailaren 10ean hasiko da: hezkuntzaren arloan adimen artifizial sortzailea (AAS) ezartzeko tailer praktiko bat izango da, hain zuzen. Ikastaro espezializatu horren ondoren, izaera orokorreko beste bat izango da gai berari buruz, adimen artifizialaren gaia beste antolakunde tipologia batzuetara eta enpresa-sektore batzuetara zabaltzeko asmoarekin. Etorkizuneko joerei loturiko formakuntza osatzeko, beste ikastaro hauek ere izango dira lehen seihilekoan: berrikuntzako erosketa publikoari buruzko tailer praktikoa, AASan oinarritutako berrikuntza areagotuari buruzko ikastaroa eta “Espezialistak ez direnentzako teknologiak” ikastaroa. Horien guztien bidez, erakunde bazkideei tresna eta ezaguera berriak eskaini nahi dizkie Innobasquek, ingurune aldakor honetako erronketara egokitu ahal izateko.
Berrikuntzaren kudeaketa da Agentziak erakunde bazkideekin landu nahi duen beste gaietako bat, eta urteko lehen seihilekoan, ikastaro hauek eskainiko ditu horri loturik: “Berrikuntzaren ABCa”, berrikuntza estrategiarekin lotzen laguntzen duten tresnak eta prozesuak eskaintzeko; “Roadmapping teknologikoa”, teknologiak identifikatzen eta ezartzen eta merkatura iristen lagundu dezakeen bide-orria sortzeari buruz; eta, azkenik, berrikuntzako megajoerak ezagutzeko eta horiek enpresen erabakietan txertatzeko prestakuntza.
Erakunde bazkideei bideratutako prestakuntza osatzeko, I+G arlorako eta berrikuntza teknologikorako dauden pizgarri fiskalen azken berrikuntzei buruzko ikastaro praktiko bat izango da. Arlo horretan dauden onura eta erraztasunen gaineko informazio osoa emango zaie enpresei ikastaro horretan.
Formakuntza-katalogo berria hemen
Harremanetarako:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]