Gasteiz, irailaren 11.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuarekin eta Jesus Peña Lehendakaritzako idazkari nagusiarekin batera, Innobasqueko batzorde betearazlea hartu du, Manuel Salaverria presidentea buru zela. Bileran zehazki aztertu dira Euskadiren bi erronka, hots, ETEetan berrikuntza hobetzea eta haur eta gazteen artean zientzia, teknologia eta berrikuntzako bokazioak sustatzea.

Testuinguru honetan eta Innobasqueko bazkideek ekainean, Urkullu lehendakaria buru zela, egindako Batzarraren ondoren, gaur Innobasque 2020 plan estrategiko berria aztertu da, ardatza erakunde txiki eta ertainetan (ETE) jartzen duena, betiere Euskadin berrikuntzari ─teknologikoari eta ez teknologikoari─ beste bultzada bat emateko helburuaz.

Innobasquek 2030erako ikuspegia du, erakundea bera baino harago doana: Europako berrikuntzan lider diren 50 eskualdeen artean kokatzea Euskadi. Gaur egun, Euskadi Espainiako eskualde bakarra da, eta Europa hegoaldeko eskualde bakanetako bat, Europako Batzordeak “berrikuntza handiko”tzat joa. Azken “Berrikuntzaren Innobasque Txostenak”, Europako beste eskualdeekin alderatuta, Euskadiren indargune nagusitzat jotzen ditu, gure hezkuntza-maila eta berrikuntzaren eragin ekonomikoak. Hala ere, euskal ETEen berrikuntza-jarduera azpimarratzen du hobetzeko gune nagusi gisa.

ETEek, euskal enpresa-sarearen % 95 baino gehiago izanik, eragin handia dute Euskadik lurralde lehiakor eta ongizate-sortzaile izaten jarrai dezan. 200.000 enpresa baino gehiago dira, eta hauen etorkizuna berrikuntzatik igarotzen da, ez bakarrik hor dagoelako beraien biziraupena, baita enpresa handiek hornitzaile edo balio-kate gero eta berritzaileagoak behar dituztelako ere.

Innobasquek erronka honi bere plan estrategikoaren bidez erantzuten dio, lau jarduera-eremu zehaztuz: prospektiba, ebaluazioa eta politikak, diseinua eta bazkideekin esperimentazioa, eta itunak eta sareak.

Honela, Innobasquek aukera berriak identifikatzen ditu, zientzia, teknologia eta berrikuntza-politiketan prospektiba sartuz, baita etorkizuneko joeren eragina aztertuz ere, bai Berrikuntzaren Euskal Sisteman eta bai Euskadirentzat lehentasunezkoak diren jarduera-eremuetan.

Halaber, herri-administrazioei laguntzen die zientzia, teknologia eta berrikuntzako politiketan, eta hezkuntza, enplegurako prestakuntza eta berrikuntza publikoko politiketan eragiten du ingurune mesedegarria sortzeko xedearekin.

Plan estrategiko berriak Innobasquek berrikuntzaren GPS gisa duen eginkizuna ere kontuan hartzen du, eta enpresak berrikuntzarako irtenbideak eman diezazkieketen eragileengana bideratzen ditu.

Plan honen laugarren zutabeak Innobasqueren lanaren garapena zehazten du lankidetzan eskalatu ahal izateko, itunen bidez eta tokiko eta nazioarteko sareetako partaide izanez.

Ikuspegi berria da, euskal enpresekin/erakundeekin eta eragile sozioekonomikoekin elkarrizketaren eta baterako lanaren oinarrian sortua, Euskadiren indarguneak sendotzeko berrikuntza-gune gisa Europan, baita bere ahuleziak minimizatzeko ere.

Partekatu albiste hau