INNOBASQUE, 2019ko uztailaren 24a.- INNOBASQUE-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere Gizarte Berrikuntzako Proiektuen (GBP) hirugarren deialdia egin berri du, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planari (ZTBP) emandako bultzadan sartzen den ekimena, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzarekin lankidetzan. Euskadin gizarte-eraldaketako gaitasuna duten ideiak suspertzea du helburu, eta aldi berean egiaztatzea ea honelako proposamenei hasierako diseinu-fasean ematen zaien laguntzak lortzen ote duen beraien kopurua eta kalitatea gehitzea.
ZTBPren arabera, merkatuak eta sektore publikoak egoki ase gabeko gizarte-premiak asetzeko era berriak bilatzen ditu gizarte-berrikuntzak. Portaera-aldaketak ere sorrarazi nahi ditu, erronka handiak konpontzera, harreman eta lankidetza-eredu berriak sorraraztera bideratuak. Horren haritik, gizarte-berrikuntzak era integral eta egituratuan bakarrik erantzun diezaieke zeharkako erronkei, adibidez enpleguari, bereziki lotua egoera kaskarrean edo bazterketa-arriskuan dauden gizataldeei, baita beste erronka batzuei ere, adibidez, hiri-berroneratze, hezkuntza, zahartze, gizarte-kohesio edo genero-arrakalari.
Gizarte Berrikuntzako Proiektuen lehen edizioan, 2017. urtekoan, Innobasquek 57 proposamen jaso zituen guztira, eta zegokien analisi eta balorazio-prozesuaren ondoren, haietatik 14 onartu ziren. 2018ko bigarren edizioan 42 proposamen jaso ziren guztira, eta horietatik 15ek jaso zuten laguntza. Bi kasuetan finantzaketa publikoa 200.000 eurokoa izan zen, Lehendakaritzak kudeatzen duen Berrikuntza Funtsak ordainduta.
Proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeek irailaren 7ra arte dute beren proposamenak formulatzeko, eta hil bereko 23an iragarriko dira hautatzen direnak. Deialdiaren oinarriak jada eskura daude INNOBASQUEko webgunean, eta xehetasun guztiak dituzte epe, prozedura eta balorazio-irizpideei dagokienez; ondorengo estekan kontsulta daitezke: https://www.innobasque.eus/microsite/diseno-y-experimentacion/pis-proyectos-de-innovacion-social/pis-proyectos-de-innovacion-social/
Aurrez aipaturiko eremu horietan ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak egiten dituen edozein erakundek parte hartu ahal izango du, hautagarria baldin bada aurkezten den finantzaketa-programen (Europako Batzordearen eta tokiko, eskualdeko, estatuko edo nazioarteko beste herri-administrazio batzuetakoen) baldintzapean. Azkenean onarturiko proposamenek gehienez 15.000 euroko dirutza jaso dezakete Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsaren kargura, nahiz eta erakunde batek proiektu bat baino gehiago aurkez ditzakeen. Eta proiektu zehatzetan gauzatu beharko dira aurtengo abenduaren 31 baino lehen.
Bereziki balioetsiko dira Europako Batzordeak eta beste herri-administrazio batzuek (tokiko, eskualdeko, estatuko edo nazioartekoek) honelako gizarte-ekimenak finantzatzeko dauzkaten programetara bideratzeko ahalmena duten proposamenak, eta zehatzago esanda, H2020, Erasmus+ eta Europako Gizarte Funtsaren esparruan Europako deialdietara aurkez daitezkeen proiektuak.
Iaz, besteak beste, Azaroa Fundazioa, Urola Kosta, Lantegi Batuak edo Deustuko Unibertsitatea baliatu ziren laguntza hauez. Eta diruz lagundutako proiektuen artean, Europako Gazta Azoken Sare bat eta Udalerri Solidarioen beste bat egon ziren, eta zenbait ekimen: hezkuntza inklusibokoa, senior langileentzako prestakuntza digitalekoa edo etorkinen bizi-kalitatea hobetzekoa IKT soluziobideen bidez, baita pertsona nagusiei arreta eskaintzeko beste soluziobide bat ere giza itxurako robot bat erabiliz.