Hitzarmenak ekintza-plana ezartzen du gizarte-enpresa berrien sorrera sustatzeko, eta EUTOKIA sustatuko du gizarte-ekintzaile berritzailearentzat erreferentzia- eta babes-gune izateko.


Prentsa oharra deskargatu (PDF, 863 Kb)

  • Bi erakundeen ordezkariek lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur goizean EUTOKIAk Bilbon dituen instalazioetan.
  • Hitzarmenak ekintza-plana ezartzen du gizarte-enpresa berrien sorrera sustatzeko, eta EUTOKIA sustatuko du gizarte-ekintzaile berritzailearentzat erreferentzia- eta babes-gune izateko.
  • Hitzarmena INNOBASQUEren Laugarren Sektorearen dinamika eraldatzailean kokatzen da, eta gizarte-xedeekin enpresa-jarduera garatzea da bere helburua.

Bilbo, 2011ko martxoaren 8a. Gaur goizean José María Villatek –INNOBASQUE-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak– eta José Antonio Sáez de Ocárizek –EUTOKIA-Ekintzailetza eta Berrikuntza Sozialeko Zentroa proiektuaren koordinatzaileak– lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gizarte-enpresa berritzaileak sortzea bultzatuko duen ekintza-plana abian jarri eta garatzeko; bide batez, EUTOKIA erreferentzia-gune bihurtuko da gizarte-ekintzailearentzat.

Erakunde sinatzaileen artean baterako ekintza-planaren oinarriak ezarri ditu Hitzarmenak, eta 2011n hedatuko da ondorengo helburu hauekin:

  • EUTOKIArekin kolaboratzea gizarte-enpresa berritzaile berrientzat espazio-gune gisa ikusgai izan dadin.
  • Gizarte-ekintzailetzarekin loturiko ekintza, kanal eta sareak sortu eta sustatzea, bai erakunde laguntzaileenak beraienak eta bai EUTOKIArekin eragin-truke edo interakzioan ari diren eragileenak.
  • EUTOKIAk bere zentrora erakarri nahi dituen ekintzaileentzat informazio-sistemak eta topaketa-gune fisiko eta birtualak aktibatzea.

Bi erakundeei beharrezkoa iruditzen zaie gizarte-ekintzailetza berritzailea bultzatzea eta gizarte-enpresak bere ingurune sozio-ekonomikoan aberastasuna sortzeko duen ahalmenaz sentiberatzea, Euskadin gizarte-berrikuntza bultzatzeko betiere.

EUTOKIA gizarte-ekintzailearentzat erreferentzia-gune bihurtzeko helburuarekin, INNOBASQUEk bere gizarte-ekintzailetzako i-Taldea eta hortik sorturiko ekintza guztiak EUTOKIAra aldatuko ditu, horrela hau bistaratzen lagunduz.

Hitzarmena oso onuragarritzat jo dute sinatzaileek. Horrela, Innobasquetik, bere zuzendari nagusia den Jose Maria Villatek zera esan du: “gizarte-ekintzailetza enpresa-hazkunderako bide suspergarria da, kultura berritzaile iraunkor bat garatzeko beharrezko balioak dituena”. Eta gaineratu du: “Hitzarmen hau izenpetzean loturaksortzen ari gara gizarte-enpresa berritzaileen sorrera bultzatzen jada erreferentzia diren eragileekin, horixe izanik Eutokiaren kasua”. “Uste dugu eragimena bilatzen jarraitu beharra dagoela mezuak, ekimenak eta baliabideak bat etorraraziz. Eta gainera, uste dugu eraldaketa-prozesu bat sustatzeko ezinbestekoa dela ekintzak, estrategiak eta itxaropenak eremu guztietan partekatzea”, esan du bukatzeko Innobasqueko zuzendari nagusiak.

Bestalde, EUTOKIA proiektuaren koordinatzailea den José Antonio Sáez de Ocáriz-ek adierazi duenez, “hitzarmen garrantzitsua da, zalantzarik gabe; izan ere, gizarte-berrikuntza (gure gizartearen erronkei aurre egiteko ideia eta ekimen berriak) bultzatu eta laguntzeko EUTOKIA egiten ari den lana hedatu eta ikusgaiago bihurtzea ahalbidetuko du; hortaz, gizarte-xede eta balioek gidaturiko ekimen ekintzaile berriak sortzea da bere helburu nagusietako bat”. “Zalantzarik gabe, gaur INNOBASQUE-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin ofizial bihurtzen dugun lankidetzak gizarte-ekintzailetza berritzailea sustatu eta garatzeko gure helburu komunetan indarrak batzeko balioko du”, esanez bukatu du EUTOKIAren koordinatzaileak.

Hitzarmen hau INNOBASQUEren Laugarren Sektorea dinamika eraldatzailean kokatzen da, eta bere helburua da enpresa-jarduera garatzea gizarte-xedeekin, gaur egun eremu honetan diharduten erakundeen gaitasunak indartuko dituen lan-esparru globala eskainiz, lan-eremu global berriak abian jarriz, eta bere nazioartekotzea sustatuz.

Partekatu albiste hau