Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioaren bekak oso lagungarri izan dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren maila igo eta indartzeko; guztira 45 milioi euroko aurrekontua kudeatu da eta 48 zentro laguntzaileren sarea sortu da, bekadunek ikerketa-lana egin dutelarik zentro horietan.

  • “Euskadik ikertzaileak behar ditu, euskal berrikuntzaren protagonista bereziak, bere oinarri direnak. Gure lehiakortasunerako ezagutza handiagoa sartu behar dugu geure ekoizpen-prozesuetan”, esan du Estibaliz Hernáez-ek, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)

Bilbo, 2015eko irailaren 24a. Gaur arratsaldean, ehunen bat pertsona elkartu dira Bilbon Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioaren 20. urteurrena ospatzeko eta, honela, amaiera emateko 2 hamarkadatan egindako lanari: zientzia- eta teknologia-prestakuntzarako 2.481 beka sortu eta kudeatu ditu Euskadiko gazte ikertzaileentzat. “Fundazioaren espiritua bizirik mantenduko da bera osatu duten pertsona guztien konpromisoaren bidez”, adierazi du Alex Bengoak, erakundeko lehendakariak. Ekitaldiari hasiera Estibaliz Hernáez-ek eman dio, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak; honek “ikertzaileek gure herrialdearentzat duten garrantzi kritikoa” nabarmendu du, zeren eta “Euskadik ikertzaileak behar ditu, euskal berrikuntzaren protagonista bereziak, bere oinarri direnak. Gure lehiakortasunerako ezagutza handiagoa sartu behar dugu geure ekoizpen-prozesuetan”. Bengoa eta Hernáez-ez gain, azken agurreko ekitaldian izan dira Juan Manuel Pagalday, Ikerlan IK4-ko Ikerketa-arduraduna; Jon San Sebastian, talentua erakarri eta kudeatzen aditua; Marta Acilu, Noray Bio Taldearen sortzailea eta lehendakariordea; eta Raquel Fernández del Río, Marie Curie ikertzailea Birmingham-eko Unibertsitatean. Azkeneko bi hauek ikerketa-beka hauen onuradun ohi gisa egon dira bertan, gero beraien bide profesionala ikerketa aplikatuaren mundurantz zuzendu zelarik, enpresara kasu batean eta ikerketa akademikora bestean.

Ekitaldia, Ikertzaileen Gauaren esparruan kokatua (eta hau Europar Batasun osoan egiten da profesional hauen lana aitortzeko), baliagarria izan da Fundaziotik igarotako ia 2.500 bekadunen figura balioesteko, baita Patronatua ere (IK4 Research Alliance, IK4 Tekniker, Tecnalia Fundazioa, Euskal Herriko Industria Ingeniarien Kontseilua, eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia), eta azkenik Giza Baliabideetako arduradunak, lizentziadun berriak zentro teknologikoetara sartzeko orduan talentu hori kudeatu dutenak. Iñaki Goenaga, Fundazioari izena ematen diona, ere omendu dute, Eusko Jaurlaritzak 80ko urteetan Euskadin babesturiko lehenengo zentro teknologikoetan egindako aitzindari-lanagatik.

Urtean 2 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, Fundazioak bere historian 45 milioi euroko aurrekontua kudeatu du, 48 zentro kolaboratzaileko sarea sortu du eta espezializazio, doktoretza eta berrikuntzako beka-programak kudeatu ditu 50 titulaziotan, eskatuena industria-ingeniaritza izanik, eta ondoren Zientzia Fisiko eta Kimikoetako lizentziaturak.

Hastapenean, beka hauen helburua lizentziadun berriak zentro teknologikoetan jakintza-arlo espezifikotan espezializatzea zen, lehenik euskal zentroetan bakarrik eta gero nazioartekoetan ere bai. Geroago, berrikuntza- eta doktoretza-bekak ere eman ziren. Honela, Fundazioaren lanak pixkanaka indartu eta goratu egin du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren maila. Adibidez, Tecnaliako ikertzaileen heren bat (3,6tik 1) Iñaki Goenaga Zentro Teknologikoen Fundazioko bekadun izana da. Baita ere, urte hauetan, emakumearen presentzia teknologiaren eremuan gehituz joan da, eta gaur egun bekadunen %45 dira.

Azkeneko agur honek bi hamarkada hauetako balantzea egiteko eta emaitzak Memorian jasotzeko ere balio izan du; bertaratuen artean banatu den Txosten honetan profesional oso ezagunak agertzen dira, bere garaian bekadun izanak, adibidez, Josu Jon Imaz, Repsol-eko egungo kontseilari ordezkaria; honek eskatu du “enpresen konpromisoa estutzea ikertzaileekin. Industriak profil ikertzailea duten pertsona gehiago kontratatu behar lituzke, baita doktore gehiago ere”, zeren eta hauen ekarpena “oso onuragarria izaten baita enpresa-kudeaketaren beste alderdi batzuetan”, esan du. Raquel Fernández del Río-k, Birmingham-eko Unibertsitatean Marie Curie ikertzailea denak, gaur egun zirrosia eta gibeleko minbizia aztertzera bideratzen ditu bere ahaleginak; biomarkatzaileak aurkitu nahi ditu, gaixotasun hauen detekzio goiztiarra eta ez inbaditzailea ahalbidetzeko. Marta Aciluk, bestalde, Espainiako lehenengo  hamar enpresa bioteknologikoetako bat sortu du: Noray Bio.

Partekatu albiste hau