Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor txostenak  (GEM CAPV 2015) erakusten du euskal jarduera ekintzailea jaitsi egin dela apur bat iazkoaren aldean, baina 2009an hasitako ibilbide positiboaren barruan betiere.

  • Halaber, txostenak erakusten du aukera-identifikazioa dela Euskadin negozio bati ekiteko motibo nagusia, emakume ekintzaileen kolektiboa izanik pertzepzio onena duena ekintzailetzaren aurrean, aukera profesional egoki gisa.
  • GEMek nazioarteko ingurunean proiektatzen du euskal jarduera ekintzailea, mundu osoko 74 herrialdetan egiten baita, eta ekintzailetzari buruzko politiken diseinuan erabakiak hartzeko orientabideak ematen ditu.

Bilbo, 2016ko uztailaren 1a. Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor txostenak (GEM CAPV 2015) erakusten du Euskadin ekintzailetzarako baldintzarik onenetako bat I+G-ren transferentzia dela. Baita ere erakusten du finantzaketa, publikoa nahiz pribatua, lortzea dela oraindik zailtasunik handiena negozioren bati ekiten dioten pertsonentzat. Euskadin 2015ean 18-64 urte arteko biztanleen %3,4 zegoen inplikaturik 3,5 urte baino gutxiagoko bizitza zuen negozio bat martxan jartzen edo kudeatzen; 2014an %3,6 ari zen horretan, eta 2013an %3, 2009an hasitako ibilbide positiboaren barruan betiere.

Euskal jarduera ekintzailearen diagnostikoa egiten du txostenak, eta gaur goizean Bilbon aurkeztu du Maribel Guerrerok, EAEko GEM ikerketa-taldeko zuzendariak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak. Gainera, bertan izan dira Guillermo Dorronsoro, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailean Enpresa Sustapenerako Zerbitzuburua; Federico Gutiérrez-Solana, Centro Internacional Santander Emprendimientoko (CISE) zuzendaria; eta Carlos Peña, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzian Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendaria.

Txostenak, GEM Partzuergoaren metodologiaz eginak, ekintzailetzaren urteko erradiografia eskaintzen du eta horretarako euskal ekintzaileen ehunekoa, horien ezaugarri demografikoak, identifikaturiko ekinbideen kalitatea, eta euskal gizarteak jarduera ekintzailearekiko dituen jarrerak eta balioak hartzen ditu kontuan. Ingurune ekintzailearen baldintza nagusiak ere aztertzen ditu, ekintzailetza-prozesua bultzatu eta oztopatzen dutenak.

Txostena mundu osoko 74 herrialdetan egiten da duela 17 urtetik, eta kalitate handiko informazioa ematen duenez, horrek erabakiak hartzea errazten du politika publikoetan, eta ekintzailetza-prozesuaren bilakaera eta nazioarteko esparruan duen ingurunea ezagutzea ahalbidetzen du, ekintzailetzak ekonomian dituen eraginak ere erakutsiz.

Jarduera ekintzailearen diagnostikoa

GEM CAPV 2015 txostenak euskal jarduera ekintzailea indartzen jarraitu beharra dagoela erakusten du.

Euskadiko pertsona ekintzailearen profilari dagokionez, aurreko edizioetakoaren antzekoa, 35 eta 45 urte arteko gizonezkoa da, prestakuntza- eta errenta-maila handikoa. Oro har, ekintzailetzan murgiltzeko motibazio nagusia aukera bat identifikatzea da oraindik ere. Gainera, emakumezkoen ekintzailetza-tasak gizonezkoen tasaren azpitik egoten jarraitzen du, nahiz eta parekatzeko joera ikusten den.

Finantzaketa-premiei dagokienez, Euskadin sortzeko fasean dauden negozio-proiektuak 20.000 eurora iritsi ziren, eta horien sustatzaileek estali zuten. Aurreko edizioetan baino baikortasun handiagoa nabarmentzen da banku-finantzaketari dagokionez. Gainera, proiektuen %4,5ek business angels edo arrisku kapitaleko funtsen finantzaketa jaso du, edo jasotzea espero du.

Txostenak berriro baieztatzen du jarduera ekintzailearen eragina gehiago dagoela negozioen kalitateari lotua kopuruari baino. Horren haritik, jarduera ekintzailearen % 83,5 zerbitzu-jardueretara zuzendutako ekinbideei dagokie, ia ezagutzan trinkoak diren zerbitzu-negozioak direlarik. Enpresa-dimentsioari dagokionez, negozio berrien egungo tamaina batez beste 1,2 langilekoa izan zen. Gainera, nazioarteko orientazioa hobetu egin da, zeren eta hasierako fasean dagoen jarduera ekintzailearen %,4k bere bezeroen %1 gutxienez atzerrian baitu; aurreko urtean, berriz, !,6 zegoen egoera horretan.

Jarduera intraekintzaileari dagokionez, 18 eta 64 urte arteko euskal biztanleen %1,4k adierazten du azken hiru urteetan lan egiten zuen erakundeentzako ekinbide ekintzaileetan parte hartu duela, eta adierazle honek Euskadi Espainiako batez bestekoaren gainetik jartzen du, %1,1ekoa baita estatuan.

36 euskal adituri egindako elkarrizketetatik abiatuta, txostenak erakusten du Euskadin ekintzaletzarako lagungarrienak diren baldintzak hauek direla: merkataritza- eta lanbide-azpiegitura egokiak, baita xede honetarako gobernu-programak eta azpiegitura fisikoak ere.

Honela, adituen panel honek egiten dituen gomendio nagusien artean daude: finantzaketan laguntzen jarraitzea, ekintzailetza hezkuntza eta prestakuntzaren bidez indartzea, eta gobernu-politiketan lanean jarraitzea, ekintzailetza-prozesuaren faseetan laguntza emateko.

Euskadiko ekintzailetzaren pertzepzio eta balioei buruz, GEM CAPV txostenak bi joera adierazten ditu. Batek abagune edo aukerak daudela ikusten du ingurune honetan ekiteko. Eta besteak, genero-ikuspegitik, emakumeek ekintzailetzaren pertzepzio hobea dutela, lanbide-aukera egoki gisa. Honela, agerian geratzen da euskaldunek ekintzailetzarekiko balioak eta jarrera etengabe indartzen dituztela, ez enpresak sortzeko bakarrik, baita bizimodu gisa ere.

GEM CAPV proiektuari buruz

GEM CAPV txostenaren hamabigarren edizio hau honako erakunde hauen lankidetza eta finantzaketari esker izan da posible: Bizkaiko Foru Aldundia; Gipuzkoako Foru Aldundia; Emilio Soldevilla Fundazioa; eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, proiektuaren erakundezko bazkide gisa duen zereginean. Txostena Deustuko Unibertsitateko (DU/UD), Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateko (MU) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) ikertzaile talde batek egin du.

Partekatu albiste hau