- Euskal berrikuntzaren hitzordu nagusia, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, hilaren 4an Bilbon egingo duena, Nicola Molinaro Zientzia Kognitiboetako doktoreak eta Roman Orus Fisika Kuantikoko doktoreak, biak Ikerbasqueko Ikerketa irakasleak, bilduko dituzte “Lengoaiaren ahalmena” izeneko solasaldian
- Adimen Artifizialari buruzko Global Innovation Dayren 13. edizioak Basque Artificial Intelligence Centerreko (BAIC) teknologia zuzendari Iñaki Suarez eta Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari zientifiko eta UPV/EHUko irakaslearen parte-hartzea izango du
- Edizio hau Bilboko Azkuna Zentroan egingo dena, LHko eta unibertsitateko ikasleen arteko hitzordu-gune bat hartuko du, hainbat sektoretako puntako 20 proiekturekin. Horrez gain, Ariadna Grid, Eroski Taldea, Aita Menni Ahizpa Ospitalariak, Santa Marina Ospitalea, Biobizkaia Tekniker Ikerketa Sanitarioko Institutua eta Trebe Language Technologies erakundeen kasu arrakastatsuak azalduko dira
- Ekitaldi nagusia 18: 00etan hasiko da, Manuel Salaverria Innobasqueko presidentearen ongietorriarekin eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun kontseilariaren irekierarekin. Ekitaldiaren amaiera Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, eta Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, emango dute
- Topaketak bere edukiera bete du eta izen emateak itxi ditu
- Hedabideetarako akreditazioak eta hizlari eta bozeramaileentzako sarbidea: [email protected]
INNOBASQUE, 2024ko urriaren 30a. Datorren astelehenean, azaroak 4, euskal berrikuntzaren hitzordu nagusia izango du Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak: Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia. Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondigan izango da topaketa, eta aurten hauek izango dira ardatz: adimen artifiziala eta AA sortzailea, industrian dituzten aplikazioez harago, gizartearen esparru guztietara iraultza ekarri duten teknologiak.
Egitarauko ekitaldi nagusietako bat “Global Innovation Dayko solasaldia” izango da, eta aurten, gonbidatu, Ikerbasqueko bi irakasle eta ikertzaile izango dira: Nicola Molinaro eta Román Orús.
“Lengoaiaren ahalmena” izenburuko hitzaldian, Molinarok eta Orusek adimen biologikoaren eta artifizialaren arteko antzekotasun eta desberdintasunei buruz eztabaidatuko dute, baita teknologia kuantikoak AAko lengoaia-ereduetan duen eraginari buruz eta neurozientziak adar teknologiko horri eta alderantziz egindako ekarpenei buruz ere.
Nicola Molinaro, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Brain Rhythms and Cognition ikerkuntza taldeko burua da, Zientzia Kognitiboetan doktorea, eta hizkuntza prozesatzerakoan elkarreraginean jarduten duten garuneko mekanismoak eta erritmoak ikertzen aritu izan da bere ibilbide profesionalean. Román Orús, berriz, Fisika Kuantikoan doktorea da, eta ikasketa automatikoa optimizatzeko algoritmo kuantiko berrien garapenean aritu izan da batez ere; Donostia International Physics Center (DIPC) zentroan aritzen da lanean, eta beste batzuekin batera berak sortutako Multiverse Computing enpresaren zuzendari zientifikoa ere bada.
Molinaro eta Orus adituez gain, AA ezartzen punta-puntakoak diren beste ikerketa-zentro batzuetako ordezkariak ere izango dira topaketan: esaterako, ‘Foku aditua’ gunean, Iñaki Suárez, Basque Artificial Intelligence Centerreko (BAIC) teknologia zuzendaria eta José Antonio Lozano, Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari zientifikoa eta UPV/EHUko irakaslea ariko dira.
Global Innovation Day jardunaldia 15:30ean abiatuko da, eta hasteko, aurtengo berrikuntzetako bat izango da: Alhondigako atarian unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikasleren eta Adimen artifizialeko 20 proiektu berritzaileren beste horrenbeste ordezkariren arteko topaketa. Topaketa horren ondoren, auditorioan 18:00etan, Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak eta Mikel Jauregi Industria, Eusko jaurlaritzako Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak ongietorria egingo diete bertaratuei, eta aurtengo egitarauari emango diote bide. Hitzaldiak, solasaldiak, elkarrizketak eta kasu praktikoen aurkezpenak izango dira Innobasqueren egitarau horretan, eta agerian geratuko da euskal enpresek eta erakundeek AArekiko duten interesa, teknologia horren ahalmen eraldatzailea garatzeko eta industriako eta gizarteko hainbat esparrutan aplikatzeko.
Kasuen aukeraketak BAICen eta BCAMen, Innobasqueko bazkideak eta Global Innovation Dayko laguntzaileak, bermea eta ikuskapena du:
– Ariadna Grid: Amorebieta-Etxanoko familia ETE hau banaketa elektrikorako soluzioen garapenean espezializatuta dago, eta manipulatutako kontagailuak automatikoki detektatzeko sistema bat sortu du.
– Eroski Taldea: Elorrion egoitza duen elikagaien banaketako kooperatibak bezeroen erosketa-esperientzia hobetzea lortu du AA sortzailearekin garatutako laguntzaile birtual baten bidez.
– Aita Menni Ospitalea: buruko osasunean, adimen-desgaitasunean, neuro-errehabilitazioan eta adineko pertsonen zaintzan espezializatutako zentroen talde honek AAn oinarritutako bideo-analitikako sistema bat garatu du pazienteen arreta hobetzeko.
– Santa Marina Ospitalea eta Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutua: Bilboko ospitaleak eta Bizkaiko Osasun Ikerketako Institutuak, eskutik, dokumentuak ebaluatzeko eta berridazteko prozesu sistematizatu bat jarri dute martxan, baimen informatuko dokumentuen irakurgarritasuna hobetzeko.
-Tekniker: Eibarren kokatutako teknologia zentroak makina mugikorrentzako segurtasun-sistema aurreratu bat garatu du, ‘deeplearning’ teknologiarekin eta pertsonak detektatzeko ahalmenarekin, eraikuntzako inguruneetan jarduteko.
-TREBE Language Technologies: Vicomtech zentroaren abaroan sortutako Donostiako startup honek euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak unean berean itzultzeko eta transkribatzeko aukera ematen duen lehen plataforma sortu du.
Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, eta Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, itxiko dute jardunaldia, iluntzeko 20:00etan.
Informazio gehiago
Olalla Alonso Velarde
T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
T. 656 788 328 / [email protected]