Gipuzkoan berrikuntza sustatzen duen “Gipuzkoa Berritzen” erakundeak lehiaketa deitu du aurten bigarren aldiz jarraian; 40.000 eurorekin sarituko du Gipuzkoako proiektu berritzailerik onena, eta ideia irabazlea gauzatzen lagunduko du, 10 milioi baino gehiagoko balioespena izan dezakeelarik.

The Ten Milliom Project

“The Ten Million Project” delakoak egingarri diren eta beren kasa
iraun dezaketen proiektuak hartuko ditu kontuan batez ere, balioa sortzeko
aldaketak eragiten dituztenak, Gipuzkoarentzat garrantzitsuak, enplegua
sortzeko eragin ona dutenak, behar hainbateko tamainakoak, hainbat erakunde eta
pertsona-talderen parte hartzea sustatzen dutenak, ingurumenarekiko
begirunetsuak eta nazioartekotzeko ahalmena dutenak.

Horren haritik, ekimenak ekonomia- eta
gizarte-eragileen artean sormenaren eta berrikuntzaren aitortza edo ezagutza
publikoa bultzatu nahi du, Gipuzkoan pentsaera berritzailea sustatzeko eta,
aldi berean, laguntzak bideratzeko elementu bihurtu nahi du, honelako
proiektuak bideragarri izan daitezen.

Lehiaketaren oinarrietan ezartzen denez, sari
honetara edozein ideia berritzaile aurkez daiteke, enpresa, unibertsitate,
zentro teknologiko edota pertsona fisikoengandik sortua. Proiektuak 2010ko
otsailaren 01 arte aurkeztu daitezke.

Proiektuaren aurkezpenak

Parte hartzeko interesa duten erakunde eta pertsona
guztiei aurkezteko helburuarekin, informazio-hitzaldi batzuk emango dira
Gipuzkoako zenbait herritan. Hitzaldi horietan ekimenaren berri emango da,
parte-hartzeko mekanismoa azalduko da eta sortzen diren arazoak argitu ahal
izango dira.

  • 09/11/27: Donostia. EHU – Korta eraikineko
    auditorioan, 9:00etan
  • 09/12/04: Ordizia. GOIEKI, Maillutz 29, 9:00etan
  • 09/12/14: Azkoitia. INTXAUSTI JAUREGIA, 9:00etan
  • 09/12/15: Eibar. DEBEGESA, Azitain 3 bis, 9:00etan

Gipuzkoa Berritzen

Gipuzkoa BerriTzen ekimena “gizartearena eta
gizartearentzat da”, eta Gipuzkoa “lurralde berritzailea” bihurtu nahi du, eta
beste erakundeekin koordinatuta, aurrera egin berrikuntzarako bereziki egokia
izango den ingurunea sortzen, hori Gipuzkoaren lehiarako abantailaren funtsezko
elementua izan dadin.

Juan Mari Uzkudun lehendakari dela, Gipuzkoa
Berritzen-en 210 pertsona baino gehiagok parte hartzen du: %48 enpresak dira,
%9 Zentro Teknologikoak, %13 unibertsitate eta heziketa-zentroak, %9 Herri
Administrazioak, %13 besterik). Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiko
Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizarterako Departamenduak eta Innobasquek bultzatu
eta laguntzen dute, eta parte-hartze eta konpromiso zabalaren bidez, Gipuzkoan
pentsamendu berritzailea sustatzea dute helburu.

“The Ten Million Project” sare kohesionatua eraikitzeko eta
Gipuzkoaren ahalmena ezagutzeko lanean lehen urratsa baino ez da.

Partekatu albiste hau