• 2.100 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute aurten FIRST LEGO League Euskadi formakuntza-programako tailer eta bisitetan, urtarrilaren 25era arte 
  • FIRST LEGO League Euskadi ekimeneko partaideek erronka nagusi bat dute aurten: energia jasangarriaren etorkizuna berrasmatzea. Hain zuzen, erronka horri loturik dago formakuntza-programa 
  • STEAM Hezkuntzan txertatutako programa da FIRST LEGO League Euskadi. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen du hezkuntza-estrategia hori, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Finala martxoaren 4an egingo da, Bilbo, Donostia eta Arrasateko egoitzetan aldi berean  
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak martxan jarritako STEAM Euskadi Estrategiaren baitan txertatzen da ekimena. Ikasleen artean formakuntza zientifiko-teknikoa bultzatzea eta esparru horietako bokazioak sustatzea, horiek dira Estrategiaren xedeak 

Bilbo, 2022ko abenduaren 26a. “Sare elektrikoa adimenduna bihurtu da” goiburuarekin,  Bilboko Udalak garatutako Basurtuko Kidegune programan parte hartzen duten 10 eta 11 urteko adingabe batzuek aukera izan dute gaur Iberdrolak Bilbon duen Global Smart Grids Innovation Hub zentroa ezagutzeko. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du ikaskuntza-saio hau, eta I-DE Sare Elektriko Adimendunen banatzaileak eman du, FIRST LEGO League Euskadi formakuntza-programaren baitan. Estatuan aitzindaria da ekimen hau. Hala, ikasleek aukera izan dute zentroaren ekosistema eta funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko. Iberdrolaren HUBak sare adimendunen berrikuntza sustatzen du eta hainbat proiektu koordinatzen ditu horretarako.  

Noemí Alonso zentroaren zuzendaria izan da gidari bisitaldian, eta honako hauek ere izan dira ikasleekin batera: Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendaria;  Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gaztedia eta Kiroletako zinegotzia, eta Javier Arriola, Iberdrola Taldeko I-DE banatzailearen iparraldeko zuzendaria. 

Innobasquek formakuntza-programa osoa antolatu du FIRST LEGO League Euskadi ekimenaren baitan, eta hor txertatzen da Iberdrolaren HUBeko saioa Estatuan parerik ez duen ekimen honetan 2.100 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen aurten –iaz baino ` gehiago–, baita 15 enpresa, unibertsitate, teknologia-zentro eta erakunde ere. Eragile hauen egitekoa da talde partaideei eta, oro har, ikasleei, Euskadin energiaren sektorean zer egiten ari den erakustea eta finalerako erronka prestatzen laguntzea. Aipatu dugunez, energia jasangarria da aurtengo erronka. Eragile hauek ariko dira formakuntza ematen: Arteche, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics, Bilbao Kirolak – Bilboko Udala, Bilbao Portlab, CIC energiGUNE, Energia Klusterra, EPowerLabs, Energiaren Euskal Erakundea – EVE, Donostia Sustapena Iberdrola, Mondragon Unibertsitatea, Ormazabal, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta UPV/EHU. 

Hub-ak lotura zuzena du aurten FIRST LEGO League ekimeneko partaideek duten erronkarekin; alegia, energiarekin. Gaurko bisitan, ikasleek aukera paregabea izan dute  FIRST LEGO League programaren finalean aurkeztuko dituzten proiektu berritzaileetarako ideiak hartzeko. Martxoaren 4an izango da final hori. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Donostia Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak antolaturik, STEAM hezkuntzaren baitan Euskadiko erreferentziazko programa da FIRST LEGO League Euskadi. Gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea da helburua.  

Berrikuntza Hub-eko bisitaldia 

Berrikuntza Hub-ak hainbat laborategi ditu garapenak probatzeko, testak egiteko eta prozesua azkartzeko. Besteak beste, ikasleek aukera izan dute energia-kontagailu digitalen laborategi bat ikusteko. Kontagailu analogikoek ez bezala, digitalek aukera ematen dute etxeetako kontsumo-datuak urrunera jasotzeko, matxurak errazago detektatzeko eta, azken batean, bezeroari zerbitzu hobea emateko eta kontsumo eraginkorragoa sustatzeko.  

Teknologia berriak prebentzioaren arloan aplikatzeko helburua duen beste laborategi bat ere ezagutu ahal izan dute ikasleek. Prebentziora bideratutako laborategi horrek errealitate birtualeko estazio bat du, eta, horren bidez, langileek azpi-estazioen formazioak edo neurketak egin ditzakete, arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara joan beharrik gabe. Zentro horretan dago R0V3RT robota ere, ikusteko, beroa detektatzeko eta entzuteko hainbat sentsorez hornitua; hala, robota gai da azpi-estazioetan eguneroko ikuskapen-lanak egiteko eta sor daitezkeen arazoen berri emateko. 

Hub-aren Kanpusean ere izan dira ikasleak. Hainbat tailerrek osatzen dute kanpus hori, eta irekita dago ikasleentzat nahiz profesionalentzat, helburu nagusi batekin: elkarlana eta berrikuntza azeleratzea, talentua erakartzeko.

Informazio gehiago: nbsp; https://www.innobasque.eus/microsite/first-lego-league-euskadi-2022/ 

Partekatu albiste hau