• Azti, Vicinay Marine, Sener, BCAM, EHU/UPV, Cimasub (Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa), Donostiako Aquarium eta Plentziako PiE-EHU Itsas Estazioko profesionalek ematen dute prestakuntza hori, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan
  • FLL Euskadi hezkuntza-programaren xedea gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea da, modu praktikoan eta dibertigarrian, arazo errealei erantzunez
  • Euskadiko torneoaren finala otsailaren 22an egingo da Bilbo, Donostia, Arrasate eta Gasteizen, aldi berean
  • Mundu guztian egiten den ekimen honen antolatzaileak, Euskadin, honako hauek dira: Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, EHU eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Astelehena, 2024ko azaroaren 11. Martxan da FIRST LEGO League Euskadiekimenaren 16. aldia. Aurten, hauxe da erronka: ozeanoak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzea. Esaten da ozeanoen %80 esploratu gabe dagoela, eta, hain zuzen, erronka horri egin beharko diote aurre mundu osoko 650.000 ikaslek, tartean Euskadiko DBHko eta Batxilergoko 2.000 ikaslek baino gehiagok. FIRST LEGO League programak edizio honetarako diseinatutako erronkari egingo diote aurre: SUBMERGED (murgilduta). Horrenbestez, abian da Euskadiko hezkuntza-programa, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzaturik. Estatuan berdinik ez duen ekimen honen baitan, ikasleek sei bisita zientifiko-teknologiko egingo dituzte aurtengo erronka ardatz harturik.

Gaurtik abenduaren 17ra, Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hainbat ikaslek aukera izango dute, besteak beste, ozeanografian izan diren aurrerapenen berri jakiteko eta ozeanoaren eta espazioaren artean zer erlazio dagoen ikasteko. Ekimen honen xedea da 9 eta 16 urte bitarteko gazteen bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea, modu dibertigarrian eta praktikoan.

Innobasque da Euskadiko edizio berri honen antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Era berean, lankide dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundiak. Erakunde horien guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoekiko interesa eta haiei loturiko gaitasunak sustatzea: berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste. FLL Euskadi programa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategian txertaturik dago, ikasleen formakuntza zientifiko-teknologikoa bultzatzeko.

Estatuan berdinik ez duen prestakuntza-programa

Hamasei urte hauetan, FIRST LEGO League Euskadi STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera) erreferentziazko programa gisa sendotu da Euskadin. Estatuan berdinik ez duen formakuntza-zikloa da, eta horixe da, hain zuzen, balio bereizgarri garrantzitsua ematen diona.

Oraingo honetan, sei bisita antolatu dira, AZTI, Vicinay Marine, Sener, Donostiako Aquariuma eta hainbat erakunde garrantzitsu lankide direla. Hala, zentro horietako adituen eskutik, ikasleek aukera izango duten ozeanoen esploraziorako teknikak ezagutzeko eta itsasoen biodibertsitatea zaintzeko egiten ari diren ahaleginen berri jakiteko. Hala, besteak beste, urpeko robotak behatzeko edota itsasoko plataforma eolikoen ainguratze-kateak monitorizatzeko aukera izango dute, diziplina anitzeko hezkuntza-esperientzia praktiko batean murgilduz.

Sukarrietako Txatxarramendi uhartera egingo dute lehen bisitaldia ikasleek, eta ozeanografia operatiboko adituen eskutik, itsasoa nolakoa den, zer erronkari aurre egin behar diogun eta teknologia tradizionalen bidez (deriba-buiak) eta aurreratuagoen bidez (urpeko robotak) ozeanoko prozesuak nola neurtzen diren ikasiko dute.

Bigarren bisita Sestaoko Vicinay Marine enpresara egingo dute, eta ozeanoan plataforma eolikoak instalatzeko eta mantentzeko, azpiegitura horien jasangarritasuna bermatzeko eta ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izateko erabiltzen diren teknologiak eta prozesuak esploratuko dituzte ikasleek.

Hirugarren bisita Getxoko Sener enpresaren plantara egingo dute, eta konpainiako profesionalak lantzen ari diren itsas proiektu garrantzitsuenen berri izango dute, eta itsasoaren eta espazioaren artean zer erlazio dagoen jakingo dute.  Laugarren bisitan, Bilbon, BCAM eta EHUren eskutik, itsas hondoa aztertuko dute, zer hondo mota dauden, bakoitzak zer ezaugarri geologiko dituen eta itsas aire-sorgailuak nolakoak diren. Bosgarren prestakuntza Donostiako Aquariumean izango da Cimasub-en eskutik (Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa), eta Kantauri itsasoko biodibertsitatean murgilduko dira. Hala, kate trofikoaren garrantzia ezagutuko dute –energiak izaki bizidunen bidez jarraitzen duen bidea da kate trofikoa, nork jaten duen nor erakusten duena–, gizakion eta ozeanoaren artean zer erlazio dagoen jakingo dute eta urpeko zinemagintzako hain film labur ikusiko dituzte.

Azken prestakuntza-bisita PiE-EHU Plentziako Itsas Estaziora egingo dute, eta bertan aukera izango dute animaliak hondartzea zer den, itsasoko hainbat ugaztun eta dortoka kostaldera zergatik iristen diren eta animalia horiek aztertzeko eta kontserbatzeko zer protokolo ezarri diren ikasteko.

Aurtengo programa FIRST LEGO League Euskadi ekimenaren final handiarekin bukatuko da. 2025eko otsailaren 22an izango da ekitaldia, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. 6 eta 16 urte bitarteko gazteak biltzen dituen ekitaldi hau plataforma bat da, etorkizuneko zientzialariek, teknologoek eta ingurumenaren babesleek beren proiektuak erakutsi eta ozeanoen etorkizunari buruz dituzten ikuspegiak partekatu ahal izateko.

Contactos:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau