• Santurtziko arrantzale kofradian topaketa bat izango da hilaren 14an, eta beren enpresetan berrikuntza txertatzeko eskura dituzten soluzioen berri emango zaie eskualde horietako ETE-ei
  • Goizean, inguruko hiru ETEren esperientzia berritzaileak ezagutu ahal izango dituzte bertaratuek: Ikualia Burdin, Toro & Betolaza eta Bilbao Truck (Retuerto Bulkanizatuak)

Innobasque, 2024ko azaroaren 11a. Datorren ostegunean, hilak 14, Santurtziko Udalak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dute, ETE horiei erakusteko zein garrantzitsua den berrikuntza enpresaren arlo guztietan txertatzea, lehiakorragoak izateko eta emaitzak hobetzeko, edozein dela ere haien jarduera-esparrua.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Beaz-ek indarrean duten ‘Bizkaia Orekan Sakonduz’ ekimenaren testuinguruan egingo da topaketa. Lurraldearen lehiakortasuna bultzatzea da programa horren xedea. Santurtziko arrantzale kofradian (Arrantza Portuaren kalea, z/g) izango da ekitaldia, 8:30ak eta 11:00ak artean. Meatzaldeko Behargintza agentzia eta Uniport Bilbao jardun dira elkarlanean topaketaren antolaketan. Izena emateko epea zabalik dago jada, esteka honen bidez.

Edorta Rodrigo, Santurtziko Udaleko ekonomia sustapenerako zinegotzia, eta Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko lurralde lehiakortasunerako eta kanpo sustapenerako zuzendari nagusia, arduratuko dira bertaratuei ongietorria egiteaz. Horren ondoren, mahai-inguru bat izango da, ETE-ek berrikuntza txertatzeko edo eguneroko jardunean berrikuntzari garrantzi handiagoa emateko eskura dituzten soluzioen berri emateko. Honako hauek izango dira hizlari mahai-inguru horretan: José Miguel Medrano, Santurtziko Udaleko ekonomia sustapenerako arduraduna; Miren Salazar, Beaz-en lurralde lehiakortasuneko koordinatzailea –enpresen sustapena, garapena eta lehiakortasuna bultzatzeko xedea duen foru sozietatea da Beaz–; eta Luis Manero, Innobasquen ETE-en berrikuntza zuzendaria.

Jardunaldiaren bigarren blokean, berrikuntzako kasu praktikoak aurkeztuko dira, eta inguruko hiru enpresa izango dira partaide: Ikualia Burdin, ezgaitasuna duten pertsonei metalgintzaren sektorean laneratzen laguntzen dien kooperatiba; Toro & Betolaza, portuko zerbitzuez arduratzen den enpresa; eta Bilbao Truck (lehen Retuerto Bulkanizatuak), kamioiak eta pneumatikoak konpontzen espezializatutako enpresa.  ETE horiek, berrikuntzarako tresna eta kudeaketa-sistemen bidez, hainbat erronka gainditu dituzte beren garapeneko fase desberdinetan, eta, hain zuzen, prozesu hori nola izan den azalduko dute enpresa bakoitzeko ordezkariek.

Topaketa amaitzeko, kofradian bertan dagoen Itsas Museoa bisitatzeko eta kafe bat hartzeko aukera izango du nahi duenak, hori guztia 10:00etatik aurrera.

Partekatu albiste hau