- 720 profesionalek hartu dute parte formakuntzako katalogoan. Gaikako hiru bloketan banatu da eskaintza, profil desberdinen beharrizan zehatzei erantzuteko
- Bertaratutako antolakundeen %72 (300 baino gehiago) enpresak izan dira, eta horietatik erdia tamaina txikikoak, 11 eta 50 langile artekoak
- Parte hartu duten antolakundeek, batez beste, 2 ikastaro egin dituzte urtean, eta 10etik 8,5 punturekin baloratu dute esperientzia
Innobasque, 2025ko urtarrilaren 2a. 2024an 433 antolakundek eta 720 profesionalek hartu dute parte ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programan. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, diseinatutako programa horretan guztira 46 ikastaro izan dira, eta antolakunde bakoitzak, batez beste, 2 ikastarotan (2,18)hartu du parte 2024an. Euskadiko enpresen eta antolakundeen gaitasun berritzailea bultzatzea da programa horren xedea.
Estaldurari dagokionez, hiru lurraldeetan egin dira programa eta ikastaroak, eta parte-hartzea ere halaxe banatu da Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba artean. Programaren aurrez aurreko eskaintza hori online formakuntzarekin osatu da. Horrek nabarmen erakusten du Innobasqueren konpromisoa Euskadiko enpresa eta antolakunde sarean berrikuntza eta I+G arloa kudeatzeko gaitasuna sendotzeko.
2024ko formakuntza-katalogoa gaikako hiru bloke nagusitan egituratu da, profil desberdinen beharrizan zehatzei erantzuteko: ETEak, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. Guztira, 21 ikastaro eman dira ETE-ei bideratuta, 7 Europako laguntzen inguruan eta 18 berariaz bazkideei zuzenduak.
Gaika, besteak beste, honako interesguneak jorratu dira formakuntzan: digitalizazioa, negozio-ereduak, merkatu-analisia, Horizon Europe programaren aukerak, eta indar hartzen ari diren joerak, hala nola adimen artifizial sortzailea. Berrikuntzaren ikuspegi praktiko eta erabilgarria eman nahi izan da ikastaro horietan, betiere enpresen beharrizanei eta erronkei loturik.
Berrikuntza-prozesuei aurre egiteko tresna praktikoak eskaintzeaz gain, Innobasqueren formakuntza-eskaintzak zubi lanak egiten ditu antolakunde partaideen eta berrikuntzaren euskal ekosistemaren artean, sinergiak eta lankidetzarako aukerak sustatuz.
Partaideen profila
Parte hartu duten antolakundeen profilak argi erakusten du euskal enpresa ehunaren aniztasuna eta dinamismoa. Bertaraturako antolakundeen %72 enpresak izan ziren, eta horietatik erdia (%50) tamaina txikikoak, 11 eta 50 langile artekoak. Enpresa partaideen artean, sektore hauetakoak izan ziren gehienak: industria, lotutako zerbitzuak, handizkako merkataritza eta ikerketa eta garapenari (I+G) lotutako jarduerak.
Bestalde, bertaratutako profesionalen profilak ere askotarikoak izan ziren: zuzendaritza nagusiko kideak, antolakundearen barnean eremu operatiboetako arduradunak edo prozesu giltzarrietan dihardutenak… Horrenbestez, formakuntzak eragin zuzena du erabaki estrategikoak hartzen dituzten profilen prestakuntzan.
Partaideek ikastaroen oso balorazio ona egin zuten ebaluazioetan, 10etik 8,5 puntu, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea azpimarratu zuten.
‘Formakuntza Berrikuntzan’ programari buruz
Innobasqueren ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programa doako prestakuntza-ekimen bat da, Euskadiko enpresa eta antolakundeen berrikuntza arloko gaitasunak sendotzeko.
Askotariko ikastaroak eskaintzen dira, entzute handiko adituen eskutik eta funtsezkoak diren arloak ardatz harturik: merkatua, digitalizazioa, pertsonak, negozio-ereduak, finantzaketa eta produktua. Profil desberdinei zuzenduta daude ikastaroak: ETEak, I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. Euskadin berrikuntzaren eta I+G arloaren kudeaketa hobetzea da formakuntza horren xedea.
Programa maiztasun jakinez eguneratzen da, enpresetan eta antolakundeetan eragin gehien izan dezaketen formakuntza-beharrizanei erantzuteko. Era horretara, berrikuntzaren euskal ekosistema sendotzen laguntzen du ekimenak. Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2025eko urtarrilean ezagutaraziko du datorren urteko lehen seihilekorako ikastaroen katalogoa; berrikuntza arloko gai garrantzitsuenak jorratuko dira egitarau horretan. Ikastaroen eskaintza eta izena emateko orriak hilaren erdialdera egongo dira eskura Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean.
Informazio gehiago:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]