• Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak landutako ‘Euskadin I+G arloan 2025rako egingo den inbertsioaren estimazioa’ txostenaren arabera, %8,4ko hazkundea izango da inbertsioan, eta 2.395 milioi eurora iritsiko da
  • Euskadik I+G arloan eginiko enpresa-inbertsioaren %40 baino gehiago biltzen duten enpresa talde batekin eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) sarearekin lankidetzan egin da estimazioa

INNOBASQUE, 2025eko apirilaren 8a. Euskadik I+G arloan aurten egingo duen inbertsioa inoizko handiena izango da, %8,4 haziko baita iazkoarekin alderatuta, eta 2.400euroko langara hurbilduko da. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, Imanol Rego, eta zuzendari nagusia, Leire Bilbao, aurreikuspena osatzen lagundu duten enpresen ordezkariekin elkartu dira lana aurkezteko eta berrikuntzaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko. I+Gko enpresa-inbertsioaren % 40 ordezkatzen duten hamazazpi konpainia trakziogilek esku hartu dute aurreikuspenaren lanketan, eta berretsi dute ezinbestekoa dela gastu hori handitzen joatea, testuinguru geopolitiko ezegonkor honetan oparotasuna bermatzeko. Hitzorduan izan dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza sailburuordea, Adolfo Morais, Berrikuntzako zuzendaria, Maialen Agirre, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Jaione Ganzarain, eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, Alberto Fernández. 

2025erako Euskadiko I+Gko inbertsioaren zenbatespena egiteko, Ikerketa eta Teknologiaren Euskal Aliantzak (BRTA) eta enpresa hauek parte hartu dute: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Corporación Mondragón, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia. Konpainia horiek 86.000 milioi euroko fakturazioa dute eta 240.000 pertsona enplegatzen dituzte mundu osoan. I+Gko bere jarduera Euskadin, 500 milioi euro ingurukoa, euskal I+Gko enpresa-finantzaketa guztiaren % 40 inguru da.

AEBetako gobernuak martxan jarritako neurri protekzionistek eta neurri horiek gure industriako sektore giltzarrietan –hala nola automomilgintzan– izan ditzaketen ondorioek kezka sortu badute ere, azterlanean parte hartu duten enpresek azpimarratu dute aurreikuspen baikorrak dituztela, bai negozioen bilakaerari buruz eta bai I+G arloko beren jarduerari buruz. Era berean, Draghi txostenak azpimarratutako moduan, EB desabantaila egoeran dagoela uste dute konpainia horiek, eta, horrenbestez, ezinbestekotzat jotzen dute apustu egiten jarraitzea jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren, Adimen Artifizialaren eta I+G arloa dibertsifikatzearen alde, gaur egun indar hartzen hasi berriak diren teknologien garapenarekin sor daitezkeen aukera berriak aprobetxatzeko. Puntu horretan, Euskadiko berrikuntza ekosistema egiten ari den lana nabarmendu zuten, bai berrikuntza irekiaren sustapenean eta bai jakintza berria eskuratu nahi duten antolakundeen eta hori bideratzeko gai diren ‘startup’ eta eragile zientifiko-teknologikoen arteko lotura lanak egiten.

Innobasquek urtero egiten du I+G arloko inbertsioa aurreikusteko azterlan hau, zazpigarrena da aurtengoa. Aurtengo analisiaren arabera, 2025ean Euskadik beste urrats bat emango du aurrera Europar Batasuneko eskualde berritzaileenetako bat izateko bidean, eta 2.395 milioi euro inbertituko ditu I+G arloan. Neurriaz ohartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren %2,37 da kopuru hori. Estimazio horren arabera, 2024an 2.210 milioi eurokoa izango da inbertsioa. Aurreikuspen horien arabera, 2025ean hazkundea %8,4koa izango da, eta 2024an, %10,4koa, 2023ko inbertsioen inguruan Eustatek emandako datu ofizialak aintzat hartuta (datu horien arabera, 2023an 2.002 milioi eurokoa izan zen inbertsioa).

Hazkunde hori jarraitua da 2016tik, eta horren oinarrian eragile ekonomiko guztien engaiamendua dago, baina batez ere enpresa sektorearena. Innobasquek eginiko aurreikuspenaren arabera, euskal enpresek 1.389 milioi inbertituko dituzte I+Gn, 2024an baino %10,3 gehiago. I+G arloan gehien inbertitzen duten herrialdeetan gertatzen den moduan, enpresen inbertsioa nabarmen handiagoa izango da administrazio publikoek egingo dutena baino, nazioarteko finantzaketaren eskutik iritsiko dena baino eta beste iturri batzuetatik –unibertsitate-funtsetatik eta irabazi asmorik gabeko erakundeen dohaintzetatik, adibidez– etorriko dena baino. 2025eko aurreikuspen horien arabera, EAEko administrazio publiko guztiek 777 milioi inbertituko dituzte (aurreko urtean baino %6,7 gehiago); nazioarteko finantzaketaren eskutik 178 milioi iritsiko dira, eta beste iturrietatik, 51 milioi.

Azken datu ofizialak, 2023

Azken datu ofizialak 2023koak dira –duela bi urte 2.002 milioikoa izan zen inbertsioa–, eta horien arabera, Euskadiko I+G arloa BPGd-aren %2,16 baliokidea da. Hala, 2013. urtetik, Europako batez bestekotik (%2,22) inoizko gertuen dago EAEko zifra. Funtsen jatorriari erreparatuta, iturri guztietakoak handitu egin dira. Finantzaketa publikoa 608 milioikoa izatetik 681koa izatera pasa zen 2023an (%11,9ko hazkundea 2022ko datuarekiko), eta nazioarteko inbertitzaileena 144 milioikoa izatetik 160 milioikoa izatera (%10,9 gehiago). Nolanahi ere, inbertsioaren bolumen handiena finantzaketa pribatutik etorri zen: 2023an 1.111 milioikoa izan zen, 2022an baino 107 milioi handiagoa (%10,7).

Enpresa sektorearen barnean, Euskadin, hainbat sektoretan oso nabarmena izan da I+G arloko inbertsioaren hazkundea, hala nola farmazia sektorean, elektronikan, garraioan (batez ere automobilgintzan), teknologia berriekin loturiko zerbitzuetan eta I+Gko zerbitzuetan. 2012tik 2022ra arteko hamarkadan, sektore horietan eginiko gastua %38koa izatetik %48koa izatera pasa da. ELGAren barnean teknologia aldetik jarduera handiena duten hamar herrialdeetan aipatutako sektore horiek dira esanguratsuenak, BPGd-arekiko I+G arloan eginiko inbertsioa %3tik gorakoa baita.

Estimazioa egiteko egiaztatutako eredua

Inbertsioaren estimazio hau egiteko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak estatistika-tresna bat garatu zuen 2019an. Tresna horrek honako adierazle hauek hartzen ditu erreferentziatzat: I+G arloko euskal aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak landutako Barne Produktu Gordinaren (BPGd) bilakaera eta Euskadiko I+G arloko enpresa trakziogileren aurreikuspena. Horrez gain, BRTAko zentroek I+G ustiatzeagatik eskuratutako diru-sarreren bilakaerari buruzko estimazioak ere gehitu dira.

Informazio gehiago

Olalla Alonso

652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia

656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau