• Euskadiko I+Gko inbertsioa % 11,6 hazi zen 2023an, eta 2.002 milioi eurora iritsi zen, inoizko daturik altuena.
  • I+G gastua BPGren % 2,16ra iritsi zen, 27-EBko batez bestekoarekiko distantzia murriztuz eta errekor berri bat ezarriz.
  • Talentu zientifikoa indartu egin da Euskadin: 23.300 profesional aritzen dira I+Gn, Europako batez bestekoa baino gehiago.

Euskadik 2023an lortu zuen I+Gn egindako inbertsioa inoizko handiena, lehen aldiz 2.000 milioi eurotik gorakoa izan baitzen. Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko jarduerei buruz egin duen azken estatistikak, aurreikusitako mugarria berretsi du: 2.002 milioi euro inbertitu dira (aurreko urtean baino 208 gehiago), hau da, 2022ko erregistroen aldean % 11,6ko igoera izan da.

Inbertsio hori BPGaren % 2,16ren parekoa da -serie historikoko daturik onena ere bai-, eta, horri esker, autonomia-erkidegoak murriztu egin dezake 27-EBko 2022ko datuarekiko aldea, BPGaren % 2,27koa baitzen.
Funts horien jatorria aztertzean, iturri guztietan eta, bereziki, goi-mailako irakaskuntzan izandako hazkundea nabarmentzen da; izan ere, I+Gko inbertsioa % 31,9 hazi zen, 13 milioitik 51ra. Horrela, finantzaketa pribatua (handiena) 1.111 milioikoa izan zen, aurreko urtean baino 107 milioi gehiago ( % 10,7 gehiago); administrazio publikoena 608 milioitik 681era igo zen (2022ko datua baino % 11,9 gehiago) eta nazioarteko inbertsiogileena 144 milioitik 160 milioira ( % 10,9).

Eustaten azterketaren beste datu nabarmen bat da talentu zientifikoak eta ikertzaileak gora egin dutela euskal lan-merkatuan. Zehazki, I+Gko jarduerekin lotutako profesionalen kopurua 21.700 pertsonatik 23.300 dedikazio osokora igo zen, Euskadiko biztanleria aktiboaren % 2,21aren pareko datua. Ehuneko hori Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa da, 2022an % 1,53koa izan baitzen.

Eustaten argitalpenerako esteka: https://eu.eustat.eus/estad/id_312/ti_ikerketa-zientifiko-eta-garapen-teknologikoko-jarduerei-buruzko-estatistika-ig/azken-prentsa-oharra.html

Kontaktua:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau