Horizon(te) 2020 programan eta I+G+b finantzatzeko Europako beste programa batzuetan irabazle izateko proposamenak prestatzen ikasteko helburuaz, I+G+b Nazioarteko Proiektuen Kudeaketan III. Ikastaro Aurreratua antolatu dute Tecnaliak, IK4 Research Alliance-k, Spri taldeak eta Innobasquek; Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailaren lankidetza eta Basque Enterprise Europe Network-en (EEN) babesa ere baditu.

  • EEuropako Batzordearen VII. Esparru Programan parte hartu zuten enpresen %42k, Europako proiektuen emaitzen ustiapenaren ondorioz, gehitu egin zuten langile kopurua.
  • Euskadik Horizon(te) 2020 programatik etor daitezkeen 805 milioi euroko finantzaketa lortzea ezarri du helburu gisa, eta horrek %75 haztea esan nahi du aurreko europar proiektuan lorturiko emaitzei buruz.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)

Bilbo, 2014ko irailaren 19a. I+G+b finantzatzeko Europako proiektuetan parte hartzeak zuzeneko eragina du erakunde horien fakturazioan, langile kopuruaren finkapen eta hazkundean, baita nazioarteko kokapenean ere. Honela, Euskal I+G+b Europan Koaderno Estrategikoa delakoan agertzen denez, I+G+b finantzatzeko Europako Batzordearen VII. Esparru Programan parte hartu zuten enpresen %42k, europar proiektuen emaitzen ustiapenari esker, gehitu egin dituzte beren langileak. I+G-b nazioartekotzeak jakintza edo ezagutza sortzen eta erakartzen laguntzen du, eta horrek enpresa-ehunaren lehiakortasuna areagotzen du eta, beraz, enplegua eta gizarte- eta ekonomia-aberastasuna sortzen laguntzen du. Batez ere ETEek honelako ekinbideetan proposamen irabazleak prestatzen ikas dezaten, Nazioarteko I+G+b Proiektuak Kudeatzeko III. Ikastaro Aurreratua aurkeztu da. Ikastaroa, 48 ordukoa, Tecnaliak, IK4 Research Alliance-k, Spri taldeak eta Innobasquek antolatu dute Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailaren lankidetzarekin eta Basque Enterprise Europe Network-en (EEN) babesarekin.

Gai-zerrendari jarraituz, proiektuen prestakuntzan eta kudeaketan espezialistak prestatuko dira ikuspegi tekniko eta ekonomikotik, nazioarteko ikuspegia eta jarrera izan  ditzaten. Ikastaroak Horizon(te) 2020 programan sakontzen du, eta proposamen irabazle bat nola prestatu eta aurkeztu erakusten du, eta horretarako funtsezkoa da bikaina, onena, izatea, oso lehiakorra den ingurunean. Garrantzitsua da erakundearen barruan estrategia argia izatea horren alde egiteko, eta langile prestatuak izatea parte hartzeko aukerak detektatzeko, proposamen irabazleak idazteko eta buruturiko proiektuak kudeatzeko.

Horizon(te) 2020 programaren aurrekontua 80.000 milioi eurokoa da, eta Europar Batasuneko ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak finantzatzeko tresna nagusia da, ekonomiarentzat benetako pizgarria. Helburu gisa, euskal enpresa eta eragileen parte hartzea gehitzea eta 805 milioi euro lortzea ezarri du Euskadik, hau da, VII. Esparru Programan (2007-2013) lorturiko kopurua bikoiztea, orduko emaitzak arrakastatsuak izan zirelarik. Honela, 301 euskal erakundek 304 proiektutan parte hartu zuten, guztira 460 milioi euroren bidez finantzatuak. Kopuru hori programa haren aurrekontu osoaren %0,92 da, eta euskal ekonomiaren pisua UE-28-n, bere BPGren arabera neurtuta, %0,5ekoa da.

Gainera, Europako Batzordeak ETEen parte-hartze handia espero du Horizon(te) 2020 programan, eta enpresa hauetara aurrekontu osoaren %20 inguru bideratu nahi luke, hau da, 8.650 milioi euro. Programa berriak Europak aurrean dituen gizarte-erronka handiak konpontzera biratu du bere ikuspegia. Lehenengo aldiz, ez da mugatzen merkatuan produktu berriak jartzera, prozesuen eta sistemen garapena ere barne hartzen ditu, eta Europako beste indar-gune batzuk ere aitortzen ditu: diseinua, sormena eta gizarte-berrikuntzaren garrantzi handia.

Gai hauetan sakonduko dute IK4 Research Alliance, Tecnalia, Mondragon Unibertsitatea, European Enterprise Network eta Innobasqueko adituek Eusko Jaurlaritzako, SPRI taldeko, foru-aldundietako eta Industria eta Teknologia Garapenerako Zentroko (CDTI) ordezkarien laguntzaz, Nazioarteko I+G+b Proiektuak Kudeatzeko III. Ikastaro Aurreratuan; ostiraletan izango da Innobasqueren egoitzan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da. Informazio guztia Innobasqueren webgunean dago ikusgai. 

Partekatu albiste hau