• Topaketan berrikuntzako teknikariak eta aholkulariak izango dira, enpresa txikiek beren erakundean berrikuntza txertatzeko dituzten tresnak eta metodologiak azaltzeko.
  • Esperientziak erakutsiko dituzten enpresa txiki eta ertainak (Ibersun Renewable, Ortodontzia Laborategia AXIX eta Fit Learning Systems) berrikuntzak edozein sektoretako enpresak bultzatzeko duen gaitasunaren adibide argia dira
  • Getxoko Udalak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Uribe Kostako Behargintzarekin eta Leioako Udalarekin elkarlanean, topaketa antolatu dute hilaren 19an, osteguna, Getxoko BiscayTIK Fundazioaren egoitzan.

INNOBASQUE, 2024ko irailaren 16a. Datorren ostegunean, irailak 19, Getxoko Udalak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Uribe Kostako Behargintzaagentziarekin eta Leioako Udalarekin elkarlanean, enpresen berrikuntzari buruzko jardunaldi bat antolatu dute bi udalerrietako eta Uribe Kosta mankomunitateko ETE-ei zuzenduta.

Funtsean, bi hauek dira jardunaldiaren helburuak: ETE-en lehiakortasuna hobetzeko berrikuntzak zer-nolako balioa duen ikusaraztea eta gertuko eragileen bidez zer laguntza eta zerbitzu dituzten eskueran jakinaraztea, baita horien bidez beren helburuak nola lor ditzaketen azaltzea ere.

Ekitaldia 09:00ak eta 11:00ak artean izango da BiscayTIK – Bake Eder Ezagutza Zentroaren egoitzan (Zugazarte etorbidea 32, Getxo), “Bizkaia Orekan Sakonduz” ekimenaren baitan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek sustatzen dute ekimen hori, lurraldearen lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin.

Parte hartzeko interesa duten ETE-ek esteka honen bidez eman dezakete izena.

Jardunaldiaren egitaraua

Jardunaldiari hasiera emateko, Getxoko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Garapeneko teknikariak, Idoia Belaskok, ongietorria egingo die bertaratuei; ondoren, Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-en Berrikuntza zuzendariak, Luis Manerok, lnnobasquek enpresa txikien eta ertainen esku jartzen dituen soluzioen berri emango die, jakin dezaten zer baliabide dituzten beren ekimen berritzaileak abian jartzeko. Jarraian, Eurogap eta Idom aholkularitzetako adituek produktuan berrikuntza kudeatzeko ildo nagusien berri emango dute.

Jardunaldiaren bigarren blokean, hurbileko enpresen benetako kasuak azalduko dira, eta horretarako, Getxoko bertako hiru enpresa izango dira partaide: Ibersun Renewable, eguzki-panelen instalazioan eta mantentze-lanetan jarduten duen enpresa; AXIS ortodontzia laborategia; eta Fit Learning Systems, online prestakuntzan espezializatutako plataforma digitala. Hiruren esperientziak entzunda, agerian geratuko da berrikuntza funtsezko faktorea dela enpresa mota guztien lehiakortasuna bultzatzeko.

Contactos:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau