• Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Debegesarekin, Debabarreneko udalekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Goimek mekanizazio enpresarekin eta Enpresa Parkearekin elkarlanean, topaketa hau antolatu du eskualdeko enpresa txiki eta ertainei berrikuntza bultzatzeko dauden konponbideen berri emateko
  • Jardunaldian, eskualdeko bertako hiru ETEk –Goimek, Naberan Sareak eta Reiner Group– berrikuntzako beren esperientzien berri emango dute
  • Goimek, mekanizatuko enpresa, izango da topaketaren anfitrioia, eta haren instalazioetara eginiko bisitarekin amaituko da jardunaldia

INNOBASQUE, 2024ko irailaren 16a. Datorren ostiralean, hilak 20, Debabarrena eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako jardunaldi bat egingo da Goimek enpresaren instalazioetan, Itziar-Debako Enpresa Parkean (2. lursaila), Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta.

Funtsean, bi hauek dira jardunaldiaren helburuak: ETE-en lehiakortasuna hobetzeko berrikuntzak zer-nolako balioa duen ikusaraztea eta gertuko eragileen bidez zer laguntza eta zerbitzu dituzten eskueran jakinaraztea, baita horien bidez beren helburuak nola lor ditzaketen azaltzea ere.

Gainera, inguruko hiru enpresak beren kasu praktikoak azalduko dituzte, adibide gisa, bertaratzen diren ETE-ei erakusteko nola ezarri dituzten tresna eta metodologia berritzaileak hainbat prozesutan, eta horien bidez nola lortu duten enpresaren hazkundea azkartzea.

Jardunaldia 08:30ak eta 11:00ak artean izango da Goimek mekanizatuko enpresaren instalazioetan. Honako hauek aritu dira lankidetzan topaketaren antolaketan: Debegesa eskualdeko garapen agentzia, Debabarrenako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goimek bera eta Itziar-Debako Enpresa Parkea.

Izena emateko epea zabalik dago jada, esteka honen bidez.

Jardunaldiaren egitaraua

Bertaratuei ongietorria egin ondoren, Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Saileko arduradunak eta Basque Precision Technology District Elkarteko (BPTD) Idazkaritza Teknikoko koordinatzaileak, eta Luis Manerok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-en Berrikuntza zuzendariak, berrikuntzaren euskal ekosistemak ekimen berritzaileak bultzatzeko enpresa txiki eta ertainen esku jartzen dituen baliabide eta soluzioen berri emango dute.

Ondoren, hurbileko enpresen mahai-inguru bat izango da, eta Zumeta bera ariko da moderatzaile lanetan. Beren enpresetan berrikuntza txertatu duten hiru enpresatako arduradunak izango dira partaide mahai-inguru horretan: Aitor Txurruka, Goimek enpresaren zuzendari nagusia; Nekane Naberan, Naberan Sareak enpresako zuzendari nagusia, eta Javier Igarza, Reiner Group-eko zuzendari nagusia. Goimek Itziar-Deban kokatutako enpresa da, zehaztapen handiko piezen mekanizatuan espezializatua; Mutrikuko Naberan Sareak enpresak arrantzarako sareak egiten ditu, eta Reiner Group, hau ere Itziar-Deban kokatua, termoplastikoko piezak garatzen eta fabrikatzen espezializatutako lantegia da.

Mahai-inguruaren ondoren, Goimek-en instalazioak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek.

Contactos:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau