Hogei bat enpresak parte hartu dute Aretxabaletako Goi-mailako Lanbide Heziketako Institutuan (Aretxabaleta Lanbide Eskola) Bergara Enpresare enpresa-sareak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako jardunaldian

 Industrias Ugatu, Lazpiur, Metagra, Mondragon Assembly bertako enpresak zenbait arlotan berritzaileak dira lehiakortasuna indartzeko, eta beren proiektuak azaldu dituzte berrikuntza produktuaren, giza baliabideen hobekuntzaren, intralogistikaren edo aliantza estrategikoen esparruetan

 Jardunaldia topaketa-sorta baten barruan dago, zeinetan Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, tokiko eragileen laguntzaz, ETE-ei berrikuntzarako eta I+Gerako babes- eta laguntza-zerbitzuak aurkezten dizkien 

Aretxabaletan, 2023ko martxoaren 16an. Hogei bat ETE-ek gaur arratsaldean parte hartu dute Aretxabaletako Goi-mailako Lanbide Heziketako Institutuan (Aretxabaleta Lanbide Eskola) Bergara Enpresare enpresa-sareak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak berritzeko euskal konpainiek dituzten laguntza-zerbitzuak aurkezte aldera antolatutako jardunaldian. Topaketan konpainiek berrikuntzaren bitartez emaitzak hobetzeko eskura dituzten laguntzak eta eragileak ezagutzeko aukera izan dute. Horretarako, Lazpiur, Metagra, Mondragon Assembly eta Industrias Ugatu ETE-ek beren adibide errealak azaldu dituzte.

Zentroko instalazioetan zehar bisita gidatua egin ostean, Juan Bautista Ayerbe Enpresareko zuzendari exekutiboak eman dio jardunaldiari ongietorria.  Ondoren, ‘Nola kudeatu zure ETEaren berrikuntza? Autodiagnosia, metodologiak eta laguntza-konponbideak’ izenburupean mahai-ingurua egin da. Uribarri Goikuriak eta Olga Gómezek, biak enpresa-berrikuntzako teknikariak Innobasquen, parte hartu dute, Jon Arregui AFM Cluster for Advanced and Digital Manufacturingeko berrikuntza-teknikariarekin batera.

Berrikuntza-proiektuak kudeatzeko eskualdeko ETE-en eskura dauden tresnak azaldu ditu Goikuriak. Adibidez, berrikuntzaren profil espresari esker, hamar minututan bakarrik abiapuntuko autodiagnosia egin daiteke. Euskal Berrikuntzaren Mapa ezinbesteko tresna modura aurkeztu da, batetik, Euskadin berritzeko dauden laguntzak bilatzeko eta, bestetik, zer eragilek ematen dituzten jakiteko.  Bestalde, Arreguik azaldu ditu Hazinnova zerbitzua, hain zuzen ere, Euskadiko ETE-ek berrikuntzan lehenengo urratsak egiteko laguntza, Taller 1.000 eta TKguneak. Gómezek enpresa txikiek eta ertainek beren ideiak berrikuntzako proiektu ukigarri bihurtzeko eta berrikuntza-talde eraginkorra osatzeko oinarriak azpimarratu ditu.

Gainera, bertaratutakoek ezagutu ahal izan dute nola inguruneko lau enpresak beren negozio-emaitzak hobetu dituzten jarduera-arlo desberdinetan konponbide berritzaileak ezartzeari esker, aliantzen kudeaketan hasita jabetza banatu arte, berrikuntza produktuetatik eta logistikatik pasata.

 

Berrikuntzako kasu praktikoak

Amaia Ugalde Industrias Ugatu enpresako zuzendari nagusiak prozesuak hobetzeko intralogistikako konponbideak erabiltzeari eta bere bezero-zorroaren beharrak hobe ezagutzeko datuak aztertzeari buruz hitz egin du bere esku-hartzean. Ander Aramburuk, Lazpiurreko zuzendari nagusiak, bere emaitzak nola hobetu dituzten azaldu du, produktuan eta kudeaketan berrikuntzak eginez, prestazio gehiago eta hobeak dituen makina txertatzaile berri batekin eta erabakiak arin eta datu fidagarrietan oinarrituta hartzeko negozio-adimeneko tresnak erabiliz. Javier Ibarra Metagra konpainiako finantza-zuzendariak deskribatutakoari jarraikiz, bere konpainia familia-enpresa bat zen eta belaunaldiz belaunaldi akzioak banatzearen ondorioz jabetza oso banatuta zegoen, baina giza baliabideak kudeatzean berrikuntza dela bide, langileak bazkide bihurtu dira eta egun konpainiarekin zerikusirik ez duten akziodun txikienen arteko itunak direla eta, kontrola galtzeko arriskua saihestu da. Azkenik, Jean-Philippe Aguerrek, Mondragon Assembly konpainian I+Garen zuzendariak, azaldu du enpresak bazkide estrategikoak aurkitu dituela Euskadin eta Europan bere industria-proiektu pilotua garatzeko.

Jardunaldia Debagoieneko Tokiko Garapen Agentziako Enpresa eta Energia teknikari den Oihana Agirreren eta Enpresareko zuzendari exekutibo den Juan Bautista Ayerberen partaidetzarekin amaitu da. Bertaratutako ETE-ei berritzen hasteko hurrengo urratsak edo prozesu horretan aurrera egiteko laguntzak azaldu dizkiete.

Arratsaldeko topaketa Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu dituen ekitaldi desberdinen barruan kokatzen da. Zenbait administrazio publikoren, tokiko garapen-agentziaren, arlokako elkarteren eta euskal enpresen laguntzaz, ETE-ei berritzeko babes- eta laguntza-zerbitzua aurkeztu nahi die, merkatuak erronkak gero eta azkarrago planteatzen dituen honetan, Autonomia Erkidegoko konpainiei erantzuteko berritzearen garrantziaz kontzientziatzeaz gain. Eskualde bakoitzean inguruko ETE-etara jotzen da beren benetako adibideak azaltzeko: zer laguntza izan duten prozesu bakoitza egiteko eta zer eragileri, hala nola Innobasqueri, eskatu dioten laguntza fase bakoitzean, berrikuntza oso-osorik inplementatu arte.

Partekatu albiste hau