- 2100 ikaslek baino gehiagok hartuko du parte FIRST LEGO League Euskadi formakuntza-programan; urtarrilaren 25era arte egingo dira Estatutan parerik ez duen ekimen honetako tailerrak eta bisitak
- Aurten ikasleek izango duten erronkarekin loturik dafo formakuntza-programa. Hauxe da erronka: energia jasangarriaren etorkizuna berrasmatzea
- STEAM Hezkuntzan txertatutako programa da FIRST LEGO League Euskadi. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira sustatzaileak. Aurtengoa 14. edizioa izango da, eta finala 2023ko martxoaren 4an izango da Bilbon, Donostian eta Arrasaten
- Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak martxan jarritako STEAM Euskadi Estrategiaren baitan txertatzen da ekimena. Ikasleen artean formakuntza zientifiko-teknikoa bultzatzea eta esparru horietako bokazioak sustatzea, horiek dira STEAM Euskadi Estrategiaren xedeak
Bilbo, 2022ko abenduaren 15a. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 55 ikaslek aukera izan dute gaur Bilboko Rekalde kiroldegian energia-eraginkortasuna nola aplikatzen den eta kiroldegiak bere energia-beharrizanak nola asebetetzen dituen ikusteko; izan ere, energiaren autohornikuntzan aitzindaria da Rekaldeko kiroldegia (Bilbo). Bilboko Udaleko Bilbao Kirolak eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia izan dira gidari bisita honetan.
FIRST LEGO League Euskadi-ren baitan Innobasquek antolatutako formakuntza-programa oso batean txertaturik dago Rekaldeko saioa. Euskadiko 2.100 ikaslek eta punta-puntako 15 enpresak eta erakundek hartuko dute parte programan, helburu nagusi honekin: ekimenean parte hatzen ari diren taldeei, eta, oro har, ikasleei energiaren arloan Euskadin zer egiten ari den erakustea; izan ere, energia da aurtengo erronka.
Rekaldeko kiroldegian energia kudeatzeko martxan den ereduak lotura zuzena du aurten FIRST LEGO League ekimenean parte hartzen duten ikasleek izango duten erronkarekin; energiarekin, alegia. Alde horretatik, gaurko bisitaren bidez ikasleek aukera bikaina izan dute ideiak hartzeko, gerora, martxoaren 4an, FIRST LEGO League Euskadiko finalean aurkeztuko dituzten proiektu berritzaileak sortu ahal izateko. STEAM Hezkuntzari loturik, Euskadiko erreferentziazko programa da FIRST LEGO League Euskadi, gazteen artean zientziarako eta teknologiarako interesa eta bokazioa sustatzeko. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira programaren antolatzaileak.
Félix Añibarro Bilbao Kirolak-eko Mantenu bulegoko buruak gidatu du bisita. Bertan izan dira, halaber, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gaztedia eta Kiroletako zinegotzia, Marcos Muro, Bilbao Kirolak elkarteko zuzendaria eta Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia. Kiroldegietan, oro har, eta Rekaldekoan, zehazki, energiaren erabileran zer bilakaera izan den azaldu zaie bertaratutakoei, energia-beharrizanak testuinguruan jarrita, ikasleek uler dezaten, adibidez, igerilekuaren edo tenis-pistaren erabilerak zer inpaktu energetiko duen. Orobat, energia aurrezteko eta eraginkortasuna lortzeko neurrien berri ere eman zaie, eta kirol-zentroan bertan energia berriztagarriak (zehazki, eguzki-energia termikoa eta fotovoltaikoa) erabiltzeko zer ahalegin egiten den azaldu zaie. “Energia primarioak murriztea ez da apeta bat”, esan du Añibarrok; “merkatuak ezarritako baldintza baizik. Prestatuta egon behar dugu. Modurik onena, makina eraginkorrak erabiltzea eta eraikinetan dugun energia bera aprobetxatzea da. Horretarako neurrietako bat da eguzki-energia aprobetxatzeko plakak erabiltzea”.
Itxaso Errotetak, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak, nabarmendu duenez, “gure erronka da gure kiroldegiak ia zero energia-ereduari erantzutea. Errekaldeko kiroldegiaren tamainako kiroldegi batean energia aurrezteko hartzen ari garen neurriak erakutsi ditugu, FIRST LEGO League Euskadin parte hartzen ari garen aldetik, STEAM Estrategia Bilboko aisialdi hezitzailerako espazioetan hedatzeko beste ekintza bat baita, bokazio teknologikoak eta zientifikoak sustatzeko helburua duena”.
“Gero eta ikastetxe gehiago ari dira STEAM Hezkuntzan hasten, ikasleen kualifikazio zientifiko-teknologikoa modu praktikoan handitzen ari delako. Aukera ematen die gazteei beren mundua hobetzen duten irtenbide berritzaileak sortzeko, begirada berritzailearekin aurre egin diezaieten guztioi eragiten diguten egungo benetako erronkei, hala nola udal kirol-instalazioen energia-kontsumoari. FIRST LEGO League Euskadi ekimenean eskaintzen den prestakuntzak erronka global horien errealitatea eta gure ingurune hurbilean garatzen ari diren zientzian eta teknologian oinarritutako irtenbideak erakusteko aukera ematen digu”, esan du Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako, Innobasque, zuzendari nagusiak.
Euskadi, aitzindari formakuntza-tailerretan
Aurten, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko Euskadiko ikastetxe guztiek, FIRST LEGO League Euskadin parte hartu zein ez, aukera izango dute formakuntzako 11 saio irekietan (online izango dira) eta aurrez aurreko hiru bisitetan izena emateko. Gaurtik urtarrilaren 25era arte izango dira saio horiek. Dagoeneko 2.124 ikaslek eman dute izena; iaz formakuntza-saioetara bertaratutakoek baino ` gehiagok. Topaketa horiek ez dute parerik Estatu osoan, eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, antolatzen ditu, enpresa, teknologia-zentro eta erakunde publikoen laguntzarekin.
https://www.innobasque.eus/microsite/first-lego-league-euskadi-2022/