• Bihar, azaroaren 11n, 8:30etik 10:30era, Judizeko Enpresa Parkean dagoen A&B Laboratorios de Biotecnología enpresaren egoitzan egingo den jardunaldian, ETE-ei adieraziko zaie berrikuntza erakundearen edozein arlotan aplikatzeak lehiakortasuna areagotu dezakeela
  • Bertaratutakoek hainbat sektoretako ETE-en esperientzia berritzaileak ezagutu ahalko dituzte, hala nola kimika (A&B Laboratorios de Biotecnología), ingeniaritza (Automach Ingeniería), garraioa eta logistika (Duvenbeck Logística) eta elikagaigintza (Udapa)
  • Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Vitoria-Gasteizko Udalak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko zerbitzua aurkeztuko dute

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 10a. Jundizeko Enpresarien Elkarteak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak jardunaldi bat antolatu dute bihar, azaroak 11n, Jundizeko enpresei berrikuntza eguneroko beharrei erantzuteko eta emaitzak hobetzeko erabiltzen laguntzeko. Topaketaren helburua da ETE-ei azaltzea berrikuntza erakundearen edozein arlotan aplikatzeak lehiakortasuna areagotu dezakeela. A&B Laboratorios de Biotecnología enpresaren egoitzan izango da, enpresa-parkean bertan, 8:30etik 10:30era.

Jardunaldia A&B Laboratorios de Biotecnología-ko zuzendari nagusi Patricia Gutiérrez Serranoren eta Jundizeko Enpresen Elkarteko presidente Manuel Allenderen ongietorriarekin hasiko da. Horiek hitz egin ondoren, Luis Manerok (Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-etako Berrikuntzako zuzendaria) eta Juncal Ibeasek (Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Saileko Enpresa eta Industria Zerbitzuko burua) enpresa txiki eta ertainei berrikuntzaren arloan laguntzeko dituzten zerbitzuak aurkeztuko dituzte. 

Ondoren, Jundizeko Enpresa Parkean dauden lau enpresa txiki eta ertainetako ordezkariek bertaratutakoei azalduko diete nola berritu dituzten hainbat alderdi (produktua, pertsonen kudeaketa, bezeroak edo negozio-eredua) eta nola heldu dieten arrakastaz beren enpresa-erronkei. Zehazki, hainbat sektoretako ETE-en esperientzia berritzaileak ezagutuko dira, hala nola kimika (Jon Kepa Izaguirre, A&B Laboratorios de Biotecnología-ko Kalitate eta Berrikuntza zuzendaria), ingeniaritza (Martín Ferreyra, Automach Ingeniería-ko zuzendari komertziala), garraioa eta logistika (Gorka Salas, Duvenbeck Logística-ko kontuen kudeatzailea) eta elikagaigintza (Alfonso Sáenz de Cámara, Udapako bazkidea eta zuzendaria). Eztabaida Gotzon Bernaolak moderatuko du, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusiak.

Programa amaitzeko, ‘Próximos pasos’ hitzaldia egingo da, eta Luis Manerok hartuko du hitza, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ETE-etako Berrikuntzako zuzendariak, Jundizeko enpresek laguntza-zerbitzura sartzeko eman ditzaketen pausoak azaltzeko. Amaitzeko, ‘networking’ gune bat egongo da, eta nahi duten enpresek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute, minutu gutxiren buruan, zein berrikuntza-maila duten eta zer laguntza eta zerbitzu dituzten eskura beren erronkei eta beharrei aurre egiteko.

Jardunaldian parte hartzen dute hauek: A&B Laboratorios de Biotecnología, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, 2030 Garapen Jasangarriaren Aldeko Arabako Aliantza eta UNESCO Etxea

Partekatu albiste hau