Berrikuntza irekiaren paradigmaren bidez erakundeek mugak gainditzen dituzte eta proiektu berritzaileak, ikerketa eta garapenekoak, diseinatu eta gauzatzen dituzte beren interes-taldeekin lankidetzan.

  • Gaurko saioan, euskal erakundeen (Conexiones Improbables, ESLE, Orbea, Herrero y Asociados, MIK eta UPV/EHU) ordezkariek berrikuntza irekiko proiektu nagusietako batzuk ezagutarazi dituzte.

Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)

Bilbo, 2015eko uztailaren 14a. Berrikuntza irekia berrikuntza-paradigma da, eta honen bidez erakundeak beren mugez haratago joaten dira eta beren ikerketa- eta garapen-proiektu berritzaileak diseinatu eta gauzatzen dituzte. Ezagutza eta barne- eta kanpo-trebetasunak era egokian uztartuz, enpresak ireki egiten dira eta beren interes-taldeekin (bezero, langile, lehiakide, teknologia-zentro, hornitzaile, unibertsitate eta abarrekin) ideiak partekatzen dituzte, ezagutza, produktu edo zerbitzu berriak sortuz. Horretaz gaur goizean hitz egin dute “Berrikuntza Irekia” jardunaldian, eta Bilboko Rekalde aretoan izan dira José Luis Sagarduy, Herrero y Asociados-eko Negozio Estrategien zuzendaria; Roberto Gómez de la Iglesia, Conexiones Improbables-eko zuzendaria; María Retegi, Orbea-ko Erabiltzailearen Arretarako Zerbitzu managerra; Miren Bengoetxea, Orbea-ko Innovation Project managerra; Eneko Astigarraga, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko (ESLE) lehendakaria; David Sánchez Bote, MIK-eko zuzendaria; Xabier Barandiaran, UPV/EHUko Filosofiako irakasle eta ikertzailea; Alberto Bokos, Innobasqueko Komunikazio eta Sozializazio zuzendaria.

Ekitaldia, “Innobasqueko Astearteak” programan kokatua, Conexiones Improbables-ekin lankidetzan antolatu da; berrikuntza ireki eta elkarlaneko plataforma honek esplorazio-prozesuak bultzatzen ditu erakundeen berrikuntzara eta eraldaketara bideratuak, arte- eta enpresa-munduaren hibridazioaren bidez. Honela, artistak eta sortzaileak sartzen dituzte enpresetako lan-taldeetan, aurrez zehazturiko berrikuntza-erronkei aurre egiteko. 150 proiektu baino gehiago garatu dituzte hainbat herrialdetan.

Horietako bat Orbea bizikleta-egilearen kasua da, 2014an merkaturatu zen “All Use” bizikleta-gama berria sortzeko Co-creable metodologiekin lan egin baitzuen. Enpresako erabiltzaile, banatzaile eta langileek ingurune parte-hartzaileetan lan egin zuten, konfiantzan eta komunikazioan oinarrituta.

IKTek errazten dute konexio hauek erakundetik haratago gertatzea. Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak (ESLE), 1.500 profesional lanean dituzten 40 enpresak osatuak, aberastasuna sortzen du software eta ezagutza irekiko industrien bidez. Berrikuntza irekia lankidetzan eta talentua eta konpromisoa balioan jartzean oinarritzen da. Sektore honek aukera handiak ditu Euskadin, bertako ekonomiak sustatzen laguntzen baitu, lidergo teknologikoa indartuz eta beste arlo batzuetan berrikuntza  erraztuz, open source, open data komunitateetan duten partaidetzari esker, edo produktu propioekin.

Bestalde, Mondragon Korporazioan erakunde- eta gizarte-berrikuntzan espezializaturiko kudeaketa-ikerketako zentroan (MIK) honela ulertzen da berrikuntza irekia: enpresek kanpo- eta barne-ezagutzaren erabilera egin dezaketela eta egin behar dutela onartzen duen paradigma gisa, bere teknologia garatzeko merkatura sartzeko hainbat bide erabiliz.  Zentroan Open Basque, berrikuntza irekiko eredu integrala, garatu dute, balioa sortzeko aukerak biderkatzen dituena pertsonaren, erakundearen eta lurraldearen ikuspegitik, nagusiki endogenoa den egungo praktika berritzailea gaindituz.

Baita ere ezagutarazi da Flok Society ikerketa-proiektua, Ekuadorren garatzen dena eta ezagutza librean eta irekian oinarrituriko herri-politikak sustatzen dituena, ezagutza hau guztion eskura egon behar duen ondasun publikotzat joz. Ekonomia barreiatuaren P2P filosofian oinarritzen da, eredu sozio-ekonomiko berria, zera komun, libre eta irekitik berdinkideen arteko harremanetan oinarritua.

Azkenik, Herrero y Asociados-en uste dute berrikuntza irekian lankidetzan ari diren enpresen ehunekoa komeni baino txikiagoa dela eta egoera honen arrazoia  babesten duen lege-esparrua ez ezagutzea izan litekeela. Adibidez, jabetza intelektualaren hainbat mekanismo daude, berrikuntza irekiko estrategia hauen bidez sorturiko ezagutza berria babes dezaketenak.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

Partekatu albiste hau