- Elkarlaneko berrikuntza gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gaur egungo erronka konplexuei aurre egiteko, eta, hain zuzen, behar horri erantzuten dio argitalpenak
- Bi helburu nagusi ditu gidak: berrikuntza irekia eta berrikuntza-ekosistemak zer diren azaltzea, denek ulertzeko moduan, eta enpresa mota guztietan modu eraginkorrean ezartzeko jarraibide zehatzak ematea
- Gida eskuragarri dago jada kontsultarako eta doan deskargatzeko, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean
Innobasque, 2024ko azaroaren 20a. Innobasquek “Berrikuntza irekia eta berrikuntza-ekosistemak” gida aurkeztu du, informazio teorikoa eta praktikoa uztartzen dituen argitalpena, berrikuntza irekia zer den hobeto ulertzeko eta mota guztietako enpresek beren estrategian berrikuntza eredu hori txertatzea eta berrikuntza-ekosistemetan parte hartzea sustatzeko.
Elkarlaneko berrikuntzaren ereduak enpresatik kanpoko beste hainbat eragile eta ikuspegi bateratzen eta engaiatzen ditu berrikuntza-prozesuan, eta gero eta garrantzi handiagoa du. Horren adierazle da argitalpen hau. Eredu hori indarra hartzen ari da eta giltzarria izan daiteke gaur egungo erronka konplexuei erantzuteko; izan ere, Innobasquek gidan dion moduan, “enpresek ez dituzte beharrezko baliabide eta ezaguera guztiak halako eskakizun handiko egoerei aurre egiteko, eta, alde horretatik, ezinbestekoa da elkarlanean jardutea eta testuinguru berrietara zabaltzea”.
Joera hori oso nabarmen islatu zen lehen aldiz 2019an, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, landutako lehen Prospektiba Txostenean, eta are garrantzitsuagoa bihurtu da gaur egungo testuinguruan, egoerak gero eta konplexuagoak eta lehiakorragoak diren heinean.
Gidak bi helburu nagusi ditu: batetik, berrikuntza irekia eta berrikuntza-ekosistemak zer diren azaltzea, denok ulertzeko moduan, eta, bestetik, enpresei jarraibide jakinak ematea eredu hori beren erakundeetan ezartzeko, beti ere modu egituratuan eta haien berrikuntza-estrategiekin lerrokatuta.
Argitalpenean honela definitzen da berrikuntza irekia: “Berrikuntza-prozesu banatu bat da, nahita kudeatutako ezagutza-fluxuetan oinarritua, erakundeen mugak zeharkatuz eta erakundearen negozio-ereduarekin bat datozen diruzko eta ez-diruzko mekanismoak erabiliz”. Elkarlanaren edo lankidetza hutsaren aldean desberdina da, beraz berrikuntza irekia; izan ere, “lankidetzan jarduteak ez du halabeharrez lankidetza irekia egitea esan nahi; prozesuak planifikatua, nahita eta horrela erabakita egindakoa izan behar du”, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak azaldu duenez. Berrikuntza-ekosistemak, bestalde, honela definitzen dira: “Erakunde autonomoen eta norbanakoen sareak dira. Eragile horiek elkarrekin lankidetzan eta lehian jarduten dute, eragileek hasieran zutena baino balio handiagoa sortzeko. Hau da, zerbait bizia da sare hori, edozein erakundetatik sor daiteke, eta aldatzen eta ingurunearen baldintzetara egokitzen joan daiteke, edo inguruneko baldintza berriak sor daitezke, eta, une jakin batean, ekosistema hori desagertu egin daiteke”.
Berrikuntza irekiaren eta hura egituratzen duten berrikuntza-ekosistemen oinarriak finkatzen ditu, beraz, gidak, eta eskuragarri dago jada Innobasqueren webgunean, kontsultatzeko eta doan deskargatzeko.
Hasten ari direnentzako nahiz eskarmentua dutenentzako gida
Tamaina eta sektore guztietako enpresei zuzenduta dago argitalpena; alde horretatik, bide-orri bat da haientzat, bai lehendik dauden berrikuntza-sistemetan sartzeko, bai berriak sortzeko prozesuak gidatzeko. Innobasqueren iritziz, gida oso erabilgarria da esparru horretan hasten direnentzat ez ezik gaur egungo ekosistemetan diharduten enpresen parte-hartzea optimizatzeko edo haietan betetzen duten zeregina berraztertzeko asmoa duten enpresentzat ere.
Gidak hainbat kontzeptu teoriko jasotzen ditu, baina horiez gain, elkarlaneko eredu hauei ekin aurretik enpresek aintzat hartu beharreko gomendio praktikoak eta galdera giltzarriak ere biltzen ditu. Gobernantza, eragile aliatuak, prozesuak, emaitzen neurketa eta beste zenbait alderdi xehetasun osoz aztertzen ditu gidak, ekimen eraginkorrak eta iraunkorrak egituratzen laguntzeko.
Lankidetzaren eta elkarbanatutako jakintzaren emaitza
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, 910 erakunde bazkide baino gehiagorekin, berrikuntza irekiko ekosistema modura jarduten du; hala, ekosistema horren baitan, jakintza batetik bestera dabil eta eragileen artean lankidetza sustatzen da.
Aurkeztutako gida bera ere, izatez, elkarbanatutako jakintzaren eta lankidetzaren emaitza da. Gida lantzeko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak Bilakatu enpresaren laguntza izan du, gaian espezializatutako erakunde bazkide baten laguntza, dagoen bibliografia ugaria ere baliatu du, eta berrikuntza-ekosistemen benchmarking bat ere hartu du eredutzat.
Innobasquek aspaldiko konpromisoa du jardunbide berritzaileak ezartzen lagunduko duten tresna eta metodologiak lantzeko eta sustatzeko, eta gida honek sendotu egiten du konpromiso hori.
Kontaktuak:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]