Batzar Nagusiaren argazki gehiago hemen.
Batzar Nagusiaren laburpen-bideoa hemen.
Bideo mozketak deklarazioekin hemen.
INNOBASQUE, 2024ko maiatzaren 29a. 2024an, I+Gko euskal inbertsioa inoizko handiena izango da: 2.068 milioi eurotik gorakoa, aurreko ekitaldian baino %6,4 handiagoa. Horrela jasotzen du Innobasqueren gaurko Batzar Nagusian aurkeztu den ‘Euskal I+G: 2024ko aurreikuspenak eta egoeraren diagnostikoa’ txostenak. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta Euskadiko enpresa trakziogile nagusiek elkarlanean landu dute txosten hori. Euskadiko I+Gren %40 ordezkatzen dute enpresa trakziogile horiek.
Eustatek emandako datuen arabera, 2022an, 1.795 milioi eurokoa izan zen inbertsioa, eta 2023an, 1.944 milioikoa. Aurten, berriz, 2.000 milioiko langa gaindituko da, aurkeztutako estimazioaren arabera.
Zifra horiek argiro erakusten dute I+G arloko euskal inbertsioaren etorkizuneko aurreikuspenak oso positiboak direla, edozein dela ere jarduera-sektorea, eta, 2022ko eta 2023ko zifrak aintzat hartuz gero, joera goranzkoa izango dela eragile ekonomiko guztien bultzadari esker.
Inbertsioaren estimazio hau egiteko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak estatistika-tresna bat garatu zuen 2019an. Tresna horrek honako adierazle hauek hartzen ditu erreferentziatzat: I+G arloko euskal aurrekontuak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak landutako Barne Produktu Gordinaren (BPGd) bilakaera eta Euskadiko I+G arloko 18 enpresa trakziogileren aurreikuspena. Hauek dira 18 enpresa horiek: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Mondragon Korporazioa, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mercedes Benz, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex, Ulma eta Velatia.
Batzar Nagusian bertan, berrikuntzaren esparruko Euskadiko enpresa trakziogile horietako batzuek foro batean parte hartu dute, gau hau ardatz zela: “I+Garen oraina eta etorkizuna euskal ekonomiaren sektore nagusietan”. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia izan da foroaren moderatzailea.
Partaide hauek izan dira enpresen topaketa horretan: Nerea Aranguren, DANOBAT GROUPeko Berrikuntzako eta Negozio Berrien Sustapenerako zuzendaria; Tatiana Suárez, FAES Farma enpresan I+G+b-ren Sustapenerako Gerentea; Katia de Luis, Gestamp-eko Planifikazio Estrategikorako zuzendaria; Josetxo De Frutos, ULMA Taldeko Garapen eta Berrikuntza zuzendaria; Roberto Mariscal, Iberdrola Espainiako Berrikuntza zuzendaria; Erlantz Cristóbal, ITP Aero enpresako Ingeniaritza eta Teknologia arloko zuzendari eragilea; Oscar Julia, Sener enpresako Berrikuntza zuzendaria, eta Javier Ciriza, Sidenorreko I+Gko zuzendaria.
Beren sektoreetan I+G+b nola ezarri duten eta etorkizuneko erronketara nola egokitzen ari diren azaldu dute eragile horiek guztiek. Puntu horretan, adimen artifiziala ekoizpen-metodoetan izaten ari den eragina nabarmendu dute.
Innobasqueri buruz
2007an sortua, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da. Agentzia osatzen duten erakunde bazkideekin batera, Euskadiko Eraldaketa prozesua bultzatzea, dinamizatzea eta monitorizatzea da Innobasqueren xedea eta egitekoa, esparru guztietan gizarte berritzaile baterantz bidea egiteko.
Innobasquek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide den aldetik, gai horiei loturiko euskal politikak ebaluatzen ditu, eta orobat, Euskadiko I+G+b arloaren nazioartekotzea Europan zenbatekoa den eta horrek zer inpaktu duen neurtzen du.
Horrez gain, berritzen laguntzen die ETE-ei, erakunde bazkideen esperimentazioaren eskutik sortutako ekintzen bidez.
Agentziaren beste helburuetako bat gazteen artean, eta bereziki nesken artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko lotura eta interesa sustatuko duten programak eta ekintzak bultzatzea da.
Bidali e-mail bat helbide honetara: [email protected]
Kontaktuak:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]