Argazkia: Luis Manero, Eder Murga, Elena Echevarria, Eduardo Ortiz de Arri, Unai Redondo
- Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta Gasteizko Udalak jardunaldi bat antolatu dute Jundizko Enpresen Zentroan, Gasteizko ETE-ei berrikuntzaren bidez lehiakorragoak nola izan daitezkeen azaltzeko
- Topaketan, hainbat sektoretako esperientzia berritzaileak eman dira ezagutzera: industria eolikoan diharduen Nabla WindHub enpresarena, argiztapenaren sektoreko Luznor enpresarena eta komunikazioaren esparruko Gabineteseis aholkularitzarena
Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a. Gasteizko Udalak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gasteizko enpresei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dute astearte honetan, maiatzak 14, ETE-ei azaltzeko nola baliatu dezaketen berrikuntza eguneroko beharrizanei erantzuteko eta, era horretara, beren emaitzak hobetzeko. Jardunaldiaren bidez ETE-ei erakutsi nahi izan zaie antolaketaren edozein esparrutan berrikuntza ezartzea lagungarri dela enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.
Topaketa Jundizko Enpresen Zentroan izan da, eta bete egin da aretoaren edukiera (14 enpresetako ordezkariak bertaratu dira, guztira). Luis Manero, Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) ETE-en Berrikuntza zuzendaria izan da moderatzaile.
Jardunaldiari ekiteko, Unai Redondo Gasteizko Udaleko Enpresa Zerbitzuko teknikaria, Ander Larrinaga Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren zuzendaria Arabako Foru Aldundian eta Innobasqueko ordezkariek ongietorria egin diete bertaratuei, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak Euskadiko enpresa txiki eta ertainei zer zerbitzu eskaintzen dizkien azaldu dute.
Ondoren, Gasteizko hiru enpresatako ordezkariek beren esperientzien berri eman dute, eta soluzio berritzaileak enpresaren funtzionamenduan integratuz, beren erronkak nola lortu dituzten azaldu dute. Hain zuzen, industria eolikoaren, argiztapenaren eta komunikazioaren sektoreetako hiru kasuren berri eman dute, hurrenez hurren, Nabla Wind Power enpresako eragiketen zuzendariak, Eder Murgak; Luznor enpresako zuzendari nagusiak, Elena Echevarriak; eta Gabineteseis aholkularitzako zuzendari bazkideak, Eduardo Ortiz de Arrik.
Beren enpresetan berrikuntzaren alde apustu egitea nola erabaki zuten azaldu dute guztiek, eta horrek enpresaren emaitzak eta lehiakortasuna hobetzen nola lagundu dien. Era berean, berrikuntza-prozesu horretan zer zailtasun izan dituzten eta nola gainditu dituzten ere aztertu dute.
Nabla Wind Power enpresako eragiketen zuzendariak, Eder Murgak, berrikuntzaren esparruan enpresak betidanik izan duen kezka nabarmendu du: “Berrikuntza ezaugarri funtsezkoa izan da enpresan, jaio ginenetik, eta gure filosofia beti izan da gure ingurunea ezagutzea”. ETEak HAZINNOVA programarekin izan duen esperientzia ere goraipatu du Murgak (SPRIren programa da Hazinnova, Innobasquek kudeatua). Hitzaldian esku hartu duten beste bi enpresek ere hartu dute partaide programa horretan. Alde horretatik, Eduardo Ortiz de Arrik, Gabineteseis aholkularitzako bazkide zuzendariak, tresna horren garrantzia azpimarratu du, “izen-abizenak jartzen baitizkie askotan ezagutzen ez ditugun gauzei”. Bestalde, Elena Echevarriak, Luznor enpresako zuzendari nagusiak, berrikuntzaren alde eta horrelako programen alde apustu egitera animatu ditu ekitaldira bertaratu diren enpresetako ordezkariak: “Hainbat esparrutan ez gara adituak, eta horietako asko jorratzen dira programa horietan; gainera, martxan jartzeko izapideak oso errazak dira”.
Amaitzeko, hiru enpresek adierazi dute aurten ere asmoa dutela HAZINNOVAren bidez esperientzia berritzaile hori errepikatzeko, era horretara, berrikuntzaren beste esparru batzuk ezagutzeko eta beren baliabideak optimizatzen jarraitzeko.
Informazio gehiago:
Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]