• ENPRESA BERRITZAILE BIHURTZEKO LEHEN URRATSAK NOLA EMAN AZALDU DIE BERRIKUNTZAREN EUSKAL AGENTZIA, INNOBASQUEK GASTEIZKO ETE-EI
  • 40 enpresa bildu dira Innobasquek eta Gasteizko Udaleko Ekonomia-Sustapenaren Saileko Enpresa eta Industria Zerbitzuak antolatutako topaketan; Mercadonaren logistika blokean izan da ekitaldia, Arabako hiriburuan bertan
  • Bertaratuek aukera izan dute beren profil berritzailea zein den ezagutzeko eta berrikuntzarako euskal ekosistemak zer laguntza-zerbitzu ematen dituen, eta, bereziki, Hazinnova programak zer eskaini diezaiekeen jakiteko
  • Gainera, Adimen, Bodegas Eguren, Ideolab eta Solid Machine Vision enpresek bezeroak bilatzeko eta fidelizatzeko martxan jarri dituzten ekimen berritzaileak eta prozesuak ere ezagutu dituzte

Gasteiz, 2023ko irailaren 26a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak jardunaldi bat antolatu dute gaur goizean, hiriburuko enpresei berrikuntzaren bidez lehiakorrago izaten laguntzeko. Mercadonak Arabako hiriburuan duen logistika-blokean izan da hitzordua, Innobasquek tokiko eragileekin batera aldian behin antolatzen dituen topaketen testuinguruan. Hauek dira topaketa horien helburu behinenak: euskal ETE-etan kultura berritzailea txertatzea, enpresei aholkularitza pertsonalizatua non eskura dezaketen azaltzea eta diru-laguntza, teknika eta prestakuntza aldetik zer baliabide dituzten eskura jakinaraztea.

40 enpresatako ordezkari bertaratu dira ekitaldira. Gorka Díaz Manzano Mercadonako lurralde-zuzendariak egin du ongietorriko hitzaldi laburra. Ondoren, Luis Manero, Innobasqueko ETE-en Berrikuntzako zuzendaria, eta Juncal Ibeas, Gasteizko Udaleko Ekonomia-Sustapenaren Saileko Enpresa eta Industria Zerbitzuko burua, arduratu dira enpresei berritzen laguntzeko eta prozesu horretan aholkularitza emateko erakunde bakoitzak dituen zerbitzu eta baliabideen berri emateaz. Hala, berrikuntzarako euskal ekosistemak ematen dituen laguntza-programen artean, bereziki Hazinnova nabarmendu dute, Spri Taldeak Innobasqueren lankidetzarekin martxan jarritako ekimena. Programa horrek 50 orduko doako aholkularitza ematen die bost langile baino gehiago dituzten enpresei, edozein jarduera-esparrutan (antolaketa, ekoizpena, banaketa, salmentak…) proiektu berritzaile txikiak martxan jarri ahal izateko eta, horien bidez, hiru hilabetetan soilik emaitzak eskuratzeko.

Horrez gainera, jardunaldian zehar, enpresek aukera izan dute beren erronkei eta barne-prozesuei buruzko galdetegi bati erantzuteko, eta, horren bidez, beren profil berritzailea ezagutzeko. Tresna hori oso baliagarria da kasu bakoitzari egokitutako gomendio eta soluzioen txosten bat egin ahal izateko. Test erako 21 galdera oinarritzat hartuta, hamar minutu eskasean enpresaren profil berritzailea zein den jakin daiteke. Negozio jakin horrek berrikuntzaren arloan dituen gabezia eta erronka nagusien erradiografia eskaintzen du profil horrek.

Jardunaldia amaitzeko, lau kasu arrakastatsuren berri eman dute enpresa protagonistek. Hala, tresna eta estrategia berritzaileak txertatuta, bezeroak bilatzeko eta fidelizatzeko prozesuak nola hobetu dituzten azaldu dute Gasteizko lau konpainiak. Patxi Alija, Adimen enpresako zuzendaria; Asun Eguren, Bodegas Eguren upategiko zuzendaria; Carlos Hermosilla, Ideolab-eko sormen-zuzendaria eta José Ignacio García de Cortázar, Solid Machine Vision enpresako zuzendari teknikoa, merkataritza-arloan enpresa bakoitzak zituen erronka jakinei buruz aritu dira, eta berrikuntzen bidez erronka horiek nola gainditu ahal izan zituzten azaldu diete jardunaldira bertaratu direnei. Lankidetzara edo ‘networking’-era bideratutako espazio batekin itxi da egitaraua.

Informazio gehiago
Blanca Pardo, Edukien arduraduna
658 727 776 / [email protected]

Ana Larizgoitia, Komunikazio arduraduna
656 788 328 /[email protected]

Partekatu albiste hau