Bilboko Begoñazpi ikastolako bi talde eta Donostiako Axular Lizeoko beste bat lehen, bigarren eta hirugarren tokietan geratu dira, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolaturiko FIRST Lego League Euskadi (FLL Euskadi), zientzia eta robotikako lehiaketaren zortzigarren edizioan.

  • First Lego League nazioarteko hezkuntza-lehiaketa da 9 eta 16 urte arteko ikasleentzat, zientzia eta teknologiarako beraien bokazioak iratzartzen dituena zenbait trebetasun eta gaitasun sustatuz: talde-lana, espiritu ekintzailea, arazoak konpontzeko gaitasuna edo pentsamendu kritikoa.
  • Ia 1.500 lagun elkartu dira gaur Euskaltelen egoitzan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, 500 gazte berritzaile animatu eta bultzatzeko; hauek beren proiektu zientifikoak erakutsi dituzte eta eurek diseinatu eta programaturiko robota jarri dute lanean, FLL balioei jarraituz: talde-lana, begirunea, aurkikuntza, inklusioa eta lankidetza.
  • Nobedade gisa, aurten jarduera paraleloen programa trinkoa antolatu da Opengune-n: helikoptero baten lur hartzea eta Ertzaintzako txakur-unitatearen erakustaldia, drone tailerrak, sariketak eta zozketak.

2017ko urtarrilaren 28a. Gutxi gorabehera 500 euskal ikaslek, taldeka, parte hartu dute gaur Euskaltelen egoitzan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean FIRST Lego League Euskadi (FLL Euskadi) nazioarteko zientzia eta robotikako lehiaketan. Ia 1.500 lagun inguru izan dira beraiekin, animatzera eta Opengunen programaturiko jarduera paraleloen programa betean (drone-tailerra, dastatzeak edo helikopteroan iritsi den Ertzaintzako txakur-unitatearen erakustaldia…) parte hartzera etorriak.

Aipaturiko hiru taldeek Espainiako FLL finalean parte hartuko dute, eta handik aukera izango dute Open European Championship-en edo Estatu Batuetako World Festival-en parte hartzeko; talderik osoenak izan dira beren proiektu zientifikoaren kalitatean eta berrikuntzan, diseinatu eta programatu duten robotaren fidagarritasunean eta lehiaketan zehar erakutsitako balioetan.

FLL Euskadi-ren zortzigarren ediziotik 6 eta 9 urte arteko 100 neska-mutiko igaro dira Junior FLL kategorian, eta 10 eta 16 urte arteko 400 gazte FLL kategorian. Guztiek hartu dute parte hainbat hilabetez beren proiektu zientifikotan, aurtengo erronkari erantzun nahian, erronka berbera mundu osoko 88 herrialdetako 1.500 edizioetarako: nola hobetu animalien eta pertsonen arteko harremana.

First Lego League nazioarteko lehiaketa da, zientzia eta teknologiarako bokazioak iratzartzen dituena zenbait trebetasunen (talde-lan, espiritu ekintzaile, arazoak konpontzeko gaitasun edo pentsamendu kritikoaren) garapena sustatuz Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Gazteek taldeka parte hartzen dute eta urtero aldatzen den erronka global bati erantzun behar diote. Horretarako, proiektu zientifiko bat garatzen dute, adituen epaimahai baten aurrean defendatzen dutena, eta robot bat diseinatu eta programatzen dute zenbait eginkizun bete ditzan. Hori guztia taldean lan eginez, sormen, espiritu ekintzaile eta berritzailez. FLL balioek robotaren jokoak edo proiektuak besteko puntuazioa dute.

Duela zortzi urtetik hona, FLL Euskadik enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta herri-erakundeekiko lankidetza-eredu propioa du. Gazte parte-hartzaileek prestakuntza-bisitak egiten dituzte leku hauetara, eta hor ikasten dute zer egiten den Euskadin erronka-gaiaren inguruan. Edizio honetan ikasleak prestatu dituztenak Neiker Tecnalia, UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedra, Urdaibai Bird Center, Azti Tecnalia, Aberekin, Donostiako Aquariuma, UPV/EHUren Animaliategia IkerZO, Hazi Fundazioa, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Ertzaintza, Ethological Solutions eta Txepetxa Eraztunketarako Elkartea.

Lehiaketa hau ondo finkaturik dago Euskadin gazteen artean zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko programa integral gisa, betiere ikaste-esperientzia dibertigarri eta zirraragarriaren bidez. FLL Euskadiren 8 edizioetatik ia 3.000 ikasle igaro dira, eta 10 euskal taldek Europako eta AEBetako nazioarteko faseetan parte hartzea lortu da. Gainera, urtero ehun boluntario baino gehiago inplikatzen da antolaketan laguntzeko.

STEAM Hezkuntza

FLL Euskadi Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzaturiko Berrikuntza Eskola programaren barruan sartzen da, gazteen artean berrikuntza sustatzeko ekimena STEAM gaitasunen bidez (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikarako akronimo ingelesa).

Munduan gehitu egin da profesional kualifikatuen eskaria jakintza-arlo hauetan. Joera honek etorkizunean aurrera jarraitzea espero da, eta beraz ingeniari, teknologo edo ikertzaile gehiago beharko dira. Hala ere, zientzia- eta teknologia-bokaziodun ikasleen kopurua ez da ari proportzio berean gehitzen. STEAM hezkuntzak ikasleen berrikuntzari buruzko trebetasunak eta gaitasunak garatzea ahalbidetzen du, aparte utzita zientzia- eta teknika-arloko lanbideren batera dedikatuko diren edo ez.

First Lego League Euskadi-ri buruz

FLL Euskadi ekimen publiko-pribatua da, Innobasquek Euskaltel Konekta Fundazioarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin sustatua. Gainera, Euskal Herriko Telekomunikazioetarako Ingeniarien Elkargo Ofizial, Ausolan, Bridgestone, Basque Health Cluster eta Bilbao Dynamics-en laguntza ere izan du.

Partekatu albiste hau