Apirilak 22, 2021

Edozein enpresa, sektore batekoa edo bestekoa izan, berdin txikia edo handia, hemengoa edo auskalo nongoa, ingurunearen abiadura berean aldatzen ez bada, lehenago edo beranduago desagertu egingo da, merkatuan duen posizio lehiakorra galduko duelako. Hau ez da gaur goizeko kontua, beti izan da horrela, baina azken urteotan abiadura azkartu egin da, batez ere automozioa bezalako sektore hiper-lehiakorretan, eta azelerazio hori modu esponentzialean areagotu da, gainera, Covid-19aren pandemiak gu guztiongan sortu duen premiazko egoeraren pertzepzio orokorra dela medio. Premiazkoa baita inoiz baino azkarrago erantzunak, soluzioak, txertoak… aurkitzea, premiazkoa bizirik irautea. Baina enpresa munduan berritzea ez da aitaren batean egiten: berritzeko denbora behar da, jakintza behar da, estrategia eta baliabideak behar dira, eta batez ere berrikuntza bideratuko duen kultura behar da.

Zifrak argiak dira. Euskadin erakunde eta eragile guztiek apustu irmoa eta ahalegin publiko eta pribatu handiak egin dituzte berrikuntza bultzatzeko, baina I+G arloan egiten den gastua (BPG erreferentziatzat harturik) nabarmen apalagoa da EB-27an egiten den gastuaren aldean: 2019an, BPGrekiko %1,86ko gastua egin zuen Euskadik I+G arloan, eta Europak, aldiz, %2,19koa (Iturria: Eurostat eta Eustat). Horrela, ZTBP Euskadi 2030 plana dugu erronkatzat eta jarraibidetzat. 2030eko zerumuga horri begira, Iraunkortasuna eta Garapen Iraunkorreko Helburuak ditugu ardatz, eta orobat, Next Generation EU funtsen finantzaketa dugu. Eta Euskadiko enpresek berrikuntzaren arloan dituzten erronkei buruz hausnartzen hasita, enpresa guzti-guztien ahulezia nabarmen bat azaleratzen da, besteen gainetik: berrikuntza eta merkatua binomioa.

Enpresa guziak bat datoz premisa honetan, eta eskerrik bat datozen: ideiak berrikuntza bihurtzeko, ezinbestekoa da merkatuak ideia horiek balioztatzea. Seguru asko berehala etorriko zaigu burura bere egunean egin genuen garapen “bikain” hura, erabat arrakastatsua izango zela uste genuena, baina bezeroarekin aldez aurretik ez probatzearen ondorioz gaur egun showroom-aren beira-arasa batean gordeta dagoena, zer ez den egin behar inoiz ahaztu ez dezagun…

Oro har, industria arloko enpresa guztiak eroso samar sentitzen gara berrikuntzak pixkanaka eginez, produktuan edo prozesuan hobekuntzak eginez, kudeaketa bera hobetuz, edo gure produktu edo zerbitzuetarako kontzeptu berriak garatuz, baina gutako zenbatek egiten dizkio bere buruari funtsezko galdera hauek:

  • Norekin ari gara lehiatzen egiaz? Nor iritsi daiteke gu ordezkatzera, nahiz eta ez gure sektorekoa izan? Automozioan, adibidez, konpainia teknologikoen aurrean OEMei aurre hartzeko estrategia giltzarria izan da sektorean.
  • Zer segmentu estrategikori begira ari gara lanean? Egiaz, ezin genitzake beste batzuk esploratu?
  • Nork erabakitzen du zer erosi? Guri erosten digun pertsona bera al da? Eta hori jakinda, nori ari gara bidaltzen gure mezuak? Bereizten al ditugu eroslea, bezeroa eta erabiltzailea, eta haien beharrizan desberdinak?

…funtsean, gure sektorearen mugak modu irudimentsuan esploratzeko ariketa egin behar dugu, eta merkatuari modu aktiboan erreparatu behar diogu. Ariketa horiek, beharbada, lagungarri izango ditugu zenbait erantzun jasotzeko, eta erantzun horien bidez gai izan gaitezke modu disruptiboagoan berritzeko, eta areago, zergatik ez, baita merkatu berriak sortzeko ere.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Ana
Camacho
Zuzendari nagusia
BATZ

Hurrengo ekitaldiak