Apirilak 29, 2021

“Berrikuntza”, seguru asko, garai honetan gehien erabiltzen dugun terminoetako bat da. Hamarkadak daramatzagu enpresei entzuten, mantra gisa, berrikuntzak lehiakortasuna eta biziraupena bermatuko dituela; eta, askotan, prozesu horrek teknologiaren esparruko inbertsio handi bat dakar, gerora hobekuntza kuantifikagarririk, negozio-emaitzarik edo prozesuen efizientziarik ekartzen ez duena.

Berrikuntza ezin da modu bakar batean definitu eta, era berean, ez dago hura arrakastaz aplikatzeko formula bakar bat. Merkatuetan tradizioz nabarmendu diren enpresek, oro har, berrikuntza inkrementala (pixkanaka produktuak eta zerbitzuak hobetzea enpresaren lehiakortasuna areagotzeko) edo berrikuntza ebolutiboa (eskaintza zabaltzea eta eboluzionatzea merkatu eta bezero berrietara iristeko) aplikatu dituzte.

Baina beste batzuk harago joan dira. Gaur egungo erreferente handiak berrikuntza disruptiboa aplikatu duten enpresak dira. Euren sektoreko paradigma aldatu dute, merkatua goitik behera aldatu duen prozesu, produktu edo zerbitzu berri bat sartzearen bidez. Eta aldaketa hori ez da hainbeste teknologia berritzailea delako, baizik eta prozesu, produktu edo zerbitzu horren bidez soluzio berritzaile bat ematen delako, enpresen eta kontsumitzaileen beharrei aurrea hartu diena, edo arazo ezagun baten aurrean erantzun berri bat eman delako.. Horiek dira, besteak beste, Apple, Uber edo Amazon enpresen kasuak. Jolasaren arauak aldatu eta estutasunean jarri dituzte ezarritakoarekin hausteko gai izan ez diren sektore-liderrak.

Eta hortxe dago, hain zuzen, berrikuntzaren gakoetako bat: enpresa-egonkortasunak ez du immobilismoa eragin behar. Egitura malgua, ausarta eta sortzailea mantendu behar da, aukera berriei aurrea hartzeko eta balio handiena ematen duen jarduera-eremuetan kokatzeko gai dena, baita horrek negozio tradizionala atzean uztea edo eremu ezezagunetan sartzea esan nahi badu ere.

DOMINION telekomunikazioen sektoreari oso lotuta sortu zen. Sektore lehiakorra eta deflazionarioa denez, berritu behar izan genuen, errentagarriak izaten jarraitu ahal izateko, baina sektoreak berak berritzeko tresnak ere eman zizkigun. Esperientzia hori oinarri hartuta, beste sektore batzuetara mugitzea erabaki genuen, hala nola sektore industrialera edo energiaren sektorera. Horiek horrela, balio diferentziala jarri genuen tradizionalagoak ziren eta aldaketarako pizgarririk ematen ez zuten merkatuetan. Eta ez ginen hor geratu. Sektoreari buruz dugun ezagutza handiari eta negozioei buruz dugun zeharkako ikuspegiari esker, B2C esparruan kokatu ginen, gure B2B negozioaren printzipio berberak aplikatuta. Batzuentzat, erabaki hori sekulako arrisku-saltoa da.

Baina bide horretatik iritsi ginen berrikuntzaren beste gakoetako batera: garrantzi handiko aldaketei ekiteko ekipo benetan ausarta izatea. Kasu honetan, ez gara norberaren berezko gaitasunei buruz ari, baizik eta erakundean sortu behar den hazkuntza-giroari buruz, ekipoa arriskua hartzeko gai sentitu dadin, porrot egiteko beldurrik gabe. Kultura eta ingurune egokiak dira huts egiteko, betiere aukera berriak esploratzeko erabiltzen badugu eta hutsegiteak ikaskuntza bihurtzen baditugu.

Horregatik guztiagatik, DOMINIONentzat berrikuntza zer den definitu behar banu, esango nuke gure kulturaren parte dela; berritzea gauzak beste modu batera egitea da, ahaztu gabe teknologia tresna bat besterik ez dela. Zaila da aurreikustea zer-nolako jarduerak egingo ditugun datozen urteetan, baina argi dago gure ikuspegi diferentzialaren aldeko apustua egiten jarraituko dugula, baita gure berritzeko gaitasuna dela-eta balioa sortzeko gaitasun handia dugun eremuetan gure lekua bilatzearen aldekoa ere. Izan ere, munduaren erritmoa ikusita, berrikuntza jada ez da “kutxatik kanpo” pentsatzea, baizik eta bertatik kanpo bizitzea.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Mikel
Barandiaran
Kontseilari delegatua
Dominion

Hurrengo ekitaldiak