Urtarrilak 15, 2025

Enpresa berritzailea zarete? Erantzuna baiezkoa bada, zenbat apustu teknologiko egingo dituzue aurten? Galdera zehaztuko dut: zenbat apustu teknologiko egingo dituzue aurten patente eskaera berri moduan? Izan ere, patente eskaera bakoitza apustu bat da, eta teknologiaren alde egiten dugula diogu, baina, egia esateko, oso apustu gutxi egiten ditugu hura babesteko.

Apustuez ari garenez, apustu egingo nuke posible dela patente bat lortzea berrikuntza teknologikoko ia edozein proiektu serio samarrerako. Baina hori ere ez da kontua. Lortzen ditugun patenteek zerbaitetarako balio behar digute, gure balio proposamenarekin lotutako alderdi garrantzitsuren bat babestu behar dute.

Gure bezeroentzako ze irtenbide tekniko izan daitezkeen interesgarriak jakiteko irizpide eta intuizio nahikoa edukitzea da kontua, eta patente eskaerak aurkeztea horiek babesten saiatzeko, apustu guztiak ez direla irabazten onartuz eta kontziente izanik beti gaudela garaiz huts egindako apustuetatik erretiratzeko.

Ez da kostu arazo bat, jabetza industrial eta intelektualaren kultura faltaren ondorioa baino. Azkenean bertan behera uzten den patente eskaera bati lotutako kostuak oso arrazoizkoak dira konparatzen badira, adibidez, herrialde askotan patente bat indarrean mantentzearen kostuekin (batez ere patente horrek ez badakarkigu inolako onurarik eta bertan behera uzten ausartzen ez garelako mantentzen badugu), eta, oro har, kostu horiek hutsalak dira babestu nahi den teknologia garatzeko inbertitutakoarekin alderatuta. Txipa aldatu behar dugu, eta patente eskaerak inbertsio gisa ulertu, ez gastu gisa.

Patente eskaerarik aurkezten ez badugu, beste batzuek patentatzen dutenaz kezkatzea besterik ez zaigu geratuko. Sektore berean diharduten guztiek arazo berak konpondu nahi dituztenez, ez da ezohikoa irtenbide ezberdinak elkarren artean gainjartzea. Ez dago ezer frustragarriagorik gure lehiakide batek guk aurrez asmatu dugun baina saiakerak pena merezi ez zuelakoan babestu ez dugun kontzeptu bat patentatu duela ikustea baino. Halakoetan alferrik da eskuak burura eraman eta “Nola eman ahal izan diete patente hau?” galdetzea.

“Gutxieneko Patente Bideragarria” kontzeptua aldarrikatzen dut. Daukagunean, eska dezagun patentea. Egin dezagun apustu. Gaizki ateratzen bazaigu, patente eskaera erretiratzeko denbora izango dugu, baita argitaratu aurretik ere. Ondo ateratzen bazaigu eta patentatutako teknologia arrakastaz merkaturatzen badugu aldiz, lortutako etekinetan inpaktua izugarria izan daiteke.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Ismael
Igartua
Zuzendaria
Galbaian Intellectual Property

Hurrengo ekitaldiak