Uztailak 13, 2020

Esparru desberdinetan berrikuntzan eta ikerketan gehien inbertitzen duten gizarteek giza balioa eta balio ekonomikoa sortzen dituzte, eta balio horiek, aldi berean, gizarte osoaren mesedetan berrinbertitzen dira; hortik sortzen dira ongizatea eta gizarteratzea. Krisi honetan agerian geratu da, inoiz baino nabarmenago, zein beharrezkoa den berrikuntzan inbertitzen jarraitzea. 2008ko krisitik aurrera eginiko murrizketen eraginez, adreiluak kendu dizkiogu eraikin baten funtsezko egiturari; eraikinaren estetika bere horretan geratzen zen adreilu horiek gabe, eta itxura batean ez zen antzematen haien falta. Alabaina, orain jabetu gara adreilu horiek oinarrizkoak zirela eraikinari zutik eusteko, eta hainbeste kendu ditugu, ezen orain ozta-ozta zurkaiztu ahal izan baitugu egitura, gu barnean gaudela goitik behera erori ez dadin. Osasun arloan egindako murrizketak, deslokalizazioa, ikerketa behar beste ez baloratzea, prospekzio-lan seriorik ez egitea, horiek izan dira, batez ere, munduan inoiz ezagutu ez dugun egoera hau ekarri duten faktoreak.

Ez dakit kontsolamendua den –izatekotan ere “ergelarena” – krisi hau ez zuela inork edo ia inork aurreikusi. Analistak ez dira ados jartzen pandemia hau zisne beltzaren teoriarekin bat datorren, hau da, gertaera batek sistema sozio-ekonomiko osoa kolokan jarri ondoren, gerora, aurreikusi ezina zela esaten den; edo, aitzitik, errinozero grisaren teoriarekin datorren bat, eta, beraz, arriskua jada aurreikusita zegoen. Teoriak teoria, mundu mailako pandemia baten aukera agertzen zen jada enpresa, erakunde eta gobernu askoren arriskuen mapan, baina inork ez zion antzik hartu izan zezakeen neurriari eta inpaktuari. Alabaina, gizarte batzuk eta besteak ataka gaizto honetatik nola eta noiz aterako garen jakiteko aldagai nagusietako bat ikerketara eta berrikuntzara bideratutako inbertsioa izango da. Esan beharrik ez dago gizarte berritzaileak lehenago eta hobeto aterako direla.

Orain garrantzitsua da zer eremutan inbertituko den ondo zehaztea. Europak argi dauka. raindik orain, berrikuntza-proiektuetarako finantzaketa abiarazi du, hain zuzen esparru hauetan eta lehentasun-ordena honen arabera berrikuntza bultzatzeko:

  1. Osasuna: Erranak dion moduan, “osasuna, dirua eta maitasuna”, eta, beraz, lehenbizikoa osasun-sistema sendo eta berritzailea izatea da, herritarrei konfiantza emango diena eta ikerketaren alde apustu egiteari utziko ez diona.
  2. Klima-aldaketa: planeta hondatzeari ez badiogu uzten, desmasia hau geldiaraztea ez badugu lortzen, ez da planetarik izango bizitzeko. Hondakinak tratatzeko soluzio berritzaileak edo energia garbia sortzea, horiek dira bidea.
  3. Digitalizazioa: inork ez du zalantzarik tresna horrek, beste mila erabileren artean, balio izan duela hilabeterik gogorrenetan jarduera erabat geratu ez zedin.
  4. Elikadura: urarekin batera, hauxe da gizateriaren erronka nagusietako bat. Munduan 7.500 milioi pertsona bizi gara, eta aurreikuspena da 10.000 izango garela; beraz, eskari gero eta handiagoari erantzungo dioten soluzioak bilatzea berealdiko erronka da.
  5. Energia iraunkorra: ezin dugu gehiago itxaron. Hurrengo belaunaldien etorkizuna ez baldintzatzeko moduan sortu behar dugu energia, eta horretara bideratu behar ditugu ikerketa eta berrikuntza. Apustu hori egiteko daukagu oraindik.
  6. Hiri-mugikortasuna: litekeena da, krisiaren ondoren, hiri-mugikortasun iraunkorra diseinatzeko proiektuak eta politikak beste modu batera planteatu behar izatea. Ikusi beharko da ea hiriguneak garai bateko jarduera-guneak izango diren atzera ere.
  7. Lehengaiak: 2030. urterako espero da lehengaien eskaria hirukoiztu egingo dela, batez ere teknologia berrien ekoizpenarekin loturiko metalena. Horietan ikertu eta garatu duten herrialdeak, material horiek erraz eskuratzeko modua egin dutenak, hobeto kokatuta egongo dira.


Europak aipatutako esparru horietan guztietan sustatzen duen I+G+B arloak atxikita beharko lituzke, zehar-lerro gisa, iraunkortasun- eta berdintasun-irizpideak ere, inor ez atzean uzteko, eta, ahal dela, lankidetza publiko-pribatuarekin. Datuek erakutsi dute emakumeek gobernatutako herrialdeetan estrategia berritzaileekin egin diotela aurre krisiari, eta, horri esker, emaitza askoz hobeak lortu dituztela. Jarrai dezagun, beraz, erabakigune estrategikoetan emakumeei lekua egiten, modu horretara, bide desberdinak hartuz ondorio desberdinak lor ditzagun. Azken batean, horixe da berritzea.


Euskadik berrikuntzaren aldeko ahalegin eta apustu iraunkorra egin du azken urteotan, eta estrategia argia bultzatu du Europan erreferentzia izateko. Apustu eta ahalegin horretan, Innobasque izan da hub perfektua, hor bildu dira berrikuntza sustatzeko politika guztiak. Erronka handia zen lehendik ere, enpresa txiki eta ertainen %99a oso atomizatuak baitzeuden, eta gehien-gehienen kezka nagusia egunez egun bizirik irautea zen, prospektiba egiteko edo berrikuntza ezartzeko ikuspegirik gabe. Zorionez, krisiak erasan digun hilabeteotan, erakunde eta elkarte askoren eginkizuna indartu egin da. Innobasquek egin duen moduan, enpresa bazkideekin hartu-emanean jarri dira, haien beharrizanak aztertu dituzte, oinarrizko informazioa iragazi dute, eta, gainera, jakintza eskaini dute erakunde eta elkarte horiek. Eta hori guztia, modu digitalean. Euskadiko ETE-ek egiaztatu ahal izan dute elkarturik egotea askoz hobea dela. Balia ditzagun gure ETE-ekin irekitako komunikazio-bide berri horiek, enpresa txiki eta ertain horiei guztiei berrikuntza zainetik ziztatzeko. Behar dugu.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Carolina
Pérez Toledo
Presidentea
AED, Asociación de Empresarias y Directivas de Bizkaia

Hurrengo ekitaldiak