Uztailak 29, 2020

Gehiegitan, “berrikuntza” terminoa asmo on hutsean geratzen da, eta asmo on horiek ez dira iragazten erakundeen egituretan eta egiteko moldeetan. Bertan goxo egiteko ariketetan desegiten da askotan kontzeptu hori, MITen, Europako Batzordearen, Stanforden eta antzeko beste erreferentzien aipamenetan oinarrituta, horiek pantaila lana egiten baitute denak berdin jarrai dezan.

Alabaina, gizarteek aurrera egiten badute, berritzen duten pertsonen eta erakundeen eskutik egiten dute. Berritzeari ekite hutsak berekin dakar arriskua eta adorea; izan ere, jardun horrek, berez, indarrean dagoena eraldatu nahi du. Berritzea eboluzionatzea eta mundura egokitzea da. Berritzea iragana aintzat hartzea eta aurrera egitea da. Berritzea, finean, eboluzio iraunkorreko kultura bat hezurmamitzen duen jarrera bat da, etorkizuna orainean eraikitzen dela sendo sinetsita.

Orain, berriz, behar bat da. Pandemia azkartzen ari da ordena geopolitikoan nahiz teknologia eta industriaren esparruetan lehendik martxan zeuden eraldaketa-prozesuak. Eta Europar Batasuna bere ekosistema teknologiko eta industriala egokitzeko prozesu sakonean sartu da munduan lehiatu ahal izateko. 2030a hemen dago.

Testuinguru eta jomuga horrek gure Herrialdearen lehiakortasuna berregitera behartzen gaitu. Eraldatzeko eta bestelako mundu batera egokitzeko neurri serioak eskatzen dizkigu; izan ere, orain arteko munduak inoiz izan dugun ongizate mailarik handiena ekarri digu, baina mundu hori aldatzen ari da, eta egokitzea beste biderik ez zaigu geratzen. Hain zuzen, ongizate horrek bultzatzen gaitu, gainbeheraren arriskua saihestekotan, zorrotz, estrategia jakin bati jarraituz eta adorez lan egitera. Gure kasuan, berrikuntza ezinbesteko eskakizuna da, gaur egungo gazteek bizi-aukerak izaten jarrai dezaten, beraiek baitira, jada, gure etorkizun hurbilaren partaide eta protagonista.

Gure sistema publikoaren, hezkuntza-, teknologia- eta enpresa-sistemaren azterketa azkar bat eginez gero, agerikoa da sistema hori premiaz eraldatu beharra dagoela Europan eskualde aurreratua izango bagara. Horretan datza gure erronkaren muina. Ba al dugu baldintza egokirik Europako ekosistema teknologiko-industrial dinamikoenean parte hartzeko? Ekosistema horretako eskualdea izateko? Galdera ez da erretorikoa soilik. Denok erantzun behar diogu horri.

Ni hasiko naiz erantzuten, BAIEZKO irmo batekin. Alabaina, baiezko hori uste duguna baino azkarrago bihur daiteke ezezkoan, baldin eta datozen 4 urteotan ez badugu Herrialde Proiektu bat hezurmamitzen, gure gaitasun industrial eta teknologikoak optimizatzeko eta indartzeko; mende honek eskatzen dituen prestakuntza-erronkei eta -beharrizanei erantzungo dien hezkuntza-eredua erdigunean jartzeko; administrazio-sistema eraginkorra eta mundu digital berriarekin lerrokatua izateko… Azken batean, gaur egungo erronkei haien osotasun eta konplexutasun guztian erantzun behar die Herrialde Proiektu horrek.

Berritzea anbizioz eta umiltasunez jokatzea da. Lankidetzan aritzea da. Desberdin pentsatzeari beldurrik ez izatea da. Azken batean, aldaketari beldurrik ez izatea da.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Emiliano
López Atxurra
Petronorreko eta Tecnaliako presidentea eta Innobasqueko presidenteordea
Petronor y de Tecnalia / Innobasque

Hurrengo ekitaldiak