Ekainak 13, 2024

Garaiotan asko hitz egiten da adimen artifizialaz. Gure bizimodua, lan egiteko eta berritzeko modua eraldatzen ari da, eta, zalantzarik gabe, aukera berriak zabaltzen ari da industria askotan, eta berrikuntzaren erritmoa azeleratzen. Alabaina, adimen artifizialari ez ezik adimen emozionalari ere arreta jarri eta atea zabaldu beharko genioke, berrikuntzarako bidaian bidelagun harturik. Horretarako arrazoi sendo bat dago: berrikuntza pertsonok egiten dugu.

Adimen emozionalak, Daniel Goleman-ek bere Adimen Emozionala liburuan garatutako kontzeptuak, alderdi emozionalaren garrantzia aztertzen du, adimenaren funtsezko elementutzat harturik. Honela definitzen du berak: “Gure sentimenduei eta besteenei antzemateko gaitasuna, gure burua adoretzeko eta beste pertsonekiko erlazioak modu egokian kudeatzeko ahalmena. Nork bere buruari buruz hausnartzeko gaitasuna: norberaren emozioak identifikatzea eta modu egokian erregulatzea”.

Adimen emozionalaren bost gako daude. Aurreneko hiruak “ni”-ari loturik daude, eta beste biak besteekiko dugun erlazioari loturik. Hauek dira gakoak:

  1. Norberaren burua ezagutzea; hau da, barru-barruko emozioak adierazteko gai izatea.
  2. Norberaren burua motibatzea; alegia, norberaren emozio negatiboei aurre egiteko gaitasuna izatea.
  3. Auto-kontrola; hau da, egoera estresagarrietan lasaitasunari eusteko gai izatea.
  4. Enpatia, edo beste pertsonen seinale sozialak irakurtzeko gaitasuna izatea, eta haien lekuan jartzea.
  5. Gaitasun sozialak; besteekin modu eraginkorrean komunikatzeko eta beharrezkoa denean asertiboak izateko gaitasunak dira.

Berrikuntza ahalik eta gehien indartze aldera, bi hauek har ditzakegu funtsezkotzat: norberaren burua motibatzea eta enpatia. Auto-motibazioa praktikatzeko, sinesmen pizgarri bat har dezakegu oinarri: errealitatea interpretagarria da. Norberak erabaki dezake jarrera positiboarekin lan egitea eta norberaren errealitatea diseinatzen eta pentsamendu positiboak sortzen hastea, pentsamendu positibo horiek berrikuntza-proiektu batean lankide dituen pertsonei transmititzeko. Eta, aldi berean, proaktibotasunez egin dezakegu lan; hau da, sormenezko ekintza ausartak garatzerakoan ekimena har dezakegu, adiskideekiko eta lankideekiko harremana hobetzen saiatzeko. Horrek guztiak bultzatu egiten du berrikuntza.

Enpatiaz jarduteko, presentzia eta entzuketa aktibotik hasi behar dugu, hori baita talde-lanerako sarrerako atea. Besteen iritziak entzutea eta errespetatzea, haiek epaitu eta etiketatu gabe, lagungarri da pertsonek ekimena izateko eta beren sormena inolako beldurrik gabe adierazteko. Horrek bultzatu egiten du berrikuntza.

Eta jarraitzeko, kontuan har dezakegu bizitzako edozein egoerari aurre egiteko, izan pertsonala izan lanekoa, bi modu daudela besteekiko harremanean. Modu bat da “kutxaren barnean” egitea, eta horrek esan nahi du beste pertsonak objektu gisa ikusten ditugula. Badakigu beren helburuak, erronkak eta beharrak dituztela, baina ez ditugu aintzat hartzen, paso egiten dugu haietaz, eta, hori baino deigarriagoa dena, geure burua hartzen dugu gure jokabide eta helburu guztien ardatz, besteak kontuan izan gabe. “Kutxaren barnean” egotea fokua norberarengan jartzea da. Horrenbestez, “kutxaren barnean” ni baino ez naiz hazten, eta kito; hori dela eta, ekarpen txikia egiten diogu berrikuntzari.

Bizitzako edozein egoera pertsonal nahiz profesionali aurre egiteko beste modua “kutxaren kanpoan” egitea da. Horren arabera, pertsona gisa ikusten ditugu besteak, nor bere helburu, erronka eta beharrekin, eta, hori baino garrantzitsuagoa dena, gure jokabideek eta helburuek aintzat hartzen dituzte besteak. Besteei beren helburuak, erronkak eta beharrizanak lortzen laguntzea hartzen dugu helburu, eta, bide batez, gureak ere lortzen ditugu. Hau da, besteei beren helburuak lortzen laguntzen diegu, gureak lortzeko lan egiteari utzi gabe. Jokabide logikoa, gorestekoa eta bidezkoa da hori, eta erabat bateragarria. Beraz, “kutxaren kanpoan”, lankidetzan jardutea, besteei laguntzea eta haientzat erabilgarri izatea hartzen dugu ardatz, eta, horri esker, berrikuntza izugarri hazten da.

Azken batean, adimen emozionalaren gakoetako bi, auto-motibazioa eta enpatia, oinarritzat hartuta egiten badugu lan, gure burua eredutzat jartzen dugu eta berrikuntzaren “gurdiari tira egiten diogu”; izan ere, pertsonok egiten dugu berrikuntza.

Partekatu albiste hau

Harremanetan jarri

Javier
Ondarra
Zuzendari Bazkidea
IS2COACH

Hurrengo ekitaldiak