Argazkia: Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu du Imanol Rego izendatzea, besteak beste, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua eta Pedro Luis Uriarte, Guillermo Ulacia eta Alberto García Erauzkin Innobasqueko hiru lehendakari ohiak.

  • Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kidea da 2022ko irailetik. Industria‑ingeniaria da, Lovainako Unibertsitatean eta Harvard eta Singapurreko CCL negozio‑eskoletan trebatua, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo-merkatuari lotuta.
  • Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du. Salaverriak euskal ekosistema publiko‑pribatuaren balioa sustatzen jakin du, Euskadi garatzeko bide estrategiko gisa.

INNOBASQUE, 2025eko martxoaren 19a. Irizar Taldeko egungo zuzendari nagusi Imanol Riego Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidentea izango da. Hala onetsi du gaur goizean Zuzendaritza Batzordeko kideak aho batez, ezohiko batzarrean bilduta. Imanol Regok (Donostia, 1972) 2017tik Agentziako presidente izan den Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du.

Gaur goizeko 09:00etan egin den ezohiko batzarrean honako hauek bertaratu dira: Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregi eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias; Innobasqueko hiru presidente ohiak, Pedro Luis Uriarte, Guillermo Ulacia eta Alberto García Erauzkin; eta Euskadiko berrikuntzako eta esparru sozioekonomikoko eremu estrategikoetako hainbat arduradun. Innobasqueko Zuzendaritza Batzordea 60 kidek osatzen dute (https://www.innobasque.eus/eu/innobasqueri-buruz/gobernantza/).

Imanol Rego Iturralde Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente izendatu ostean, kargua uzten duen presidentea, Manuel Salaverria, Batzordeari mintzatu zaio laburki, elkarrekin egindako bidaian emandako babesa eskertzeko, eta harro dagoela adierazi du. “Guztiok, Innobasquek, bere 900 erakunde bazkide publiko eta pribatu baino gehiagok, berrikuntzaren euskal ekosistemak eta, oro har, euskal gizarteak, lan nekaezina egin dugu Euskadiko berrikuntzaren alde”.

Agur esan aurretik, Salaverria presidente hautatu berriari mintzatu zaio: “Imanol, erronka handia duzu aurretik. Trantsizio sakonak eta erradikalak; geoestrategikoki nahasia den mundu bat; eta herrialde bat, Euskadi, balio eta ahalmen itzelekin eta, aldi berean, ahulezia handiekin, horietako batzuk egiturazkoak. Horiek izango dira zure inguruneko baldintzak. Baina ziur nago Innobasquek talentua eta energia duela Euskadin berrikuntza bultzatzeko eragile nagusia izaten jarraitzeko”.

Imanol Rego

Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidente Imanol Regok kargua bere gain hartu du, “Manuel Salaverriaren lekukoa hartzeko ohorearekin, Innobasqueren ikuspegia finkatu den etapa gako baten ondoren: berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadi Europa mailan Berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea. Aurrerapen hori posible izan da pertsona eta eragile askoren konpromisoari esker, berrikuntza Euskadirentzat lehiakortasunaren eta aurrerabidearen eragilea izan dadin lan egin baitute”.

Imanol Rego (Donostia, 1972) Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kidea da 2022ko irailetik, orduan izendatu baitzuten Irizar Taldeko zuzendari nagusi. Industria‑ingeniaria da eta MBA bat du Lovainan. Halaber, Harvard eta Singapurreko CCL negozio‑eskoletan trebatu da, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo-merkatuari lotuta. Irizar Taldeko zuzendari nagusia izan aurretik, Irizar e-mobility filialaren buru izan zen, eta erantzukizun‑karguak izan zituen negozio eta merkatuko hainbat arlotan Schneider Electric multinazionalean. Hara Corporación Patricio Echevarría enpresatik iritsi zen. Gaur egun, gainera, Tecnaliako Patronatuko eta Batzorde Betearazleko kide da, baita CIDETECen Patronatukoa (Centro de investigación y desarrollo tecnológico) eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako (Tecnun) Enpresa Aholkularitza Kontseilukoa ere, eta horrek Euskal Herriko enpresa, ikerketa eta hezkuntzari buruz duen ikuspegia osatzen du.

Innobasqueko presidente berriak ere adierazi du “une historiko hain garrantzitsu honetan Salaverriaren lanarekin jarraitzeko ilusioa” duela. “Inflexio‑puntu batean gaude, arreta berezia eskatzen duten hainbat faktorerekin: berregituratze geopolitikoa eta deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa, iraultza teknologikoa eta erronka soziodemografikoa. Gure enpresa- eta industria‑ehunaren jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da ikuspegi estrategikoa eta etengabe aldatzen ari den munduan talentua erakartzeko, fidelizatzeko gaitasuna izatea”, nabarmendu du.

Manuel Salaverriaren presidentetza-aldiaren balantzea

Manuel Salaverria presidente izan den zazpi urteetan, Innobasque Berrikuntzaren Euskal agentziak bere burua finkatu du Euskadiko berrikuntzarako eragile gako gisa, eta ZTBP 2030eko hainbat adierazle hobetzen lagundu du: enpresa berritzaileen ehunekoak gora egin du, 2020an % 39,9 izatetik 2023an % 46 izatera (+ % 15,5); ikerketa eta berrikuntzarako Europako esparru-programaren nazioarteko finantzaketa 2020an 126 milioi eurokoa izatetik 2023an 160 milioi eurokoa izatera igaro da (+ % 27); eta 2023an 102 enpresa parte-hartzaile egon ziren, 2020ko 82ekin alderatuta (+ % 24,4). Bestalde, talentu zientifiko-teknologikoari ere ekarpena egin zaio; izan ere, STEM arloko unibertsitate-sarrera berrien ehunekoak gora egin du, % 30,1era iritsi arte (aurreko urtean baino % 4,6 gehiago), eta emakumeen azpitaldean igoera antzekoa izan da (+ % 4,1).

Innobasquek Eusko Jaurlaritzari eta foru-aldundiei berrikuntzari lotutako plan eta estrategiak garatzen eta ezartzen laguntzeko duen funtzioa finkatu du, eta, gainera, ZTBP 2030aren aldizkako ebaluazioan ere lagundu du. Halaber, euskal I+G+b-ari buruzko aldizkako jardunaldi, txosten eta jakinarazpenen bidez berrikuntzaren ikerketa eta jendarteratzea sustatu ditu.

Helburua honako hau izaten jarraitzen du: Euskadi Europako berrikuntza‑maila handieneko eskualdeen artean kokatzea, talentua eta inbertsioa erakartzeko estrategia gisa, eta gizarte aurreratua, eta, beraz, oparoa garatzea.

Harremanetarako:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau