FIRST LEGO League Euskadi
Euskadin, 6 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizten duen hezkuntza-programa da FIRST LEGO League Euskadi. Berez, nazioarteko programa da, eta urtero 110 herrialdetako 679.000 gazte aritzen dira ekimen horretan. Euskadin, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia da ekimenaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean.
Ikasle lantaldeak hainbat hilabetez aritzen dira lanean, modu praktikoan eta dibertigarrian, benetako arazoei irtenbidea emateko. FLL Euskadi programa ixteko, amaieran torneo jendetsu bat izaten da hainbat egoitzatan aldi berean: aurten, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen izango da lehia hori. Egoitza bakoitzeko talde irabazleek Espainiako finalerako lortuko dute txartela, eta hor, FIRST LEGO League ekimenak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko torneoetara joateko aukera lor dezakete.
FLL Euskadi programak bi kategoria ditu:
Explore
6 eta 9 urte arteko haurrentzat. Lantaldeek maketa bat eraikitzen dute LEGO® eredu motordun batekin, eta poster bat diseinatzen dute urte bakoitzeko erronkari emandako soluzio berritzaile batekin. Torneoaren egunean, ikasleek epaileen taldeari aurkezten dizkiote beren lanak, eta FLL balioak nola txertatu dituzten azaltzen dute, besteak beste, talde-lana, inklusioa, aurkikuntza, berrikuntza eta inpaktua.
Challenge
10 eta 16 urte arteko haurrentzat. Taldeek robot bat diseinatzen eta eraikitzen dute LEGO® -ko piezekin. Robot horrek gai izan behar du mahai-tapiz baten gainean hainbat misio ebazteko eta gainditzeko. Horrekin batera, Berrikuntza Proiektu bat ere garatzen dute, urte horretako erronkaren gaiarekin lotura duen arazo bat identifikatzeko eta konpontzeko. Torneoaren egunean, gainerako lantaldeekin lehiatzen dira robotaren jokoan, eta epaileen aurrean defendatzen dituzte beren berrikuntza-proiektuak eta FLL balioak nola txertatu dituzten.