Joan den martxoaren 4an M-ERA.NET 2025 deialdia egin zen, material aurreratuen eta baterien teknologien esparruan ikerketa eta garapenerako nazioz gaindiko proiektuak finantzatzea helburu duen ekimena. Ekimenean interesa duten enpresek eta erakundeek apirilaren 4an, 11:00etatik 13:00etara, izango duten informazio webinar batean ezagutu ahal izango dituzte beren xehetasunak. Deialdia egin duten erakundeetako profesionalek, hots, Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin (FECYT) batera eta Asturiasko Printzerriko Zientzia, Enpresa Lehiakortasun eta Berrikuntza Agentziarekin (SEKUENS) eta Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin (Innobasque) lankidetzan, M-ERA.NET 2025 deialdian parte hartzeko eta finantzatzeko baldintzak azalduko dituzte.

Izen emateak zabalik daude eta hemen egin daitezke.

M-ERA.NET, euskal enpresentzako aukera

M-ERA.NET Europako sare bat da, eta deialdi honetan 30 herrialdetako 38 finantzaketa-agentzia biltzen ditu, material aurreratuetan berrikuntzari laguntzeko nazioko eta eskualdeko programak koordinatzeko. Ikerketa eta garapen teknologikoko nazioarteko lankidetza indartzea du helburu, Europako Itun Berdearen ildotik.

2025eko deialdiak funtsezko sei arlo tematiko ditu:

  • Energiarako material aurreratu jasangarriak
  • Gainazal, estaldura eta interfaze berritzaileak
  • Material konposatu aurreratuak eta material arinak
  • Material funtzionalak
  • Ingurumen-erronketarako materialak
  • Elektronika aurreraturako hurrengo belaunaldiko materialak

Aurreproposamenak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik. Deialdi hau funtsezko aukera da euskal enpresek eta erakundeek material aurreratuen eta baterien teknologien arloko proiektu berritzaileetarako Europako finantzaketa eskura dezaten.

Innobasquek, Basque Enterprise Europe Network-eko kide den aldetik, aholkularitza eta laguntza eskaintzen du eskaera prozesuan, I+D+i nazioartekotzen laguntzeko zerbitzuen bidez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi [email protected] helbide elektronikora edo deitu 944 209 488 telefono zenbakira.

Informazio gehiago: Joint Call 2025 – M-ERA.NET.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago