Glosarioa
Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, 10 urte baino gehiago daramatza prospektiba-lana egiten, txostenak eta artikuluak egiten, seinaleak partekatzen, prestakuntza ematen eta, azken batean, Euskadiko erakundeen artean prospektiba-kultura sortzen. Etorkizunera begiratzeko kultura.
Jakintza-arlo gisa prospektibak gero eta garrantzi handiagoa duenez, eta kontzeptu batzuk konplexuak direnez (batzuetan hainbat modutan interpretatzen dira), egokitzat jo dugu gehien erabiltzen diren terminoen definizioak argitzea eta adostea.
Arlo horretan lan egiten duten erakunde bazkideen lankidetzarekin, glosario hau egin dugu, prospektiba termino nagusietako batzuei buruzko argitasuna eta adostasuna eskaintzeko.

Adimena
Adimena erabakiak hartzeko balioko duen ezagutza sortzeko informazioari zentzua emateko prozesua da.
Aurrea hartzea
Pertsonek eta erakundeek etorkizunean etorkizun onargarriak esploratu, ulertu eta horietarako prestatzeko duten gaitasuna da, etorkizunen pentsamoldea erabiliz.
Aurreikuspena, pronostikoa
Etorkizuneko gertaera edo joera baten probabilitatea aintzatestea, iraganaren eta orainaren analisi kuantitatiboetan oinarrituta.

Beltxarga beltza
Gorabehera guztiz ezohikoa da, aurreikusi ezin dena eta eragin handia duena, historia nabarmen alda dezakeena. Aurreikusteko zaila den arren, behin gertatuta, elkarren segidako ondoreak ditu, eta azalpenak bilatzeko joera dago, hasierahasieratik begien bistakoa izan balitz bezala. “Wild card” direlakoak ez bezala, beltxarga beltzak espero ez diren gorabeherak dira, eta agerian uzten du gizakiok inguruaren konplexutasunaren inguruan dugun ezagutza mugatua.
Berrikuntza aurre-hartzailea
Etorkizunari buruzko ezagutzatik abiatuta egun balioa sortzen duten produktu, prozesu, zerbitzu, teknologia, politika eta abar berriak egiteko jardutean datza.
Berrikuntza aurre-hartzailearen gobernantza
Berrikuntza aurre-hartzailea ahalbidetu eta sustatzen duten egiturak eta mekanismoak dira.

Egoerak
Egoerak istorio koherenteak dira, gai jakin bati buruzko etorkizun onargarrien testuinguruen multzo bat deskribatzen dutenak. Fikzioak dira, eta horien bilakaera aztertu behar da orainarekin egon litezkeen hausturak identifikatu eta dauden aukerak eta horien ondorio posibleak ezagutzeko, edo orainean erabaki ahalik eta egokienak hartzeko.
Etorkizuna
Heltzeke dagoen garaia.
Etorkizunerako alfabetatzea
Gaitasun kognitiboak (pentsaera sistemiko, kritiko eta aurre-hartzailea) eta jardunbideak (joerak, tresnak, egoerak) konbinatzen ditu, modu kritikoan pentsatzea, joera emergenteak ulertzea eta erabaki informatuak hartzea ahalbidetzeko, zalantzazko testuinguru konplexu bati aurrea hartu ahal izateko.
Etorkizuneko kontaketak
Etorkizun alternatiboak deskribatzen dituzten narratibak dira.
Etorkizun onargarriak
Arrazoizkotzat hartzen diren mugen baitan dauden etorkizunko kontaketak dira, orainaren inguruko ezagutza eta dagoen ezjakintasunmaila kontuan hartuta.
Etorkizunen pentsamoldea
Etorkizunen pentsamoldea gerta litezkeen alternatibak daudela ulertu eta onartzea da, eta horiek etorkizunean kontuan hartzeko beharra ulertzea, eta horren arabera jardutea.
Etorkizun posibleak
Etorkizuneko kontaketen tarte zabalena da, eta gerta litezkeen emaitza potentzial guztiak barne hartzen dituzte, horiek gertatzeko probabilitatea edo bideragarritasuna gorabehera.
Etorkizun probableak
Egungo joeretan, ezagutzen diren faktoreetan eta beste adierazle batzuetan oinarrituta gertatzeko probabilitate handiagoa duten etorkizuneko kontaketak.
Etorkizun proiektatua
Ezer aldatzen ez bada gertatuko den etorkizuna.

Gobernantza aurre-hartzailea
Arazo konplexuak kudeatzeko estrategiak eta politikak egin eta ezartzeko prozesu osoan zehar prospektiba estrategikoaren sistematika integratu eta aplikatzean datza.

Hausturak, etendurak
Joera baten irismen, norabide eta abiaduran gerta daitezkeen bat-bateko aldaketa nabarmenak dira. Halaber, haustura batek joera bitan banatzea eragin dezake.
Horizon scanning-a
Kanpoko ingurunean aldaketaren lehenengo zantzuak identifikatu eta horien jarraipena egiteko prozesu sistematikoa da, erakunde edo lurralde baten etorkizunari eragin ahal dieten joera, mehatxu edo aukera emergenteei aurrea hartzeko.

Joera
Eremu jakin batean hartzen ari den bidea adierazten duen eredua da, denboran zehar garatzen dena eta etorkizunari eragiteko eta hori aldatzeko ahalmena duena.

Megajoerak
Eskala handiko eta epe luzeko aldaketaindarrak dira, hainbat eragileri (erakundeak, gizarteak, ekonomiak eta kulturak) nabarmen eragiten dietenak. Joera horiek eragin sakonak dituzte, irismen eta epe luzekoak; eta testuinguruko, hau da, eragileen eraginetik haratago doan inguruko, faktoreen emaitza dira. PESTELE gisa da ezaguna, eta indar politiko, ekonomiko, sozial, teknologiko, ingurumeneko, legezko eta etikoek edo horien bat-etortzeak osatzen dute.

Nahi diren/nahiago diren etorkizunak
Gertatzea gustatuko litzaizkigukeen etorkizuneko kontaketak dira; eta, hortaz, pertsona edo erakunde baten itxaropenak eta helburuak irudikatzen dituztenak.

Prospektiba
Etorkizuneko informazioa bildu eta epe ertain/luzeko ikuspegia eraikitzeko prozesu sistematiko parte-hartzailea da, egun erabakiak hartzera eta ekintza kolektiboak mobilizatzera bideratua, ziurgabetasunezko giro konplexuari aurre egin ahal izateko.
Prospektibaren ikuspegiaren arabera, honako hauez ari gara:
- Prospektiba estrategikoa; hau da, etorkizun bat baino gehiago modu egituratu eta esplizituan aztertzea, erabakiak hartzeko oinarri gisa erabiltzeko eta horren arabera plano estrategikoan jarduteko. Edo…
- Prospektiba teknologikoa; hau da, teknologia emergenteak modu sistematikoan identifikatu, aztertu eta horiei aurrea hartzeko prozesu estrategikoa, epe luzean garapena eta berrikuntza teknologikoa gidatzen duten politikak, estrategiak eta erabakiak eratzeko ezagutza gakoak eskuratzeko.

Seinalea
Zantzu emergentea da, maiz ohiko jardunbideei aurre egiten dieten tokiko berrikuntza edo aldaketa txikien bidez adierazten dena.
Hasieran hauteman edo interpretatzeko zailak izan daitezke, baina etorkizun potentzialki garrantzitsuei (hala nola Beltxarga Beltzak, erronkak eta aukerak) buruzko aurretiazko informazioa edo “pistak” eman ahal dituzte; seinale ahul gisa dira ezagunak. Hala ere, indartu daitezke eta joerak agertuko edo aldatuko direla adierazi; eta, beste batzuetan, desagertu egiten dira.

Wild card-a
“Wild card” bat egoera bat nabarmen eten edo horretan eragin nabarmena izateko potentziala duen eta aurreikusita ez dagoen edo zalantzazkoa den faktorea da. Beltxarga Beltza ez bezala, wild card-ak probabilitate oso txikiko gorabehera edo garapenak dira, analisi sistematiko baten irudika edo identifika daitezkeenak, eta sistemen, erakundeen edo gizartearen gainean eragin nabarmenak dituztenak.

Zaintza
Zaintza informazioa modu sistematikoan bildu, aztertu, eraldatu, aintzatetsi eta zabaltzeko prozesua da. Zaintzaren ikuspegiaren arabera, honako hauez ari gara, esate baterako:
- Zaintza teknologikoa, teknologian oinarritua, edo…
- Zaintza lehiakorra, egungo lehiakideetan eta lehiakide potentzialetan eta horien proiektuetan oinarritua, edo…
- Zaintza komertziala, merkatu, bezero eta hornitzaileei buruzko informazioan oinarrituta, edo…
- Inguruaren zaintza, erakunde batetik kanpoko inguruari buruzko informazioa etengabe bildu, aztertu eta interpretatzea. Horizon Scanning-ak ez bezala, horrek eragileen multzo zabalagoa hartu ohi du, PESTELE esparruen antzera, eta epe labur eta ertaineko etorkizuna du ardatz.
Prospektiba Taldeak egin du glosario hori, eta prospektiba arloan Euskadik aurrera egin dezan laguntzea du helburu, euskal erakundeen etorkizunari begiratzeko interesari eta jarduerari erantzungo dien eta inspiratuko duen eskaintza bat eraikiz. Honako erakunde hauek osatzen dute talde hori:
