FIRST LEGO League Euskadi, 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen asmamena eta gaitasun zientifiko-teknologikoak desafiatzen dituen lehiaketak, eraikuntza-blokeen joko ospetsuko piezekin robotak sortuz, hamaseigarren edizioko finalerako motorrak berotzen ditu. Hilaren 22an, UPV/EHUren Arabako campusetan, Deustuko Unibertsitateko Bilboko eta Donostiako campusetan eta Mondragon Unibertsitateko Arrasateko campusean, aldi berean, lehiaketaren azken fasea egingo da. Fase horretan, txapelketaren euskal edizioan parte hartu duten 170 taldeetatik onenak izendatuko dira, aurten itsaspeko esplorazioari eskainita.

Hilabete geroago, martxoaren 29an, talde irabazleek beste autonomia erkidego batzuetako irabazleekin neurtuko dituzte indarrak Espainiako finalean, eta horrek, aldi berean, nazioarteko lehiaketari emango dio bide. Aurten, Houstonen jokatuko da, apirilean.

Familian edo boluntario gisa, FLL League Euskadiz gozatzeko bi modu

Egoitza guztietarako sarrera zabalik dago, eta, beraz, finala aukera ona da familian jarduera bat egiteko, etxeko txikienek berrikuntzarekiko eta teknologiarekiko duten interesa piztuko duena.

Gainera, oraindik posible da boluntario gisa parte hartzea eta parte hartzen duten taldeen emozioa eta ilusioa barrutik bizitzea. Boluntario gisa parte hartzeko izen-emateak zabalik jarraitzen du eta hemen formalizatu daiteke.

FLL Euskadi-Mondragonek boluntariotzarako hainbat rol eskaintzen ditu: arbitraje profila, roboten jokoa kontrolatuko duena, epaimahaikidea, taldeen lana balioesteaz eta sarituak erabakitzeaz arduratuko dena, floaterra, taldeak hitzorduetara garaiz iristea eta jardunaldian zehar ondo pasatzea bermatzen duen laguntza, rol zientifikoa, FLL junior taldeen lana balioestera eta haien lorpenak zoriontzera bideratua, timekeeper & scorekeeper -ak, mahai jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatzen dutenak, eta, azkenik, arloko arduradunak, horien zeregina lehiaketa espazioak kontrolatzea baita, taldeek prozesu osoa goza dezaten bermatzeko.

FIRST LEGO League Euskadi Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen du, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta EHUrekin batera, eta STEAM Hezkuntzako erreferentziazko programa da dagoeneko, Estatuan duen aurretiko prestakuntza-programa bakarrari esker eta ikasturtean zehar talde parte-hartzaileen bisitak hartzen dituzten enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate eta erakundeen lankidetzari esker.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago