Ikasleei STEM (zientzia, teknologia eta ingeniaritza) lanbideak erakusteko asmoz, Bizkaian “Galaxia” proiektua sortu zen. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu du ekimena, talentua garatzeko, fidelizatzeko eta erakartzeko martxan duen Bizkaia with the Talent estrategiaren esparruan. Ikastetxeek, unibertsitateek eta sektoreko enpresa eta profesionalek esku hartuko dute proiektuan, helburu bikoitz batekin: gazteak STEM formakuntza esploratzera bultzatzea eta etengabeko bilakaeran dagoen lurralde industrial batek eskatzen duen talentuaren beharrizana asebetetzea.
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia izango da proiektuaren liderra, beste eragile hauek lankide direla: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Hetel eta Ikaslan Lanbide Heziketako zentroen sareko ordezkariak, eta Berritzeguneak, hezkuntza-zentroen aholkularitza-sarea. Helburu behinena STEM lanbideei buruzko orientabide profesionala hobetzea da: ikasleei eta orientatzaileei lehen eskutik ikusaraztea eta azaltzea formakuntza zientifiko-teknologikoak zer aniztasun eta aukera eskaintzen dituen.
Horretarako, eragile horiek programa bat diseinatu dute hainbat elementu eta jarduerarekin, eta hiru ikastetxerekin eta enpresekin kontrastatu dute: Velatia, Ingeteam, Arteche, CIE Automotive eta Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioa.
Hala nabarmendu du Alaitz Landaluzek, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak: “‘Galaxia’ proiektua orientaziorako ekimen soil bat baino gehiago da: Bizkaiko eta Euskadi osoko etorkizun industrial eta teknologikoaren aldeko apustua da”.
2024-2025 ikasturterako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin aurreikusitako jardueren zati batek STEM profesionalen laguntza beharko du. Parte hartu nahi dutenek honako helbide honetara idatz dezakete: [email protected]