• Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako DBH4ko ikasleek Vicinay Sestao lantegia bisitatu dute, itsasoko petrolio-plataformetan edo plataforma eolikoetan erabiltzen diren kate-mailak nola egiten eta ekoizten diren bertatik bertara ikusteko
  • FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programako bisitaldietako bat izan da Vicinaykoa. Gazteen artean bokazio zientiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzea da programa horren xedea
  • FLL Euskadiren aurtengo ekitaldiko erronkaren bidez, programan parte hartzen duten ikasleek ozeanoak esploratuko dituzte, itsas ingurunearekin lotura duten arazoei konponbidea emateko
  • Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, da FLL Euskadi programaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean

Asteartea, 2024ko azaroaren 26a. Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako hogeita hamar bat ikasle Vicinay Marineenpresaren Sestaoko plantan izan dira gaur bisitan, kateak nola egiten diren ikusten. STEAM Hezkuntzari loturiko FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programaren 16. ekitaldian parte hartzen duen ikastetxeetako bat da Santurtzikoa. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzea da programa horren helburua, planteatzen diren erronkei erantzunez.

Nazioarteko FIRST Lego League programan txertatzen da Euskadikoa. Urtero, 90 herrialdetako 250.000 gazte inguruk hartzen du parte programa horretan, aldiro erronka berri eta zirraragarri bati aurre eginez. SUBMERGED deritzo aurtengo ekitaldiko erronkari, eta ozeanoak esploratzea eta itsasoek gaur egun dituzten arazoei konponbidea ematea da izango da xedea. Talde bakoitzak LEGOko robot bat eraiki eta programatu beharko du, eta berrikuntza-proiektu bat egin, proposatutako erronkarekin loturiko arazo erreal bati konponbidea emateko. Euskadin, ekimenari loturiko formakuntza-programa osagarri bat antolatzen du Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta, horren bidez, ikasleek aukera dute ikasturteko gai jakin horri buruz ikertzeko. Estatuan ez dago Euskadikoaren pareko ekimenik.

Vicinay Marine lantegiko bisitan, ikasleek hainbat gauza ikasi dituzte: esaterako, itsasoko ainguratze lerroek beren bizitza erabilgarrian izaten duten arazo ohikoenari, degradazioari, nola aurre egiten dioten soluzio robotiko eta teknologikoen bitartez. Era berean, ainguratze lerroak zer diren eta nola funtzionatzen duten ikasi dute, planta ezagutu dute, maketen bidez kate-mailak fabrikatzeko prozesua nolakoa den ikasi dute eta jada bukatutako kateak ere ikusi dituzte.

Itsasoko ainguratze-lerroetarako lotailuak eta kateak fabrikatzen eta diseinatzen lan egiten duten adituek eta berrikuntzako profesionalek gidatu dute bisitaldia. Haien eskutik, ikasleek aukera izan dute itsasoko ainguratze-lerroen degradazioari konponbidea emateko beharrezkoa den jakintza teknologikoa eskuratzeko. Horretarako, adituek erronka hauxe jarri diete ikasleei: normalean itsasoko petrolio-plataformetara eta plataforma eolikoetara bideratzen diren ainguratze-lerroak monitorizatzeko eta haien mantentze-lanak egiteko soluzio robotikoak garatzea.

Hurrengo asteetan, Sener, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics zentroa, Donostiako Aquariuma eta Plentziako Itsas Estazioa bisitatuko dituzte ikasleek. Horiek dira aurtengo ekitaldiko formakuntza-egitaraua osatzen duten bisitaldiak. Bisitak grabatu egingo dira eta ondoren Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Youtubeko kanalean argitaratuko dira.

FLL Euskadiren 16. ekitaldia

FIRST LEGO League Euskadi (FLL Euskadi) STEAMHezkuntzako programa bat da,Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bultzatua, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea da FLL Euskadiren helburua. Talde partaideek urteko erronkarekin lotura duen arazo erreal bati eman behar diote konponbidea, eta horretarako, berrikuntza-proiektu bat landu behar dute. Aurten, arestian esan bezala, ozeanoen esplorazioa da erronka.

FLL Euskadi programa ixteko, amaieran lehia bat izaten da hainbat egoitzatan aldi berean; otsailaren 22an izango da final hori, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, aldi berean. Irabazleek Espainiako finalerako lortuko dute txartela, eta hor, FIRST LEGO League ekimenak mundu osoan egiten dituen nazioarteko torneoetara joateko aukera lor dezakete.

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera bultzatzen duen STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategian txertaturik dago ekimen hau.

FIRST LEGO League Euskadi | Innobasque

Más información:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau