• JM Bilbao Ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleak EHUren Plentziako Itsas Estazioan izan dira gaur bisitan, animaliak hondartzea zer den, hondartze horiek zergatik gertatzen diren eta zentroan zer ikerketa egiten ari diren jakiteko
  • FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programako bisitaldietako bat izan da Itsas Estaziokoa. Gazteen artean bokazio zientiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzea da programa horren xedea
  • FLL Euskadiren aurtengo ekitaldiko erronkaren bidez, programan parte hartzen duten ikasleek ozeanoak esploratuko dituzte, itsas ingurunearekin lotura duten arazoei konponbidea emateko
  • Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia da FLL Euskadi programaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean

Plentzian, 2024ko abenduaren 17a. JM Bilbao Ikastetxeko hogeita hamar bat ikasle Plentziako Itsas Estazioan, Biologia eta Bioteknologia esperimentalaren arloko EHUren ikerketa zentroan, izan dira gaur bisitan. STEAM Hezkuntzari loturiko FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programaren 16. ekitaldian parte hartzen duten ikastetxeetako bat da JM Bilbao. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzea da programa horren helburua. Horretarako, planteatzen diren erronkei erantzun behar diete ikasleek.

Nazioarteko FIRST Lego League programan txertatzen da Euskadikoa. Urtero, 110 herrialdetako 679.000 gazte inguruk hartzen du parte programa horretan, aldiro erronka berri eta zirraragarri bati aurre eginez. SUBMERGED deritzo aurtengo ekitaldiko erronkari, eta ozeanoak esploratzea eta itsasoek gaur egun dituzten arazoei konponbidea ematea da xedea. Talde bakoitzak LEGOko robot bat eraiki eta programatu beharko du, eta berrikuntza-proiektu bat egin, proposatutako erronkarekin lotura duen arazo erreal bati konponbidea emateko. Euskadin, ekimenari loturiko formakuntza-programa osagarri bat antolatzen du Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta, horren bidez, ikasleek aukera dute ikasturteko gai jakin horri buruz ikertzeko. Estatuan ez dago Euskadikoaren pareko ekimenik.

Plentziako Itsas Estaziora egindako bisitan, ikasleek EHUko ikertzaileen eskutik jaso dituzte azalpenak, eta aukera izan dute ikasteko zer den animaliak hondartzea, zer arrazoirengatik iristen diren itsas ugaztunak eta dortokak euskal kostaldera, eta zer protokolo ezartzen diren haiek ikertzeko eta babesteko. Gainera, hondartze baten simulakroan parte hartu dute, eta parasitoak aztertu dituzte luparekin eta mikroskopioarekin; amaitzeko, berriz, zentroak egin dituen azken ikerketen berri jakin dute.

2022ko udatik, Plentziako Itsas Estazioak kostaldean hondartuta geratu diren 81 ugaztunen kasuak aztertu ditu. Animalia horietatik 27k beharrezko baldintzak betetzen zituzten zentroan bertan nekropsia egiteko. Horri esker, animaliak zergatik hil ziren jakin ahal izan zuten zentroko ikertzaileek, eta bizi ziren artean animalia horien osasunari buruzko informazioa eskuratu zuten. Denbora honetan, SAREUS izeneko sare profesionalizatu bat sendotu du zentroak, hondartze horiek aztertzeko. SOS Deiak-en eta Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa izan du horretarako. PIEko ikertzaile eta profesionalek hainbat erakunderen laguntza dute proiektua aurrera eramateko: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitatea Fundazioarena –Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan– eta Eusko Jaurlaritzarena.

Azken asteotan, ikasleek Azti, Vicinay Marine, Sener, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics eta Donostiako Aquariuma bisitatu dituzte. Gaur EHUren Plentziako Itsas Estaziora eginiko bisitarekin batera, horiek izan dira aurtengo FLL Euskadi prestakuntza-programa osatu duten irteerak. Bisitaldien grabazioak Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Youtubeko kanalean argitaratuko dira.

FLL Euskadiren 16. ekitaldia

FIRST LEGO League Euskadi (FLL Euskadi) STEAM Hezkuntzako programa bat da. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia da ekimenaren bultzatzaile nagusia, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea da FLL Euskadiren helburua. Talde partaideek urteko erronkarekin lotura duen arazo erreal bati eman behar diote konponbidea, eta horretarako, berrikuntza-proiektu bat landu behar dute. Aurten, arestian esan bezala, ozeanoen esplorazioa da erronka.

FLL Euskadi programa ixteko, amaieran lehia bat izaten da hainbat egoitzatan aldi berean; otsailaren 22 izango da final hori, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. Irabazleek Espainiako finalerako lortuko dute txartela, eta hor, FIRST LEGO League ekimenak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko torneoetara joateko aukera lor dezakete.

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera bultzatzen duen STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategian txertaturik dago ekimen hau.

FIRST LEGO League Euskadi | Innobasque

Informazio gehiago

Olalla Alonso

T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia

Tel. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau