• Proiektuaren helburua STEM lanbideei buruzko informazioa hobetzea da, ikasleei eta orientatzaileei haien aniztasuna eta etorkizuneko aukerak ezagutzen lagunduz.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du ekimena, talentua garatzeko, erakartzeko eta hari eusteko martxan jarri duen Bizkaia with the talent estrategiaren esparruan. Estrategia horren urteko hirugarren topaketan aurkeztu da proiektua, eta, orotara, STEM esparruko 19 ekimen eman dira ezagutzera
  • Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia da ‘Galaxia’ proiektuaren gidaria, beste eragile hauek lankide direla: Deustoko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea, Hetel eta Ikaslan Euskadiko Lanbide Heziketako zentroen elkartea, Berritzeguneak hezkuntza-zentroetako aholkularitza-sarea eta zientziaren eta teknologiaren esparruetako enpresak
  • 2024-2025 ikasturterako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin aurreikusitako jardueren zati batek STEM profesionalen laguntza beharko du. Parte hartu nahi dutenek honako helbide honetara idatz dezakete: [email protected]

Innobasque, 2024ko abenduaren 18a. Ikasleei STEM (zientzia, teknologia eta ingeniaritza) lanbideak erakusteko asmoz, Bizkaian “Galaxia” proiektua sortu zen. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu du ekimena, talentua garatzeko, fidelizatzeko eta erakartzeko martxan duen Bizkaia with the Talent estrategiaren esparruan. Ikastetxeek, unibertsitateek eta sektoreko enpresa eta profesionalek esku hartuko dute proiektuan, helburu bikoitz batekin: gazteak STEM formakuntza esploratzera bultzatzea eta etengabeko bilakaeran dagoen lurralde industrial batek eskatzen duen talentuaren beharrizana asebetetzea.

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia izango da proiektuaren liderra, beste eragile hauek lankide direla: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Hetel eta Ikaslan Lanbide Heziketako zentroen sareko ordezkariak, eta Berritzeguneak, hezkuntza-zentroen aholkularitza-sarea. Helburu behinena STEM lanbideei buruzko orientabide profesionala hobetzea da: ikasleei eta orientatzaileei lehen eskutik ikusaraztea eta azaltzea formakuntza zientifiko-teknologikoak zer aniztasun eta aukera eskaintzen dituen. 

Horretarako, eragile horiek programa bat diseinatu dute hainbat elementu eta jarduerarekin, eta hiru ikastetxerekin eta enpresekin kontrastatu dute: Velatia, Ingeteam, Arteche, CIE Automotive eta Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioa.

Hala nabarmendu du Alaitz Landaluzek, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusiak: “‘Galaxia’ proiektua orientaziorako ekimen soil bat baino gehiago da: Bizkaiko eta Euskadi osoko etorkizun industrial eta teknologikoaren aldeko apustua da”.

Gaur egungo erronka: ezkutuko bokazioak piztea

Proiektua asteartean, hilak 17, aurkeztu da, Bizkaia with the talent estrategiaren urteko hirugarren bileran, eta guztira STEM arloko 19 ekimen eman dira ezagutzera. Ekitaldian agerian geratu da industriari eta teknologiari lotutako lanbideak ikusarazteko beharra; izan ere, sarritan, ikasleek ez dituzte behar adina ezagutzen edo aintzat hartzen beren etorkizun profesionala irudikatzerakoan.

 “Ikasleek STEM lanbideekin hartu-eman zuzena eta etengabea izatea nahi dugu, zirimiri baten tankerakoa, nabarmenagoak diren beste karrera batzuen pareko baldintzetan ezagutu ahal izan ditzaten”, adierazi du Alaitz Landaluzek, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako koordinatzaile nagusiak.

 ‘Galaxia’ proiektuak, planeta, kontinente eta herrialdeen iruditeria horren bidez, gabezia hori zuzendu nahi du, eta lanbide aukera zabal horretarako bidea erakutsi nahi die ikasleei, beren helburuak lortzen laguntzeko.

Proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dute, orobat, orientatzaileek ez dutela informazio espezializaturik, eta horrek ere zaildu egiten duela orientazio-prozesu hori. Hain zuzen, hutsune eta erronka horri ere konponbidea eman nahi dio ‘Galaxia’ ekimenak.

2023-2024 ikasturtean egindako proiektuaren kontzeptualizazio eta lantze fasean, proiektuari forma ematen dioten elementuak diseinatu dira: inplikatutako eragileen parte-hartze prozesua, autodiagnostikorako hiru tresna, ikastetxeetan garatu beharreko zortzi jarduera, STEM lanbideetan nabigatzeko tresnak eta orientatzaileen eta irakasleen prestakuntza. Gaur egun, proiektua bigarren fasean dago, eta 20 ikastetxek abian jarriko dute modu pilotuan diseinatutako programa.

2024-2025 ikasturterako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin aurreikusitako jardueren zati batek STEM profesionalen laguntza beharko du. Parte hartu nahi dutenek honako helbide honetara idatz dezakete: [email protected]

Ebaluaziorako eta hobekuntzarako metodo bat ere ezarri da, datorren ikasturtean (25-26) programa gainerako ikastetxeetara zabaltzeko, eta 2027. urtearen amaieran sare osoa sisteman sartzeko.

Informazio gehiago

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Ana Larizgoitia / T. 656 788 328 / [email protected]

Partekatu albiste hau