Azaroaren 22an, ostiralez, Durangaldeko enpresa txiki eta ertainei bideratutako jardunaldi bat izango da, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Durangaldea Enpresa Ekimena plataformak antolatuta.
Topaketaren xedea da ETE-ei erakustea zein garrantzitsua den enpresaren arlo guztietan berrikuntza txertatzea, edozein dela ere haien jarduera-sektorea. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Beaz-ek bultzatutako ‘Bizkaia Orekan Sakonduz’ ekimenaren testuinguruan egingo da jardunaldia, 8:30ak eta 11:00ak bitartean, Azterlan Metalurgia Ikerketa Zentroan a (Aliendalde Etxetaldea 6, Durango). Lurraldearen lehiakortasuna sustatzean da plan horren helburua.
Xabier González, Azterlaneko zuzendari nagusia, eta Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko lurralde lehiakortasunerako eta kanpo sustapenerako zuzendari nagusia, arduratuko dira bertaratuei ongietorria egiteaz. Horren ondoren, mahai-inguru bat izango da, ETE-ek berrikuntza txertatzeko edo eguneroko jardunean berrikuntzari garrantzi handiagoa emateko eskura dituzten soluzioen berri emateko. Hauek ariko dira hizlari: Aitor Kortazar, Durangaldea Enpresa Ekimena plataformako koordinatzailea; Olatz Goitia, Beaz-eko zuzendari nagusia, eta Gotzon Bernaola, Innobasqueko Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia.
Jardunaldiaren bigarren blokean, hainbat kasu praktiko aurkeztuko dira, eta inguruneko hiru enpresa izango dira partaide. Honako hauek: Pintuberri (Berriz), pintura hautsaren aplikazio industrialean jarduten duen enpresa; Grip-On Tools (Berriz), estutzeko erremintak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatutako enpresa; eta Asca Tailerrak (Abadiño), galdaketako tresna eta ereduen fabrikatzailea. Daniel Irazola Durangoko Maristak Ikastetxeko zuzendari nagusia izango da debatearen moderatzailea. Kasuen aurkezpen horietan, enpresa bakoitzeko ordezkariek azalduko dute nola lortu duten, berrikuntza kudeatzeko sistemen eta erreminta berritzaileen bitartez hainbat erronka gainditzea produkzio prozesuaren hainbat fasetan.
Hitzordua amaitzeko, nahi dutenek aukera izango dute Azterlan Metalurgia Ikerketa Zentroaren instalazioak bisitatzeko eta kafe bat hartzeko, hori guztia 10:00etatik aurrera.