- Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, urtero antolatzen duen topaketa nagusia izan da gaur Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondigan, eta bertan bildu dira berrikuntzako euskal ekosistemako eragileak, ikasleak eta gizarteko eta enpresa munduko hainbat esparrutako kideak eta ordezkariak
- Adimen artifizialean eta adimen artifizial sortzailean adituak diren hainbat pertsona elkartu dira berrikuntzaren Euskadiko hitzordu nagusian, eta euskal enpresek martxan jarritako 6 kasu praktiko aurkeztu dira, teknologia disruptibo honek Euskadin egin dituen aurrerapauso garrantzitsuen erakusle
- Nicola Molinaro eta Román Orús Ikerbasqueko ikerkuntzako irakasleen artean izan da aurten “Global Innovation Day-ko solasaldia”, eta bi adituen hizketaldian agerian geratu da zer garrantzi duten lengoaia-ereduek eta diziplinen artean lankidetzarako zenbat bide zabaldu dituen adimen artifizialak
- Jardunaldia 15:30an hasi da, atarian, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikasleren eta AAn oinarritutako hogei bat proiektu berritzaileren ordezkarien topaketarekin
- Auditoriumeko ekitaldi nagusia Mikel Jauregik, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak, eta Manuel Salaverriak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, zabaldu dute; itxi, berriz, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, eta Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, itxi dute topaketa
- Esteka honen bidez, jardunaldiak utzitako irudiak ikus daitezke: https://flic.kr/s/aHBqjBQ5Nt
INNOBASQUE, 2024ko azaroaren 4a. Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia egin da gaur Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondigan, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta. Euskadiko abangoardiako berrikuntza zabaltzeko erreferentziazko topaketa gisa sendotu da jada jardunaldi hau. Hain zuzen, hitzordu nagusi honekin abiatu da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIV. Astea.
Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroa (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa (BCAM) lankide izan dira aurten Global Innovation Dayren antolaketan. 13. ekitaldi honetan, arreta-gune nagusia adimen artifiziala izan da, bereziki adimen artifizial sortzailea, Euskadiko sektore eta tamaina guztietako enpresetan eragin handiko garapenak bultzatu dituen teknologia disruptiboa.
Berrikuntzaren euskal ekosistemako eragile ugari eta enpresa munduko, gizarteko eta administrazio publikoetako ordezkari asko bildu dira ekitaldian. Era berean, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako 125 ikaslek ere hartu dute parte jardunaldian, eta aukera izan dute AAn oinarritutako 20 kasu berritzaile bertatik bertara esploratzeko. Ikasleen eta AAn oinarritutako kasu praktikoen arteko topaketa berritzaile hau Azkuna Zentroaren atarian izan da, 15:30 eta 17:30 artean; hain zuzen, aurtengo edizioa abian jarri duen ekitaldia izan da topaketa hori.
Ekitaldi nagusia, hitzaldi, solasaldi eta kasu praktikoen aurkezpenez osatua, 18:00etan hasi da, Azkuna Zentroko auditoriumean. Ongietorriko hitzak Manuel Salaverriak, Innobasqueko presidenteak, eta Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak, egin dituzte. AAri buruz, topaketaren ardatzari buruz, hauxe nabarmendu du Salaverriak: “teknologia hori zehar-lerro bat da hainbat esparrutan, eta gizateriaren bilakaera modu sakonean aldatzera irits daiteke”. Adimen Artifiziala “berrikuntza prozesu askoren azeleratzailea” izan daitekeela ere azpimarratu du Salaverriak, sortzen dituen auzi etikoak eta arautzeko premia alde batera utzi gabe. Euskadiko berrikuntzaren egoerari dagokionez, Innobasqueko presidenteak baieztatu du “hazten” jarraitzen duela, eta, horren adierazle, I+G+b arloko inbertsioa 2003an 2005M €-koa izango dela aurreikusi du, 2022an baino %11,7 handiagoa. Hala ere, ohartarazpen hau egin du: “Oraindik bide asko geratzen da Euskadi nahi dugun lekuan egoteko, Europan berrikuntzaren arloan eskualde liderra izateko”.
Mikel Jauregi sailburuak, azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat berrikuntza “faktore giltzarria da etorkizuneko erronkei aurre egiteko”. Alde horretatik, bi erronka nagusi aipatu ditu: “Trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala”. Sailburuak oroitu du euskal enpresa sarea, ia osotasunean (%98), enpresa txiki eta ertainez osaturik dagoela, eta, alde horretatik, ezinbestekotzat jo du berrikuntza ETT horietara guztietara iristea. Horretarako, “erantzun bakarra inbertsioa da”.
AAren zehar-lerroa 6 kasu praktikotan
Global Innovation Day-ren 13. ekitaldian hautatutako 6 kasu praktikoen aurkezpenean agerian geratu da adimen artifizialak gero eta garrantzi gehiago duela, Euskadiko enpresa- eta gizarte-ehunaren motor eraldatzaile gero eta nabarmenagoa dela, eta gaitasun handia duela izaera eta tamaina oso desberdineko enpresen garapen berritzailea bultzatzeko.
Kasu praktikoen hautaketa horretan, Innobasquek Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroaren (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroaren (BCAM) laguntza eta bermea izan du. Bi-biak dira Innobasqueko erakunde bazkideak eta Global Innovation Day topaketa honen antolaketan laguntzaileak.
Amorebieta-Etxanoko Ariadna Grid ETE familiarra izan da hautatuetako bat, banaketa elektrikorako soluzioen garapenean espezializatutako enpresa. Haritz Zubiak, enpresaren sortzaileetako batek eta CEOak, azaldu du sistema bat sortu dutela manipulatutako kontagailuak detektatzeko. Horri esker, banatzaileek galera energetikoak murriztea eta fakturazioa zehaztasun handiagoz egin ahal izatea lortu dute.
Mari Mar Escrig-ek, EROSKI Taldeko Online Negozioko zuzendariak, online supermerkaturako garatu duten laguntzaile birtuala aurkeztu du, AA sortzailean oinarritua. Horren bidez, Elorrion egoitza duen elikagaien banaketa-taldeak bezeroarekiko arreta-zerbitzua hobetzea lortu du, batez ere gaueko ordutegian, telefono bidezko arreta eskura ez dagoenean.
Bi ospitaleren kasu praktikoak ere izan dira, eta bi adibide horien bidez argi geratu da AAk osasun arloa garatzen laguntzen duela, biomedikuntzan eta beste zenbait esparrutan izan ditzakeen erabileretatik harago. Lehena, Aita Menni Ospitalearen proiektua izan da. Buruko osasunean espezializatutako erietxe honetako zuzendari gerenteak, Mikel Tellaechek, adimen artifizialean oinarritutako bideozaintza-sistema eman du ezagutzera, eta jakinarazi du horren bidez pazienteen arreta hobetzea lortu dutela, zaintza prozesu proaktibo bihurtuta.
Bilboko Santa Marina Ospitaleak (Osakidetza), berriz, Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuarekin elkarlanean, adimen artifizialeko “Neuroflash” tresna ezarri du, baimen informatuko agiriak berridazteko eta irakurgarriago egiteko. Horrela adierazi du Sendoa Ballesterosek, Ospitaleko Erizaintza zuzendariaren ondokoak.
Eibarko Tekniker zentro teknologikoak adimen artifizialean oinarritutako bideo-analitika sistema bat ezarri du, eta horren bidez laneko segurtasuna hobetzea lortu du. Sistema horrek denbora berean monitorizatzen du lan-ingurunea, eta sor daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen ditu. Horrela jakinarazi du Aitor Gutierrezek, Sistema Autonomo Adimendunen unitateko ikertzaileak.
Eszenatokira igo den azken kasua TREBE Language Technologies startup donostiarrarena izan da, hori ere jatorriz adimen artifizialaren bidez garatua. Enpresaren CEOak eta sortzaileak, Xabier García de Kortazarrek, azaldu du haiena dela euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak denbora berean itzultzeko eta transkribatzeko aukera ematen duen lehen plataforma.
“Global Innovation Dayko Solasaldiak” eta “Adituen gunea” sekzioak AAren ahalmenean sakondu dute
Eguneko ekitaldi nagusietako bat adituen hitzaldiak eta “Global Innovation Dayko Solasaldia” izan dira. Bi pertsona adimentsuren arteko elkarrizketa hori erreferentziazko gune bihurtu da dagoeneko topaketa honetan.
Aurtengo ekitaldian, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Ikerbasqueko ikerkuntzako bi irakasle gonbidatu ditu: Nicola Molinaro eta Román Orús. ‘Lengoaiaren ahalmena’ izan da bi adituen eztabaidagaia.
Molinaro, Zientzia Kognitiboetan doktorea eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Brain Rhythms and Cognition ikerkuntza taldeko burua, eta Orús, Fisika Kuantikoan doktorea eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko irakaslea, gai hauek hizpide hartuta aritu dira eztabaidan: adimen biologikoaren eta artifizialaren arteko antzekotasunak eta aldeak, teknologia kuantikoak AAren lengoaia-ereduetan duen inpaktua, neurozientziak eta adar teknologiko horrek elkarri egiten dizkioten ekarpenak…
Horrez gain, Global Innovation Day jardunaldian, ‘Adituen gune’ bat ere egon da, eta hor aritu dira Iñaki Suarez, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) erakundeko teknologia zuzendaria, eta Jose Antonio Lozano, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendari zientifikoa eta EHUko irakaslea.
Suarezek adimen artifizialak duen ahalmena nabarmendu du; bere esanetan, “hurrengo industria-iraultzaren motorra da, eta aukera mugagabez betetako etorkizunari ateak zabaltzen dizkion giltzarria”. Euskadiko egoerari buruz, BAICeko teknologia-zuzendariak adierazi du “bide egokian” goazela, enpresen %12,2k dagoeneko txertatzen dutela AA beren operazioetan, 400 kasutan erabiltzen dutela teknologia hori eta 7.400 profesionalek dihardutela esparru horretan.
Ildo berean, BAICeko teknologia zuzendariak, Jose Antonio Lozanok, hauxe gehitu du bere esku-hartzean: “Euskadin, nahiz eta ezin dugun zuzenean lehiatu Google edo Microsoft bezalako erraldoiekin, ekarpen esanguratsuak egiten ari gara beste zenbait arlotan; esaterako, bidezko ikaskuntzan (fairlearning). Horren helburua da algoritmoetan okerrak saihestea, eta denborarekin eboluzionatzen doazen ingurune aldakorretan ikasketa bideratzea”.
Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak itxi dute jardunaldia. Leire Bilbaok giza faktorearen aldeko mezua helarazi du, gizakiak teknologiaren gainetik egon behar duela nabarmendu du, eta teknologiak laguntzeko funtzioa izan behar duela. “Adimen artifizialaren xedea da giza gaitasunak indartzea; kopilotu bat da, giza jakintzaz elikatzen dena giza talentua zabaltzeko”, adierazi du. Innobasqueko zuzendari nagusiaren iritziz, teknologia horrek zabaltzen dituen lankidetza-esparruei esker, “AAren aukerak mugagabeak dira, baina teknologia bera, ez, ez da mugagabea”.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, itxi du Global Innovation Day jardunaldiaren 13. edizioa azpimarratzen Eusko Jaurlaritzarentzat berrikuntza “zeharkako estrategia” dela, eta Eusko Jaurlaritzak “lankidetzatik” jorratuko duela. Horretarako, sailburuak arlo, sail eta ikerketa-zentroen arteko baterako lan-ildoak iragarri ditu, “berrikuntza disruptiboak lortzeko” ezagutzak modu koordinatuan uztartzen dituzten proiektuak abiarazteko.
Informazio gehiago
Olalla Alonso Velarde
T. 652 728 014 / [email protected]
Ana Larizgoitia
T. 656 788 328 / [email protected]