• Profesionalekin topaketa azkarrak egingo dituzte ikasleek, zientziari eta teknologiari (STEM) loturiko lanbideen aniztasuna ezagutzeko. Industria eta teknologia arloko enpresetan, eta unibertsitate- eta zientzia-erakundeetan izango dira topaketa horiek
  • Urriaren 16tik 30ra bederatzi jardunaldi egingo dira Euskadiko hiru lurraldeetan; 32 ikastetxe eta STEM hezkuntzako 225 profesional ariko dira horietan
  • Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan egingo dira jardunaldiak. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira ekimenaren bultzatzaileak. Laguntzaileak, berriz, beste hauek: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea,  Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU,  Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar

2024/10/11 Urrian zehar, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 1.300 ikaslek aukera izango dute, STEAM Sare programaren bidez, Euskadiko industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egiteko eta zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan-aukera dauden jakiteko. Euskal gazteen artean matematika, zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko eta arlo horietako irakaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute STEAM Sare hori.

Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren testuinguruan egingo dira orientabide profesionaleko jardunaldi hauek. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira topaketa hauen bultzatzaileak. Laguntzaileak, berriz, beste hauek: Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustoko Unibertsitatea,  Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU,  Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar. Hauek dira ekimenaren helburuak: DBHko 4. mailako ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea, STEM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu-eman zuzen horien bidez, eta STEM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean.

Programan bederatzi jardunaldi egingo dira Euskadiko hiru lurraldeetan, eta 32 ikastetxe eta STEM Hezkuntzako (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko siglatan) 225 profesional ariko dira horietan. Topaketak hitzordu azkarren bidez gauzatuko dira, ikasleek aukera izan dezaten lanbide desberdinetako 5 profesionalekin hitz egiteko. Partaide diren hezkuntza-eragileen egoitzetan izango dira hitzorduak, bai unibertsitateetan eta bai lanbide heziketako zentroetan.

Topaketak urriaren 16tik 30era egingo dira. Lurraldeka, hauxe da egutegia: Bizkaian, urriaren 16an AS Fabrik Bilbao zentroan izango da jardunaldia, Mondragon Unibertsitatearen egoitzan; hilaren 21ean, EHUren Leioako Campusean eta Deustoko Unibertsitatean, Bilbon; hilaren 23an, Barakaldoko Nicolas Larburu LHZI zentroan; 25ean, Santurtziko Calasanz zentroan, eta 30ean, Somorrostro Lanbide Heziketako Zentroan. Araban, EHUko Campusean izango dira jardunaldiak, urriaren 16an. Gipuzkoan, azkenik, hilaren 23an Deustoko Unibertsitatean (Donostia) eta Mondragon Unibertsitateko Galarretako campusean (Hernani) egingo dira,

Hitzordu azkarrak etorkizuneko lanbidearekin

Topaketa hauen dinamikaren oinarrian sppeddating­-eko ekitaldiak daude (bikotea ezagutzeko hitzordu azkarrak): hala ikasleen eta STEM profesionalen arteko topaketak hamabost minutuko bloketan egituratuko dira, eta gazteek aukera izango dute esparru bakoitzeko lanbideetan etorkizunean zer lan aukera egon daitezkeen jakiteko.

Bloke bakoitzean, bost ikasleko taldeek profesional batekin hitz egingo dute zer interes eta bultzada profesional eta pertsonal dituzten azaltzeko. Profesionalek, berriz, ikasketetan eta lanbidean egin duten ibilbidearen berri emango diete ikasleei, eta egunez egun beren enpresan zer erronkari aurre egin behar dioten azalduko dute. Ikasleek, galderak egiteko eta beren etorkizun profesionalari buruzko kezkak agertzeko aukera izango dute. Jardunaldian zehar, soslai desberdineko lauzpabost profesional ezagutzeko eta haiekin hitz egiteko aukera izango du ikasle bakoitzak. Ikasketetan eta lanbidean zer bide hartu aukeratzen lagunduko diete profesional horiek.

Enpresa eta hezkuntza hurbiltzea

Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoen (enpresa, unibertsitate, teknologia-zentro eta STEM profesionalak dituzten beste erakunde batzuk) sare bat da STEAM Sare.  Ikasturtean zehar, hainbat jarduera antolatzen ditu sare horrek: horren adibide dira lanbide-orientabiderako jardunaldiok. Xedea da ikasleak esparru zientifiko-teknologikoetan lan egiten duten profesionalekin hartu-emanean jartzea. Era horretara, Euskadin esparru zientifiko-teknologikoetan egunero lan egiten duten enpresa eta teknologia-zentroetan zer lanbide eta jarduera dauden eta horietan zer lan egiten den jakin dezakete ikasleek, besteak beste, enpresa eta organismo horietara eginiko bisiten bidez.

2024-2025 ikasturte honetan 207 ikastetxek eta 99 erakunde laguntzailek hartuko dute parte STEAM Sarean.  Beste askoren artean, hauek dira erakunde laguntzaile horietako batzuk: CIE Automotive, Sidenor, UPV/EHU, Cikautxo, Danobat Group, Orona, DIPC (Donostia International Physics Center), Iberdrola, Mercedes Benz eta Neiker.

Jardunaldien egutegia:

Urriak 16:

  • Bilbao, AS Fabrik. Mondragon Unibertsitatea.
  • Gasteiz, Arabako Campusa, EHU.

Urriak 21:

  • Leioa, Bizkaiko Campusa, UPV/EHU.
  • Deustuko Unibertsitatea, Bilbo.

Urriak 23:

  • Barakaldo, Nicolas Larburu LHZI, Ikaslan.
  • Deustuko Unibertsitatea, Donostia.
  • Hernani, Galarretako Campusa, Mondragon Unibertsitatea.

Urriak 25:

  • Santurtzi, Calazanz, AICE/IZEA.

Urriak 30:

  • Muskiz, Somorrostro LHZ, HETEL.

Jardunaldiaren egitaraua

9:15           Irekiera eta harrera ekitaldia, erakunde antolatzaileen eskutik

9:30           Topaketa azkarren hasiera

11:00         Kaferako etenaldia

11:30         Bisita erakunde antolatzaileen instalazioetara

12:30         Jardunaldiaren amaiera

Kontaktuak:

Olalla Alonso / T. 652 728 014 / [email protected]

Nagore García de Vicuña/ T. 630 986 610

Nora Garay / T. 677 719 568

Partekatu albiste hau